Bebarruko jardunen barruan, kontzertu erakargarria antolatu dute gaurko Azkoitiko Matadeixen. Izan ere, hamabost urtez estudioko lanik kaleratu gabe egon ostean, berriki atera du Balerdi Balerdi taldeak Hegoko lautadaren ertzetik lana. Eta disko horretako kantak zuzenean joko dituzte gaur. «Inoiz talde bati elkarrizketa batean galdetzen bazaio ea zer duen gustukoen, erantzuna ia beti izaten da berdina: zuzenean jotzea. Ez gara gu, bada, horren martzianoak, guri ere horixe baita gehien gustatzen zaiguna», diote taldeko kideek beren webgunean (balerdibalerditaldea.wordpress.com). Haiek ekoiztu dute disko berria, hamar kantuz osatua. Eta kontzertuetan jarriko dute salgai; Gor diskoetxeak ere banatuko ditu ale batzuk dendetara. Toño Murok konposatutakoak dira kanta guztiak: orain urte asko sortutakoa da bildumako abesti bat, maketa batetik berreskuratutakoak dira beste hiru, eta azken urte erdian sortutakoak beste sei. Rocka, folka eta power popa dituzte ardatz. Balerdi Balerdiren hurrengo bi kontzertuak Atarrabian —hilaren 7an— eta Donostian —hilaren 23an— izango dira.
Gaurko kontzertuan, bestalde, Nafarroako Pottoka taldeak rock ska eta punk doinuak jarriko ditu.
BALERDI BALERDI, POTTOKA
Noiz. Gaur, 22:30ean.
Non. Azkoitiko Matadeixen (Gipuzkoa).
Balerdi Balerdi, kanta berriekin
'Hegoko lautadaren ertzetik' disko argitaratu berriko kantak Azkoitian entzun ahalko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu