Kanpotik, banatze prozesu batzuek errazak ematen dute; batzuentzat, argi eta garbi egoten da zer egin behar den. Baina, egoera korapilatsu horretan gaudenean, zeharo aldatzen da zelan sentitzen garen, eta argitasun hori lainoen artean galtzen da. Banaketa prozesu guztiak gogorrak dira. Gehienek, bikotea osatu zutenean, ez zuten nahi bikote sistema hori apurtzea —inoiz pentsatu arren ez duela betiko izan behar—.
Kontsultan ikusten ditudan andreak eta gizonak ez dira inoiz pozik etortzen. Soilik bikote gutxi batzuek daukate argi banandu egin nahi dutela. Horiek umeak dauzkatelako datoz gehienetan, banatze prozesua seme-alabentzat oso gogorra izan ez dadin. Baina, gehienetan, bikotekideekberen bikote sistemari azken aukera eman nahi diote, ahal den neurrian. Bidean baina, sarri, lagunek bata bestearengandik banatzea aukera bat izan daitekeela pentsatu izan dute. Banatzeak ez du zertan porrot bat izan, bizi berri bat izateko aukera bat baizik, bai bikotekideentzat, bai haien seme-alabentzat.
Bikote sistema apurtzea ezda inoiz ere goxoa edo xamurra, prozesu batzuk beste batzuk baino gogorragoak badira ere. Aldagai asko kontuan hartu behar izaten dira bikote bizitzaren bidaiaren geltoki hori ulertzeko. Adibidez:
Bikotekideek zenbat denbora daramaten elkarrekin; seme-alabak dituzten; zelako harremana eduki izan duten une hori heldu arte; zenbat denbora egon direnegoera jasanezin batean; zelan joan diren bata bestearengandik urruntzen; zenbatetan saiatu izan diren; zelako mina eman eta hartu duten bikotekideek; erruak zelako lekua hartu duen haien harremanetan; biek adostutako erabakia den edo, aldiz, bakarrik batek banatu gura duen, eta besteak beste erremediorik ez daukanez onartzen duen; zelakoheldutasun emozionala daukaten bikotekideek prozesuari aurre egiteko; zelako egoera ekonomikoan dauden; zelako gaitasuna daukaten negoziatzeko, hitzarmenak egiteko eta egoera zailei aurre egiteko; zelan ikusten duen bakoitzak bere burua aurrera begira; zelako laguntza duten egoerari aurre egiteko (familia, lagunak, lana…); zelako beldurrak sentitzen dituen bakoitzak (etorkizuna, bakardadea…). Azken batean, harremana apurtzearen zergatia(k) ez da inoiz bakarra izaten.
Banatzeko erabakia ez da egun batetik bestera hartzen. Kasu batzuetan, ez da harritzekoa banatu baino lehenago gutxienez bietako bat erabakia mamitzen aritu izana azken urtean edota bi urtean.
Beste batzuetan, egoera latz batean daude, amaiera edo irtenbidea bilatu ezinean, egoera aldatuko ote den edo horri aurre egiteko indarrak batuko dituzten itxaropenarekin.
Bikote nahikotxok, behin betiko erabakia hartu baino lehenago, aldi baterako banaketari eusten diote, bidea leuntzeko edota benetan ikusteko zer gura duten, edo zelakoa izango den beren bizimodua bestela.
Bananduta baina elkarrekin bizi direnak ere badaude, egoera ekonomiko onean izan arren. Baliteke lagun handiak edo talde ona bihurtu izana; beste batzuentzat, ohiturak aldaezinak dira. Eta ez dago txarto.
Edozelako bidea eginda ere, bikote batzuek beren kabuz zeharkatzen dute prozesu hori; besteek, berriz, laguntza profesionala eskatzen dute prozesu hori bideratzeko.
Erabakiak hartzea eta bideratzea ez da batere erraza. Emozio pila bat korapilatzen zaigu. Pasatu izan ditugun minak, beldurrak, frustrazioak, porrot eta erru sentimenduak, amorrua, atsekabea… sarri nahasmen arriskutsuegia bihur daitezke. Askotan, borrokak dira protagonista banatze prozesuan. Ez da harritzekoa emozio nahasi horiek islatzea beste hainbat kontutan: dirua, etxe banaketaren auzia, umeen zaintza, umeen hezkuntza…
Prozesua ahalik eta ondoenaeginez, bikotekideen etorkizuneko bideak errazagoak izango dira, eta zer esanik ez seme-alabarenak. Ezin dugu ahaztu bikotekideak banatzen badira ere guraso sistema banaezina dela, eta seme-alabak ez direla gurasoengandik banatzen. Sarri, horregatik da hain zaila.
Euskal Herrian baditugu baliabideak horrelako egoeretan laguntza emateko, ahaztu gabe ezinbestekoak diren familiak eta lagunak. Badaude hainbat elkarte eta profesional bitartekaritza prozesuetan trebatuta (terapeutak, abokatuak…), alor publikoan zein pribatuan.
Denok daude laguntzeko prest, erabakia norberaren esku baino ez badago ere.
Osasuna. Sexologia
Banatzea
Ez da erraza banaketa batean erabakiak hartzea, baina, horretarako, bikoteek eskura dute profesionalen laguntza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu