Iruñea eta Yamaguchi (Japonia) hiriak senideak dira 1980tik, eta, ordutik, bi hiriek zenbait esperientzia izan dituzte elkarrekin, eta harreman estua izan dute. Iruñeko Yamaguchi parkea da lotura horren isla, eta, gaur, parkean bertan, Iruñeko Planetarioan, Nafarroako Anime Jaialdia ospatu dute.
Planeten erakusketen ordez animearekin zerikusia duten figura txikiak jarri dituzte planetarioko korridoreak apaintzeko. Liburutegian hamabost pertsona inguru elkartu dira, koadernoak eskuan, japoniera irakasten dien irakasleari adi-adi entzuteko. Poliki-poliki ahoskatzen du irakasleak, esandako hitza arbelean idazten duen bitartean. Ikasgelan adi dauden batzuk jaialdia 2003tik etortzen dira, jaialdia sortu zenetik, eta, Blanca Oria jaialdiaren antolatzaileak azaldu duenez, Japoniaren inguruan gehiago ikasi nahi dute: «Iruñeko hizkuntza eskolak hogei urte baino gehiago daramatza japoniera irakasten, eta hori ez da oso ohikoa hiri txikiagoetan».
Borrokatzeko prest
Kimono beltz batekin jantzita agertu da Nafarroako Unibertsitateko Kendo taldeko kirolari Javier Armendariz. Japonieraz agurtu du, eta, katanak eskuan, planetarioko sarrerara abiatu da. Bere kideekin batera koltxoi berde eta gorriak jarri ditu lurrean, ikusleei jodoa zer den erakusteko prest. Jodoa Japoniako arte martzial modernoa da, tachi (ezpata) eta jo (makila) batekin egiten den ariketa. Ikusleen begirada harrituen aurrean, Armendarizek kirolaren historia azaldu du, baita japoniar kulturan duen garrantzia ere: «Kirola da, baina baita gorputza eta burua osatzeko modu bat ere».
Burua, lepoa eta eskumuturrak dira kirol horretan babestu beharreko gorputz atalak. Kirolariek eskularru lodiak jantzi dituzte eskuak babesteko, armadura bat gorputzerako, eta samuraien kasko bat bururako. Titaniozko burdin sare batez eta hegal zabalez osatuta dago maskara, banbuzko ezpataren erasoak saihesteko. Hasi da borroka: bi jokalariak lurrean belauniko jartzen dira aurkaria agurtzeko, eta garrasi ozen batekin hasten da katanen dantza.
Oihua entzuterakoan, paseoan zebiltzan batzuk hurbildu egin dira ikuskizuna ikustera, kezkatuta. «Uste nuen zaurituta zegoela; ez nekien zer zen oihu hori», esan du emakume batek. Armendarizek azaldu duenez, oihukatzea kirolaren parte ere bada: «Ahotsa erabiltzen dugu erasoei indar handiagoa emateko. Jo nahi duzun lekua bokalizatu behar da, burua eta gorputza sintonian daudela erakusteko».
Bikoteka borrokatu eta gero, jendaurrean belauniko jarri dira kirolariak; maskara pisutsua kendu, eta, izerditan, ikusleen txalo beroak jaso dituzte.