Koldo hil dute; ondare garrantzitsua pilatu baina banatu ez duen diruduna. Zer ikusi, hura erosi. Hori zen haren egunerokoa. Ingurukoak, baina, gogaiturik zeuden haren jarrera harroarekin. Denak dira susmagarri, beraz; baina nor izan da hiltzailea? Senideak, neska-laguna, adiskideak, langileak... Batek daki!, horixe da atzo Iruñeko Baluarten Jaso ikastolako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 49 ikaslek taularatu zuten ikuskizuna. Imanol Janices, Edu Serna eta Irantzu Zabalza irakasleen zuzendaritzapean, bi emanaldi eskaini zituzten; bata goizean, eta bestea iluntzean. Ikasleek eginiko laugarren musikala izan da aurtengoa.
Koldok nahi adina diru izan arren, ezin zuen guztia erosi. Maitasuna, laguntasuna eta babesa, esaterako, ez daude salgai, eta hala erakutsi zuten ikastolako aktore finek. Pertsonaiak Koldorekin haserre edo jeloskor bazeuden ere, balioak txanponen gainetik jarri zituzten.
Baina horretarako, hiru ikerlarik bide luzea egin zuten, ikusleen laguntzarekin. Izan ere, txalometroa-ren bidez, publikoak erabaki zuen zein ordenetan berreraiki Koldoren bizitzako azken gertakariak. Indartsu jo zuten txalo, gogotsu, zer gertatuko irrikaz eta ikuskizunarekin gozatuz. Ez zen gutxiagorako izan.
Jasoko ikasleek artista hutsak direla erakutsi zuten: dantzatu, abestu, musika jo, malabarismoa landu, antzeztu... Dena batera, eta bikain. Akrobazia ederrak ere egin zituzten zoologiko bateko tximuek: jauziak, itzulipurdiak, aireko dantza ikusgarriak... Horietako bat izan zen Nerea Lusarreta aktorea: «Ordu asko pasatu ditugu saio horiek praktikatzen, baina merezi izan du».
Ikusten ez den lana
Ordubeteko ikuskizunaren atzean, ehunka orduko lana dago: «Ikusten dena izugarria izan bada, are izugarriagoa izan da ikusten ez den lana», harro mintzatu zen Janices zuzendaria. Pozik dago ikasleek eginikoarekin.
Zabalzak, berriz, antzerki obra batek lor dezakeena nabarmendu zuen: «Hezkuntzan ez da antzerkia lantzen, baina baliabide zoragarria da lotsa, autoestimua eta abar lantzeko. Gainera, halako lanketarik gabe, ikasleen gaitasun eta ahalmen ugari bidean galtzen dira». Euskal kultura eta folklorea beste modu batean bizi eta ikasi dutela azaldu zuen. Ez hori bakarrik: «Euskara sustatzea da lan honen helburu bat: kantak itzuli, moldatu, gidoiak prestatu, ahozkotasuna landu... Denetarik egin dute ikasleek, eta dena euskaraz», gehitu du Janicesek.
Eskolaz kanpoko ekintza gisa lantzen dute antzerkia Jason. Maialen Pascual laugarren aldiko pertsonaia nagusietako bat izan da: «Urduri egon arren, gustatzen zaiguna egin dugu, eta hori nabaritzen da. Gainera, sekulako giroa dago gure artean». Lusarretak bat egin du ikaskidearekin: «Inoiz ez nuen pentsatuko hiru urte gazteagoekin horrelako harremana izango genuenik». Azken urtea izango da bientzat ikastolan; oso hunkituta zeuden ikasleak. Pozik, baina, aldi berean, triste. Ez ziren bakarrak. Janicesek ere «pena handia du» joango direnengatik: «Ordu asko izan dira elkarrekin, eta harreman berezia sortu da guztien artean. Gainera, badago jendea lau urtetan parte hartu duena, eta aurten alde egingo dute». Serna da hirugarren zuzendaria: «Ikasleek denbora osoan begietan izan duten distira eta ilusioagatik bakarrik, merezi izan du honek».
Musikala
Balioak txanponen gainetik
Batek daki! musikala taularatu du Iruñeko Jaso ikastolak. Dantza, akrobazia, antzerkia eta beste hainbat arlo landu dituzte taula gainean zein atzean; balioen garrantziaz aritu dira. Bideoa, musikala (Argazki Press). [youtube]https://youtu.be/lq1_HZ5fnEs[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu