Baloirik ez saski guztientzat

Barakaldoko BECen jokatutako Munduko Saskibaloi Txapelketaren aurreko faseko partidek milaka zale erakarri dituzte inguruetara. Bizkaiko Diputazioak iragarri zuen kirol ekitaldiak eragin ekonomiko nabaria izango zuela Bizkaiko ostalaritza eta merkataritzan. Denek, ordea, ez dute berdin nabaritu.

Finlandiarrak, Barakaldoko BEC aurrean zaleentzat antolatutako karpan, jaten eta edaten. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Hustu da BECeko Bizkaia Arenako saskibaloi kantxa (Barakaldo, Bizkaia). Atzo jokatu zen Munduko Saskibaloi Txapelketako azken partida. Eta, beren herrialdeko selekzioa sostengatzen aritu ondoren, etxerako bidea hartu dute Barakaldo eta Bilbo inguruetara joandako milaka zaleek. Aurreikuspen handiak sortu zituen kirol ekitaldiak. Bizkaiko ostalaritza eta merkataritzarentzako aukera ekonomiko gisa aurkeztu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak. Datozen asteetan emango dituzte datu ofizialak. Baina, Bizkaiko hiriburuko eta Barakaldoko lokal jabeen iritziz, iragarri zena baino gutxiago nabaritu da saskibaloi txapelketaren eragina. Bilboko Areatzan eta Barakaldoko BEC aurrean jarritako karpa guneetan bakarrik eragin du giroa txapelketak, askoren esanetan.

Inguruaren araberako irabaziak izan direla adierazi du Angel Gago Bizkaiko ostalaritza elkarteko idazkariak. Oraindik datu zehatzak eskutan izan gabe ere, argi du: «Iazko data bereko datuekin alderatuz gero, azken asteetan jasotakoak hobeak izango dira, zalantzarik gabe». Ostalaritzari dagokionez, BEC inguruan eta Bilbo erdigunean nabaritu da gehien, eta kanpoaldeko auzoetan gutxien.

«Askok esango dute beren tabernetan ez dela nabaritu munduko txapelketaren eragina. Bestelako galdera bat egingo nioke nik hori esaten duenari: zer egin duzu nabaritu dadin edo txapelketara etorritako zaleak erakartzeko?». Askotan antolatzen diren ekitaldien inguruan lokalek duten jarrera «pasiboa» salatu du Gagok. Baina uste du guztiaren gainetik premisa bat gailendu behar dela: «Etorri den jendeak gure lurraldean gosaldu, bazkaldu, afaldu eta lo egin du. Hortaz, gastua egin du». Eta ez dira gutxi izan. Datu ofizialen arabera, 22.500 lagun erakarri ditu saskibaloi txapelketak. Gehienak partidak jokatzera etorritako selekzioen jarraitzaileak izan dira: ukrainarrak, finlandiarrak, estatubatuarrak, zeelandaberritarrak, dominikarrak eta turkiarrak.

Aurreikuspen handiegiak

Bilboko taberna eta denda gehienek saskibaloi txapelketako apaingarriak dituzte: banderak eta baloi formako itsasgarriak ikus daitezke nonahi. Hala ageri dira Plaza Barriko lokal guztiak. Baina ez da nabaritzen kirolzaleen joan-etorria. Aurreikuspenetan jende uholdea espero zutela adierazi dute hango tabernariek. Baina emaitza bestelakoa izan da: «Espero genuena baino askoz gutxiago nabaritu dugu», adierazi du Aker Gorri pintxo tabernan lanean ari zen Jorge Gilek. Gauza bera nabarmendu du Gran Cafe Bilbaoko Aitor Aginakok: «Jende gehiago espero genuen. Astelehena, adibidez, atseden eguna zen. Ez zen izan partidarik, eta orduan ere ez genuen nabaritu aparteko mugimendurik». Zale gehienak BEC aurrean jarri dituzten karpen inguruan geratu direla uste du Aginakok: «Hoteletatik partidetara eta partidetatik hotelera egiten dute etorritakoek. Bestela, bidaia agentziek antolatutako ibilaldiak egiten aritu dira».

Zaleentzat jarritako Bilboko Areatzako gunearen aurrean dagoen artisautza eta oroigarri dendan bakarrik egon da Samara Marciela. Erakusleihoari begira, finlandiar bat edo beste ikus zitekeen noizean behin. Baina, denda aisialdi gunetik hurbil eduki arren, ez du askorik nabaritu txapelketaren eragina: «Sekulako gastua egingo zutela iragarri zuten instituzioek, baina ez da horrela izan. Saldu ziguten baloia zulatuta etorri da». Bidaia agentziek eskainitako bidaia antolatuak aipatu ditu dendariak. Haren iritziz, hiriburuan turismoa egiten ibili beharrean, hondartza inguruetara jo dute zaleek atsedenaldietan. Abandon dagoen La Granja kafetegi eta jatetxean ere ez dute izan ohi baino bezero gehiago. Hango langileen esanetan, iazko datuekin alderatuz, diru sarreretan ez da nabaritu ezberdintasun handirik.

Hotel handien inguruko eremuek izan dute etekin gehien. Finlandiarrez beteak izan dituzte gela gehienak Ercilla hotelean. Joan den larunbatetik hona, %95 bete da. Eta, etorritakoei zerbitzua emateko, Aste Nagusirako jarria zuten karpa mantendu dute. Gauetan, berriz, finlandiarrek festa pribatuak egin dituzte hotelak duen diskotekan, musika talde eta DJekin.

Hotelaren inguruan dauden taberna eta jatetxeek nabaritu dute zaleen joan-etorria. Gredos jatetxean pozik azaldu da Agustin Laprada. Saskibaloi txapelketak onura asko ekarri dizkiola dio: «Asko eskertu dugu ekitaldia: jende asko izan dugu, eta bezeroak adeitsuak eta esker onekoak izan dira». Eskerrak eman dizkio Bilboko Udalari: «Oso ondo antolatu dute dena». Cala tabernako langileek ere gauza bera azpimarratu dute. Aste nagusia luzatu egin dute munduko txapelketarekin: «Gainezka egon gara joan den larunbatetik hona».

Gutxienez bost eguneko egonaldiak egin dituzte saskibaloizaleek Bilboko ostatu eta hoteletan; Hotel Tryp Arenalen, kasurako. Logela guztiak hartuta eduki dituzte azken astean, eta gehienak aste osoa pasatzera etorritako finlandiarrak izan dira. Berdin egon da Carton Hotela. Hiriburuko ostatuak ere, gainezka. Bilbao Central eta Akelarre ostatuek ez dute lekurik izan iragan larunbatetik hona. Finlandiarrak, turkiarrak eta estatubatuarrak aipatu dituzte ostatu hartu dutenen artean.

BEC alboan antolatutako Bilbao Basket Hiria karpa guneak izan duen arrakastaren adierazle dira asteartean Alfonso Garcia Barakaldoko alkateak egindako adierazpenak. Herriko jaietako txosnak hara eramatea aztertuko duela zabaldu zuen sare sozialetan. Batzuentzat arrakasta dena engainua izan da besteentzat, ordea; Aitor tabernarentzat, adibidez. Hango langilearen esanetan, jolaslekuetatik 200 metrora egon arren, ez dute ikusi zalerik: «Munduko txapelketa karpetan nabarituko zen, baina hemen ez». Barakaldoko herrigunean dauden tabernek ez dute nabaritu txapelketaren eragin handirik. Kexu dira, karpan zerbitzu guztiak jarri dituztelako eta horrek txapelketako giroa hara mugatzea ekarri duelako. BEC inguruan dauden lokalek, aldiz, ohi baino lan gehiago izan dute. Pollito erretegiko Iñaki Heras pozik azaldu da azken astean izandako bezero kopuruarekin. Jai gunetik gertu egoteak lagundu diola dio: «Partida aurretik eta ondoren, hona etorri dira asko jan eta edatera. Finlandiarrak izan dira gehienak, eta zoragarri portatu dira gurekin». La Jarra tabernako Aitor Rodriguezek ere bezero kopuruaren gorakada nabaritu du. Aurreko urteetako datuekin alderatuta, lan gehiago izan dute. Baina egindako aurreikuspen guztiak baino txikiagoak izan dira joan-etorriak, haren arabera.

Mendi tabernaren jabea da Demofilo Sanz. BEC eraiki zutenetik hona lema bera erabiltzen duela dio Sanzek: «BECen edozein ekintza antolatzen denean, gauza bera esaten dut: azken olatuaren azken bitsa heltzen zait niri». Herrigunean du taberna, eta ez dagosaskibaloi txapelketa jokatu den gunetik gertu. Bezero gehiago izan dituen arren, adierazi du euskal herritarrak izan direla gehienak eta kanpotik oso zale gutxi joan direla tabernara. Esan du atzerritik etorriak Euskal Herria ezagutzeko bidaia antolatuak egiten aritu direla: «Dena ez da jatea edo poteoan ibiltzea; Euskal Herria ezagutzea ere garrantzitsua da».

Etorritakoak, pozik

«Itzuli egingo gara». Aste bat pasatu du Hanna Aholak Euskal Herrian, baina pozik dago ikusitakoarekin. Finlandia animatzen izan da Barakaldon, eta Sestaon hartu du ostatu. «Asko gustatu zaigu lekua: zerbitzua oso ona izan da, eta hotela, oso atsegina. Aste osoko metrorako txartela ordaindu digute, eta oso baliagarria izan da hori. Jendeak ez du hitz egiten ingeles handirik, baina oso adeitsu jokatzen dute denek». Bartzelonara doaz orain, beste astebete egitera. Ziurra dute itzulera, halere. «Erretiroa hartzean bizitzera hona etorriko garela hitzartu dugu. Bilboko Zazpikaleetako etxeren bat erosiko dugu, eta hiltzen garen arte, hantxe». Pozik joan dira finlandiarrak. Horren adibide da atzo BEC aurrean ehunka zalek ateratako argazkia. Esker ona adierazi nahi izan diote Barakaldori eta, oro har, Bizkaiari.

Zeelanda Berritik egin du Bilborainoko bidaia Jelena Vucinicek. Mundu erdia gurutzatu du Munduko Saskibaloi Txapelketan bere herrialdea animatzeko. Merezi izan duen? «Inolako dudarik gabe, noski!». Bilbon pasatu du astea, apartamentu batean. «Oso leku atsegina da: denda onak daude, janari ona dago, eta jendea atsegina da». Bilbon eman dute denborarik gehiena, baina Donostiara joateko baliatu zuten astelehena, partidarik ez zegoela aprobetxatuta. «Hondartza oso polita du; izan ginen hiria bisitatzen, eta han dena da ederra!». Pozik Euskal Herrian jasotako zerbitzuekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.