Donosti Cup

Baloiaren atzealdeko laguntasuna

Donostian eta inguruetan 640 talde bilduko dira Donosti Cup txapelketan. Bihar iluntzean aurkeztuko dituzte talde guztiak, Anoetan

Joan den urteko Donosti Cupeko irudi bat: Zambiako City Strikers taldea, Oiartzun taldearen aurka. MAIALEN ANDRES / FOKU.
June Romatet Ibarguren.
Donostia
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Herriz herri, zelaiz zelai, jira eta bira ibiliko dira baloi ugari bihartik larunbatera Donosti Cup futbol txapelketan. Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko zelaietan 640 talde lehiatuko dira. 10 eta 18 urte arteko gazteak, bost kontinenteetako 26 herrialdetakoak, elkartuko dira.

Txapelketak duen elkartasuna sustatzeko, erlijio edo kultura desberdinengatik normalean elkartzen ez diren pertsonak bildu nahi dituzte. Horregatik, Palestinako neska talde batek eta mutil juduen talde batek Anoetan zuhaitz bat landatuko dute.

Urtero egiten duten bezala, fundazioak lau talde gonbidatu ditu lehiaketara. Aurten, bi talde Palestinatik etorriko dira, Al-Bustan mutil taldea eta Not to Forget Jenin Camp neska taldea. Beste talde bat, bisak lortu ondoren, Sierra Leonatik etorriko da, Diamond Child mutil taldea. Eta azkenik, Espainiatik, Dragones de Lavapies, Madrilgo auzo bateko klubeko bi mutil talde.

Fundazioak gonbidapen eskaerak jasotzen edo topatzen ditu. Eskaerak aztertu eta gero, txapelketarekin hoberen loturik dauden proiektuak hautatzen ditu. Gonbidatuei bidaia, egonaldia, parte hartzea eta hainbat bisita gidatu ordaintzen dizkiete. Sara Olaizola prentsa arduradunak azaldu du, fundazioak ez ezik, beste taldeek ere laguntzen dutela: «Adibidez, joan den urtean, Wisconsin International taldeak botak erosi zizkien beste talde bateko kide guztiei; halako une politak bizi izaten ditugu».

Laguntza horiek edukita ere, talde batzuek zailtasunak izaten dituzte Euskal Herrira iristeko. Bisak behar dituzte, eta batzuek, umezurtzak direnez, ez dute pasaporterik ere izaten. Horrez gain, batzuek Palestinatik ateratzeko arazoak izaten dituzte, edo bidaia txartelak eskuratzeko. Gainera, Palestinako talde bat neskena izateak istiluak sortu zituen han.

Herrialdeen arteko arazoez gain, genero arteko arazoak ere ikusgarri egiten ditu txapelketak. Emakumeak kirolean diskriminatuak izan dira urte luzez, eta hori Donosti Cupen ere nabaritu da. Antolatzaileek aitortu dutenez, txapelketa hasi zenean emakumeen bost taldek hartzen zuten parte. Urtez urte geroz eta talde gehiago zeuden, baina azken urteetan gorakada nabarmena izan dela esan du. Hala ere, eta nahiz eta antolatzaileek neskak animatu, aurten 129 talde dira neskenak eta 511, berriz, mutilenak.

Elkartasunez eta lanez lepo

«Gutxi izan arren, maila bikainada nesken artean. Olympique Lyonnais, Benfica eta Madrid Femenino taldeak datoz, adibidez», azaldu du Olaizolak. Urtero ekartzen dituzte halako talde indartsuak, beste neska taldeak erakartzeko eta indartzeko.

Txapelketa antolatzeko, jende asko aritzen da urte guztian lanean. Txapelketa hasten denerako, dena prest izaten dute, nahiz eta gorabeherak beti dituzten. Aurten, Gipuzkoako, Nafarroako eta Lapurdiko 40 zelai erabiliko dira.

Herriek parte hartzen dute: zelaia uztearekin batera, klubeko jokalari batzuek ordezkari lana egiten dute. Horiek bertaratzen diren taldeei laguntzen diete.

Zailtasunak zailtasun, eta antolakuntza asko behar izanda ere, urteroko txapelketa hori geroz eta ospetsuagoa da. Hainbeste herrialdetan mugimendua sortu denez, geroz eta errazago zabaltzen da. Gainera, aste osoan Donostian eta inguruko herrietan hainbat jende ikusten da. Horregatik eta euskal jokalari asko joaten direnez, ahoz ahokoa indartuz doa, eta ospea gora doa.

Sara Olaizolak argi esan du: «Donosti Cup ez da futbola bakarrik; txapelketa honek elkartasunetik ere badu. Gainera, hainbat kultura eta erlijio ezagutzeko baliabide bihurtu da gazteentzat, eta txapelketako egun horietan laguntasun ederrak sortzen dira jokalarien artean».

Etxeko taldeek atzo jaso zituzten akreditazioak; gaur, atzerriko taldeen txanda da. Arratsaldean, nesken Munduko Futbol Txapelketako finala ikusiko dute izotz jauregian; gero, Donosti Cupeko jantokian lehen afaria egingo dute.

Bihar, inaugurazioa egingo dute. «Iaz ez bezala, aurten inaugurazioa Anoetan izango da: bihar, 20:30ean», azaldu du Sara Olaizolak. «Aurreko urtean ezin izan zuten talde guztiek desfilatu, aurten bai».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.