Euskarazko power poparen izar usoak dira Balerdi Balerdi: lehen garaian jarraitzaile asko lortu ez, baina euren kanten kalitatearengatik kultuko talde bihurtu. Euskal Herriko zeru gaineko bigarren agerraldian, miresle sekretu haiek entzule multzo sendo bihurtu nahi dituzte. Kontzertu bat emango dute gaur Doka Donostiako kafe antzokian, beste izar uso batekin: kontzertu inprobisatu batzuk emateko jaio arren bere lekua aurkitu duen Giorgio Bassmatti bakarlariarekin.
Euskal Herriko musikaren basoan soinu gogorrak zuhaitz nagusi eta ia bakarra zirenean agertu zen Iruñetik Toño Muroren Balerdi Balerdi taldea. Hiru disko grabatu eta oso kritika onak jaso arren, gutxi saldu zuen taldeak. Azkeneko kontzertuetako batean, 12 ikusle baino ez zituzten izan, eta taldea bertan behera uztea erabaki zuten gutxira.
Aurten, ordea, berriz bildu eta Atzetik datorren bultzada diskoa plazaratu dute. Rocka, folka eta power popa dira nagusi taldearen bizialdi berrian.
Giorgio Bassmattik unean unerako kantak sortzeko asmatu zuen bere burua. Lagunen baten erakusketa zabaltzen zuela, koadroek iradokitako bizpahiru kanta sortzen zituen, berak zirriborro pop deituriko filosofiari jarraikiz. Behin-behinekoa, ordea, iraunkor bihurtu da.
BALERDI BALERDI ETA GIORGIO BASSMATTI
Noiz. Gaur, 29:30ean.
Non. Doka Donostiako kafe antzokian.
Balerdi Balerdi Bassmatti
Pop emanaldi bat eskainiko dute Toño Muroren talde berpiztuak eta Giorgio Bassmatti bakarlariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu