Izan ere, lorategiaren luze-zabalean bertako zein urrutiko landareak daude; besteak beste, 300 zur espezie baino gehiago, papiroa, izei espainiarra, Jupiter zuhaitz zuria, hosto erorkorreko magnoliak, sasiakazia arrosa, indi gaztainondoa edota jujubondoa. Labirinto bat ere badu, zuhaixkaz osatua, zentrotik gertu dagoena eta zirkularra, lorategia bezala. Parkearen gunerik altuenean laku bat ere badago; beraz, landare mota ugari ez ezik, hainbat hegazti motarekin ere topo egiteko aukera dago bertan. Bestalde, umeentzako jolasak ditu, lorategi osotik hainbat begiratoki daude barreiatuta, eta txakurrekin batera joateko toki aproposa ere bada.
Natur Gela
Asko dago ikusteko eta ikasteko Barakaldoko lorategi botanikoan. Bisitariak bere kabuz ibiltzeko aukera du, berdeguneak biltzen dituen landareen berri emateko plakak baitaude lorategi osoan. Aldiz, dakitenek azaltzeko aukera ere badago; horretarako, Natur Gelara joatea da aproposena. Lorategiko izkina batean dago, Bertoko basoko atetik gertu. Lorategi botanikoko eta Barakaldoko sare berdeko harrera lekua eta informazio gunea da, eta bertan tailerrak antolatzen dira maiz. Doako bisita gidatuak ere egiten dituzte: normalean, euskarazkoak ostiralean antolatzen dira, 11:30ean, baina talde antolatuek edota hezkuntza zentroek adostu dezakete beste ordutegi bat. Bisita gidatu guztiak doakoak dira.
Blanca Diez Diezek eta Angel de Diego Ricak diseinatu zuten Barakaldoko lorategi botanikoa, eta 2002an ireki zituen bederatzi sarreretako ateak. 2009an, gainera, udalerriko zentroarekin zuzenean lotzen zuen pasealekua eraiki zuten; ondorioz, 1,5 kilometroko oztoporik gabeko ibilbidea egin daiteke Barakaldoren muinetik bertatik hasita.
Barakaldoko lorategi botanikoa
Astelehenetik igandera, 10:00etatik 22:00etara. Sarrera doakoa da.