Bihar emango diete Laudioko jaiei hasiera ofiziala. Lan hori Kuxinak Tripotxan jai kuadrillak izango du, eta balkoian egongo direnetako bat Urtzi Mayo da (Laudio, Araba, 1980).
Zer sentitzen duzue suziria bota behar duzuenok aurreko egunetan?
Egia esan, lasai gaude. Egia da herriko jaiak direla, baina, oraingoz, ez dugu inongo presio edo urduritasunik. Ilusioa egiten digu, baina suziria piztuko dugu, eta kitto. Besterik gabe. Azken finean, zozketa bidez egokitu zitzaigun guri sari hau. Kuadrillen artean zozketa bat egin genuen, eta gure alde egin zuen zorteak.
Nola bizi izan dituzue jai aurreko antolaketa lanak?
Aurten ez dugu lanik egin. Hamabost urte daramatzagu jaietan ekintza asko antolatzen, eta aurten deskantsua tokatzen da. Jendea apur bat nekatua dago, edo familiarekin oporretara joan da. Hori dela eta, iaz erabaki genuen azkena izango zela hura. Beraz, aurten ezer ere ez antolatzea erabaki dugu.
Zer egun izango da kuadrillarentzat berezia jaietan?
Txupinazo eguna berez da egun handia, eta berez da guretzat egun garrantzitsua. Are gehiago aurten, txupineroak garela eta. Bihar balkoian pregoilariak eta guk izan behar dugu bakarrik protagonistak; guri egokitzen zaigu lehen planoan egotea.
Bederatzi jaiegun dira, hamabi egunetan banatuta. Zer deritzozu?
Duela urtebete edo bi galdeketa bat egin zen honen kontura, eta orain ezagutzen dugun formatua mantentzea erabaki zuen herriak. Nik, pertsonalki, abuztutik kenduko nituzke jaiak, eta, horrez gain, astebetekoak egingo nituzke. Jai askorekin bat egiten du: Amurrio, Donostia, Bilbo... Nola egingo diogu aurre guk Bilboko Aste Nagusiari? Esfortzu handia egiten dute herritarrek Laudion geratzen. Buelta bat eman behar zaie jaiei.
Urtzi Mayo. Txupineroen taldeko kidea
«Balkoian, pregoilariak eta guk izan behar dugu bakarrik protagonistak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu