Banakako arretaren garrantzia

Ikaslagun programak tutoretzapeko haurrei laguntza akademikoa ematea du oinarri. EHUko ikasleek astean bi orduko saioak egiten dituzte Gipuzkoako babes sistemako harrera egoitzetan dauden haurrekin. Onura akademikoak eta emozionalak ditu programak haurrengan.

Leire Isasa, Joxe Garmendia, Joana Migelena eta Iker Callado. JON URBE / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun

Babesa. Laguntza. Konfiantza espazioa. Gaitasunak hobetu eta norberarengan sinesteko gunea. Trukea. Errealitate gordinen ikusgaitasuna. Ikaslagun boluntario programaren erroan daude ideia horiek. Hartu-emana oinarri, keinu sinpleak diruditenek eragin sakona izan dezaketela mahaigaineratzen du programak. Parez pare jartzen ditu bi errealitate, elkar ezagutu, elikatu eta denbora batera pasa dezaten: unibertsitateko ikasleak eta babes sistemaren parte diren haurrak. Eskola partikularren formatuan, tutoretzapeko haurrei laguntza akademikoa eskaintzea du xede proiektuak.

 

Astean bi orduz elkartzen dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatean ikasten ari diren gazteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes sistemaren ardurapean bizi diren haurrak. Tarte horretan, eskolako lanak batera egiten dituzte, eta, horrez gain, haien arteko konfiantza harremana sortuz eta elikatuz joaten da saioz saio.

Laguntza jasotzen dutenek begi onez ikusten dituzte boluntarioekin egindako saioak. «Ondo sentitzen naiz harekin; nik zailtasunak ditut etxeko lanak egiteko, eta, haren laguntzari esker, hobeto sentitzen naiz», azaldu du programaren parte den haurretako batek. Ingelesa da gutxien gustatzen zaion irakasgaia, eta matematika, aldiz, gustukoen duena. «Ingelesa ez zait gustatzen, baina behintzat errazagoa da ikaslagunari esker».

Bi orduko saioan, etxeko lanek dute lehentasuna oro har, baina ez dira egiten dituzten ekintza bakarrak. Eskolak hartzen dituen beste nesketako batek azaldu du badirela jardun akademikotik harago doazen ekintzak: «Batzuetan, marrazten eta jolasean aritzen gara». Lanak egin artean, etorkizunaz ere mintzo dira, eta batzuek beste batzuek baino argiago dute zer bide egin nahi duten: «Nik hezitzailea izan nahi dut», baieztatu du nesketako batek. Besteak, berriz, zalantzati begiratzen dio etorkizunari: «Nik ez dakit oraindik; lanbide asko daude». Bi ikasturte daramatzate bi neskek Ikaslagun berberarekin astero biltzen, eta sortu den konfiantza giroa nabarmendu dute. «Gauza berriak ikasten ditugu, ondo pasatzen dugu, eta ondo sentitzen gara haiekin gaudenean».

Finean, helburu bikoitza betetzen du programak: bultzada akademikoa eta harreman sozial berri baten eraikuntza. Jarraipen iraunkorrean oinarritutako hartu-emanaren bidez, haur horien hezkuntza ibilbidea sustatu nahi du programak; etorkizunean hezkuntza ibilbide askotarikoak probatzeko aukera dutela plazaratu. Haur bakoitzari boluntario bat esleitzen zaio, beti berbera, eta maiztasun finkoarekin eskolak eskaintzen dizkiona.

Eider Fondevila Gipuzkoako Foru Aldundiko harrera egoitza bateko arduraduna da, eta onurak besterik ez dio ikusten programari. Pozik mintzo da duela bi urte hartutako erabakiaz. «Oro har, egoitzetan bizi diren haurren premien artean, askotan arlo akademikoa ez da lehentasunezkoa izaten, asko oraindik bizipen gogorrak barneratzen ari baitira; baina, era berean, eskolan emaitza onak lortzeak lagundu egiten die gainerako arloetako arazoak hobeto kudeatzen». Eskolako emaitzak hobetzeko bide da Ikaslagun programa, eta orain arte fruituak ematen ari dela baieztatu du Fondevilak. Izan ere, zenbait arrazoi direla medio familiarengandik banatuta bizi diren haurrek hartzen dituzte saioak, unibertsitateko ikasleek gidatuta. Gaur-gaurkoz, EHUko 62 ikaslek eta Gipuzkoako babes sistemaren parte diren beste hainbeste adingabek parte hartzen dute programan. Halere, osasun larrialdia dela medio, etenda daude zenbait eskola oraintxe, eta beste zenbaitek saio birtualak egiten dituzte. Oraingoz, lehen hezkuntzako haurrentzat da programa, eta Gipuzkoako hamabost harrera egoitzatan dago martxan. Fondevilaren ustez, gakoetako bat banakako arreta da, eta babes sistemaren egiturak zenbait muga ditu hori lortzeko. Arreta indibiduala egoitzan bertan eman ezin den baina beharrezkoa den zerbait dela onartu du: «Zortzi haur daude, baina ez daude zortzi hezitzaile, eta, saiatzen garen arren, ezinezkoa da norbanako bakoitzaren hezkuntza premiei erantzutea. Ikaslagunek ekarpen handia egin du alor horretan».

Hutsune bati erantzuteko

EHUko Garaian ikerketa taldeak sustatu zuen programa, Joana Migelena gizarte hezkuntzako irakasleak identifikatutako hutsune batetik tiraka: tutoretzapean bizi izan diren adingabeak apenas dauden unibertsitateetako ikasgeletan. Arazoari konponbidea jarri nahian, Arrakasta programa sortu zuten lehenago, EHUko Garai ikerketa taldearen eta berrikuntza errektoreordetzaren artean, dagoeneko unibertsitateko ikasle ziren horiekin lan egiteko. «Arrakasta programaren helburua da bermatzea harrera egoitzetatik unibertsitatera heltzen diren gazte gutxi horiek unibertsitateko ikasketak bukatzen dituztela. Horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak eskaintzen dira: tasen ordainketa, materiala, janari txartelak...».

Hari beretik tiraka, eta kopuru hori handitu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera egoitzen atalarekin batera diseinatu zuten Ikaslagun programa. «Lehen helburua da babes sisteman dauden haurren eta nerabeen itxaropen akademiko oro betetzea». Tartean, unibertsitatea bilakatu dadila, gazteek hala nahi baldin badute behintzat, etorkizuneko aukeretako bat. Asmo horrekin jarri zuten martxan Ikaslagun, 2017-2018. ikasturtean estreinakoz. Egun, Migelena Ikaslagun programako bulego teknikaria da, eta uste du programa dagoeneko sustraituta dagoela eta bide onean doala: «Errendimendu akademikoa hobetzeaz gain, haur horien sare soziala handitzea ere lortzen da, eta, boluntarioak gazteak eta unibertsitateko ikasleak direnez, unibertsitatera sartzea posible dela sentitzen laguntzen die: gertuago ikusten dute aukera hori».

Boluntarioak, oro har, Gizarte Hezkuntza, Psikologia eta Haur edo Lehen Hezkuntzako ikasleak dira, eta haientzat etorkizuneko ogibidera begira aberasgarria izan daitekeela iruditzen zaio Migelenari: «Ikusten dituzte harrera egoitzak, eta normalean beti tabu bat izan dira; jendartean hedatuta dagoen irudi iluna hausteko modu bat da. Horrez gain, boluntarioetako zenbaitek antzeko espazioetan eta egoera horietan dauden haurrekin lan egin dezakete etorkizunean».

Leire Isasa da ikasle horietako bat. Psikologia graduko 3. mailako ikaslea da, eta hasieratik dabil programan murgilduta. Bere buruari «erronka» bat jartzeko asmoz eta ikusmiraz eman zuen izena, eta, gaur-gaurkoz, harro dago hartutako erabakiaz. «Haurren psikologia interesatzen zait, eta niretzat guztiz ezezaguna zen giro baten murgiltzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan».

Hirugarren ikasturtea du aurtengoa Isasak haur berari eskolak ematen, eta bilakaera nabaritu du. Psikologia ikasle horren ustez, eraldaketa akademikoa eta soziala lotuta daude, eta garapen bikoitza nabarmena da haurrengan. «Etxeko lanak beste arreta mota batekin egiteko aukera da programa: bere kabuz egiten zituenean, obligazio bat balira bezala ikusten zituen, eta, nirekin dagoenez, zerbait entretenigarriagoa edo arinagoa bihurtzen dira». Eta, akademikoki hobetu ahala, gaitasun sozialak ere indartzen dira: «Bere buruarengan duen konfiantza asko hobetu zaio haurrari: orain seguruago egiten ditu gauzak, eta sinesten du gai dela gauzak bere kabuz egiteko». Haurrari hezkuntzaren eta ikasketen gaineko ilusioa pizteko bide izan dira eskolak Isasaren ustez; izan ere, konfiantzan eta trukean oinarritutako ikasle-irakasle harreman bat sortu du Isasak asteroko saioetan.

Iker Calladok bigarren ikasturtea du programan, eta, Isasaren eran, psikologiako gradua ikasten ari da. Programan, irakasle rola betetzen dute unibertsitateko ikasleek, baina ikasketa prozesu moduan ulertzen du esperientzia Calladok: «Gure etorkizun profesionalari begira eta garapen pertsonalari begira, izugarrizko esperientzia da; psikologiako ikaslea naizen heinean, posible da etorkizunean egoitza horietako batean lan egitea egokitzea». Era berean, «laguntzen» ari dela sentitzeak asebete egiten du. «Pertsona baten ardura duzu zure gain, eta lagundu egiten diozu. Hori oso polita da». Calladok Isasaren ideia berretsi du: lan akademikoaz gain, lanketa emozional handia egiten da haurrarekin.

Kanpotik, baina barrutik

Jonek —ez da benetako izena— Isasa eta Calladoren posizio beretik parte hartzen du programan, baina kosta egiten zaio jarduna «kanpotik ikustea». Izan ere, tutoretzapeko haurra izan zen Jone duela urte batzuk. Bere larruan bizi izan zuen begien aurrean jarri dioten errealitatea, eta horrek eskolak ematen dizkion haurrarekiko harreman oso enpatikoa garatzea eragin du: «Beti sentitzen dut izugarri ondo ulertzen dudala; izan ere, ni haien egoera berean egon naiz, eta arraroa egin zitzaidan, hasieran behintzat, beste posizioan egotea: haurretako bat gehiago sentitzen nintzen».

Errealitate horretatik, esperientziaren azaletik jarduten da Jone saioetan: «Eskola partikularrak ematen ditudanean, saiatzen naiz azaltzen haurrari nahi duena egin eta ikas dezakeela, benetan posible dela; ni neu naiz horren adibide». Era horretan, hitzak ez direla airean galtzen iruditzen zaio; izan ere, gertatu den zerbait lehen pertsonan azaltzen du.

Jonek helburu hirukoitza esleitzen dio programari, eta bete-betean asmatu dutela iruditzen zaio. «Programa lagungarria da, hasteko, tutoretzapeko haurren errealitatea ikusgarri egiteko; izan ere, askok babes sistema eta gazte justizia nahasten dituzte, eta delitugileak garela uste dute». Estigmak eta aurreiritziak apurtzeko bide dela esan du Jonek, eta behintzat programan parte hartzen duten unibertsitateko ikasleek haurren egoerak ezagutzen dituztela horrela: «Ikusgaitasun eta ezagutza falta handia dago babes sistemako adingabeei dagokienez». Arreta berezitua eta ikasten segitzeko motibazioa ere nabarmendu ditu Jonek.

Isasak etengabeko ikasketa prozesu baten gisan ikusten du programa; pozik eta asebeteta sentitzen da: «Niretzat, eskola horiek ematea plazera da, betebeharra baino gehiago».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.