ATZEKOZ AURRERA

Barakaldotik mundura

Munduko hainbat txokori buruzko informazioa eskaintzen dute Barakaldoko Expovacaciones azokan, jendeak oporretan nora joan erabaki dezan. Bihar arte iraungo du azokak, BECen.

Kimonoak probatzen ibili ziren atzo zenbait bisitari, Japoniako erakusmahaian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Barakaldo
2017ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Uda heltzear da, eta horrek gauza bakarra esan nahi du askorentzat: oporrak. Ez dago zalantzarik batzuei ez zaiela inporta bizi diren tokian geratzea, baina leku berriak ezagutu nahi dituztenentzako, behintzat, komenigarria da zein aukera dauden ongi aztertzea. Horretarako, aproposa izan daiteke egunotan Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan dagoen Expovacaciones nazioarteko turismoaren azoka. Bertako zein atzerriko tokietako informazio turistikoa eskaintzen duten 200 enpresa baino gehiagok erakusmahaiak dituzte jarriak. Bisitariek zeramatzaten liburuxkak banatzeaz gain, zenbait erakusmahaitan tokiko produktuen dastatzeak eskaintzen ibili ziren atzo, eta gaur eta bihar berdintsu ibiliko dira.

Ez da beharrezkoa urrutira joatea ezezagunak diren txokoak ezagutzeko; akaso hori erakusteko, Bizkaiko Aldundiaren mahaia zen guztien artean handiena. Atzo eguerdian jendez beteta zegoen, baina ez informazioa eskatzeko jendez, zehazki: taloak doan banatzen ari ziren, eta 60 pertsonatik gora zeuden ilara egiten pazientzia handiz.

Nafarroako Lizarra aldeko erakusmahaian ere jatekoak ematenzebiltzan; pipermin eta olibaz osatutako pintxoak ziren. Bertako arduradun Marian Ganuzaren hitzetan, azkenaldian asko nabaritu dute Lizarra aldera gero eta bizkaitar gehiago joaten direla bisitan. «Lehen, maizago gipuzkoarrak zetozen, baina, orain, bizkaitarrek aurrea hartu diezue». Iazko azokan Nafarroako Gobernuaren mahaiaren barruan izan ziren, baina Ganuzak azaldu du nahiago dutela euren mahaia eduki, bizkaitarrekin «arrakasta handia» baitute.

Nazioarteko azoka izanik, Euskal Herriko eta kanpoko eskaintza dago Expovacacionesen; aurten atzerriko herrialdeen artean daude Kuba, Argentina, Norvegia, Txile eta Maroko. Aurtengo «herrialde gonbidatua» Japonia da, eta euren erakusmahaian askotariko jarduerak egingo dituzte Asiako herrialde horretako kultura ezagutzera emateko. Taeko Ueda arduradunak iragarri duenez, gaur, 11:00etatik aurrera japonierako kaligrafia ikasteko tailerra egingo dute, eta, arratsaldean, te zeremonia bat. Japoniarekiko «interes handia» ikusten du Uedak bisitarien artean. «Gehienak 40 urtetik gorako bikoteak izan arren, gazteek manga eta anime kontuez jakin nahi dute, nahiz eta agian ezin duten orain Japoniaraino bidaiatu».

Mendiko ibilaldien bila

Eukene Larrazabal eta bere amarentzako ez da azokara datozen lehenengo aldia. «Urtero etortzen gara, tradizio bat da, zer eskaintzen duten ikusteko. Aurten mendi ibilaldiak egiteko informazioa bilatu dugu», esan du. Dena den, gero eta erakusmahai «gutxiago» daudela nabarmendu du. Mercedes Fernandez eta Jose Antonio San Miguel barakaldarrek ere antzeko iritzia dute. «Txikia da, atzerriko herrialdeetako mahai gutxi daude». Dena den, bila zetozena lortu dute: aurki Menorcara doaz (Herrialde Katalanak), eta inguru horri buruzko informazioa lortu dute, baita maparen bat ere.

Costa Bravaren erakusmahaian (Herrialde Katalanak) dago Francisca Garcia, eta pozik agertu da bertaratutako bisitariekin. Haren hitzetan, naturarekin zerikusia duten jarduerak interesatzen zaizkio jendeari, «familiarekin batera egitekoak». Mota horretako azoketan larunbatetan joaten da bisitari gehien, haren irudiko; hortaz, gaur jende mordoa egotea espero du. Horrez gain, futbolak asko baldintzatzen duela esan du. «Gurean behintzat, Bartzelonak jokatzen duenean, ez dago zereginik», adierazi du barre artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.