Baloiak elkartuko ditu berriz

Inoiz baino talde gehiago arituko dira 30. Donosti Cupen: 754. Etzi hasi eta larunbatean amaituko da, eta jarduera guztiak egingo dituzte berriz ere.

Iaz, ohi baino talde gutxiagok parte hartu zuten Donosti Cupen, osasun egoera dela eta. MAIALEN ANDRES / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Jendez betetako harmailak, futbol taldeen koloretako kamiseta eta banderak, jokalariak animatzeko danbor doinuak... Elementu horiek guztiak batzen ditu Donosti Cupek urtero, uztail hasieran. Baloiaren bueltan batzen ditu munduko hainbat tokitako gazteak, eta partiden eta festen artean gurutzatzen dira haien bizitzak, bestela ziurrenik sekula gurutzatuko ez liratekeen moduan. 30. aldia du txapelketak aurten, eta «astea iristeko oso gogotsu» daude antolatzaileak, bi urteren ondoren ohiko jarduera guztiak berreskuratuko baitituzte. Etzi hasiko da, eta larunbatean amaitu.

«Unerik onenean ospatuko ditu Donosti Cupek bere lehen 30 urteak», Xabi Perez aurkezleak lehiaketaren prentsaurrekoan azaldu zuenez. Izan ere, iaz ospatu behar zuten 30. aldia, baina, 2020an ekitaldia bertan behera utzi zutenez, urtebete atzeratu da urteurren borobila. «Lehen 30 urteak» esan zuen, harro, beste asko irautea espero baitute. Izan ere, ibilbide oparoa egin du futbol txapelketa horrek 1991ko lehen aldi hartatik. 32 taldek parte hartu zuten orduan, eta, harrezkeroztik, hazten joan da. Aurten, esaterako, inoizko talde gehien izango dute: 754. Horrez gain, aldirik «nazioartekoena» ere izango da aurtengoa, 166 herrialdetatik eman baitute izena taldeek.

Emakumeen parte hartzea ere handituz doa, eta sekula baino talde gehiagok eman dute izena aurten. Guztira, 140 talde arituko dira, hala nola Olympique Lyon taldea, egungo Txapeldunen Ligako irabazlea, Benfica, eta Suediako BK Hagen taldea.

Arrakasta zenbakietatik harago neurtu behar da, ordea, Giovanni Batista txapelketako antolatzaileetako baten arabera. Ekitaldia futbolaren eta kulturartekotasunaren festa dela nabarmendu du: «Etorritako taldeek errepikatu egin nahi izaten dute, eta beste batzuek, gehitu; hori zerbait ondo egiten ari garen seinale da. Hori da benetan zoriontsu egiten gaituena».

Berritasunez betetako urtea izango da aurtengoa; Martuteneko kartzelako partida, esate baterako. Bertako preso talde batek lagunarteko partida bat jokatuko du Leganesko (Espainia) desgaitasunen bat duten pertsonaz osatutako talde baten aurka, asteazkenean. «Uste dugu denak ez duela lehia izan behar, eta futbolak balio dezakeela elementu integratzaile moduan», azaldu du Batistak. Datozen urteetan partida horri jarraipena emateko asmoa daukatela ere esan du.

Aurten bi talde gonbidatu ditu Donosti Cup fundazioak. Batetik, MOMIM Boliviako emakumeen talde batek parte hartuko du. Hain zuzen ere, duela 15 urte Donosti Cupen jokatu zuten ama boliviarren alabak dira horietako asko. «Duela 10 urte baino gehiago hasitako istorio oso polit baten jarraipena da; beti da polita zirkulu horiek ixten ikustea», esan du Batistak. Bestetik, Gazako gizonezkoen Al-Helal taldea gonbidatu du fundazioak, duela sei hilabete Palestinako futbol federazioak eta Donosti Cupek antolatutako Gaza Cup txapelketa irabazi zuen taldea.

Futbolaz eta lehiaz gainera, ekitaldiak sustatzen dituen balioak nabarmendu ditu antolatzaileak. Horren adibide da Donosti Authentics Cup, lehiaketaren zatirik «inklusiboena», zeina bigarrenez egingo duten. Adimen urritasuna dutenek jokatzen dute bertan, urritasunik ez dutenekin nahastuta. Astelehen eta asteartean izango dira partidak, Zubietan (Gipuzkoa), eta, iazko arrakasta ikusita, nazioarteko taldeak txertatzeko apustua egin dute. Guztira zazpi taldek parte hartuko dute: Realeko A eta B taldeek, Eibarrek, Leganesek, Baionako Pottoak taldeak, eta Ingalaterrako Newscastle taldeak.

Finala, Reale Arenan

Berritze lanengatik eta pandemiagatik albo batera utzita egon bada ere, Reale Arenan jokatuko dira berriro 11ko futboleko finalak. «Helburu bakarra ez bada ere, motibazio gehigarri bat da edozein haurrentzat Reale Arenan finala jokatzea», onartu du Batistak. Inaugurazio festa ere bertan egingo dute, astelehenean: talde guztiek parte hartu ahalko dute desfilean.

Finaleko eta beste partidetako emaitzak jasotzeko, aurten ere Donosti Cup aplikazioa martxan jarriko dute. Txapelketako egutegi osoa ikusi ahal izango da bertan, eta sailkapenak kontsultatzeko aukera ere egongo da. Gainera, partiden eguneratzeak minutuz minutu jasotzeko aukera emango du aplikazioak.

«Pandemia aurreko sentsazioak berreskuratzea, Donosti Cupen astean sortzen den poztasuna itzultzea» desio du Batistak. Hiria ekitaldiaren koloreak eta giroa hartzen ikusteko gogoz dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.