PROPOSAMENAK

Barandiaranen hariari jarraituz

Gau ibilaldi mitologikoa egingo dute gaur Ataunen, Mitoaldiaren barruan antolatuta. Bederatzigarren aldia izango du aurtengoa, eta egitarau zabala antolatu dute

Ataungo Gau ibilaldi mitologikoan, akerbeltz eta laminak, aurreko ekitaldi batean. JENTILBARATZA KULTUR ELKARTEA.
Iraia Irazusta Mujika.
Ataun
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Ataunen (Gipuzkoa) hainbat ekintza antolatu dituzte euskal mitologiak bizirik jarrai dezan. Horien artean, Jentilen Etorrera eta Gau ibilaldi mitologikoa dira ezagunenak.

Direnik ez da sinetsi behar, ez direnik ez da esan behar lelopean antolatu dute bederatzigarrenGau ibilaldi mitologikoa Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Barandiaran Museoak, Ataungo Udalaren laguntzarekin. Mitoaldiaren bosgarren aldia ekainaren 25etik uztailaren 9ra ospatu da, eta horren barruan antolaturiko Gau ibilaldi mitologikoa gaur egingo da, 20:00etan hasita, bi txandatan. Ibilaldi horretan, garai bateko istorioak eta ipuinak ikusi eta entzungo dira, eta sei antzezlan ikusteko aukera izango dute hara biltzen direnek. Gainera, euskal mitologiako pertsonaiak agertuko dira: laminak, jentilak eta sorginak, besteak beste. Aurten, gainera, herensugea ikusteko aukera izango da.

Arratsaldeko sei eta erdietan hasiko da Gau ibilaldi mitologikoa, Barandiaran museoa zabaltzearekin eta errota eta errotatxora egingo diren bisita gidatuekin batera. Ondoren, lehenengo taldeak hiru kilometro eta hiru ordu inguruko ibilaldiari ekingo dio, eta bigarrena 30 minutu geroago abiatuko da ibilbide bera egitera. Ibilaldia egun-argiz hasiko da, baina erdi aldera ilundu egingo du, eta gauez egingo da azken zatia. Barandiaran Museotik Sanmartingo plazara izango da, tartean Joxe Migel Barandiaran jaio eta bizi izandako lekuak bisitatuko dituzte, baita hark bildu zituen ipuin eta kondairak kokatuta dauden lekuak ere. «Harrigarria eta sorpresaz betea izango da aurtengoa», adierazi dute antolatzaileek.

Haur, gazte eta helduentzako izango da. Berrikuntza modura, Patxi Errementariaren ipuina antzeztuko da aurten.

Bi txandetan, 1.600 pertsonatik gora espero dira. Horretarako, 150 herritar inguru bildu dira antolakuntzan eta antzerkietan parte hartzeko.

Ibilbidea egiteko, sarrerak aurrez hartu behar ziren, eta dagoeneko agortuta daude.

Mitologia Ataungo «altxor»

Euskal mitologiaren transmisioa ez eteteko, Joxe Migel Barandiaranek ahoz aho zabaltzen zen tradizioa paperean bildu zuen, Ataungo herriari «altxor» handi bat utziz. Lan horri esker, herriko hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dituzte urtero. Lanaren hariaren jarraipenerako antolatzen da Mitoaldia egitasmoa.

Egitasmo hori Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Barandiaran Museoaren elkarlanaren bitartez egiten da. «Denbora berrietara egokituz, aspalditik jasota dauden errelatoei bizia eman nahi diegu, lan polita eta garrantzitsua dela iruditzen zaigulako», adierazi du Amaia Bizente Barandiaran museoko langileak.

Ataungo herritarrek beren herria Euskal Herriko mitologiaren erreferente izan dadin nahi dute. Bizenteren hitzetan, Barandiaranek hasi zuen lanarekin jarraitu nahi du Ataunek: «Mitologia betidanik egon da bizirik, eta horrela jarraitzea nahi dugu».

Gau ibilaldi mitologikoa



Gaur, 20:00etan, Ataunen(Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.