Moriarti ekoiztetxeko sortzaileek telesail bat grabatuko dute Cristobal Balentziaga Getariako (Gipuzkoa) diseinatzailearen inguruan. Jon Garaño zinemagileak hau esan zion BERRIAri iazko azaroan: «Euskal Herrian egindako telesail bat izango da, euskaldunek egina pertsonaia euskaldun bati buruz. Oso ondo dago Disney horrelako istorio batera erakarri izana». Oraindik ez da argitu zer aktorek egingo duen Balentziagarena. Baina ekoizpenaren inguruko xehetasun batzuk ari dira azaleratzen. Grabaketak ekainaren 6tik urriaren 8ra egingo dituzte; Modfie agentziak deialdi bat egin du, telesailerako figuranteak behar dituztelako. Izan ere, lau hilabeteko grabaketetan ehunka figurante eta aktore beharko dituzte. Sei atalez osatutako telesaila izango da, eta Disney Plus plataformak datorren urtean estreinatuko du.
Grabaketak Euskal Herriko honako herri eta hirietan egingo dituzte: Gipuzkoan, Donostia, Getaria, Oñati, Irun, Errenteria, Pasaia, Oiartzun, Azpeitia, Andoain eta Hondarribia; Bizkaian, Balmaseda eta Karrantza; Lapurdin, Miarritze; Iruñea; eta Gasteiz. Grabaketak egingo dituzte Okzitaniako Tolosan eta Bordelen ere, eta Parisen eta Madrilen.
Disney Plusek eman ditu, bestalde, lantaldean arituko diren zenbait profesionalen izenak: Balentziagaren diseinuez Bina Daigeler diseinatzailea eta Pepo Ruiz Dorado figurinista arduratuko dira. Daigeler Alemanian jaioa da, Espainian bizi da, eta hainbat film esanguratsuren jantziez arduratu da —Mulan pelikulako jantziengatik Oscar sarietarako hautagaia izan zen—. Daigelerrek esan du «oso interesgarria» izaten ari dela ekoizpenean parte hartzea: «Balentziagak teknika eta estilo berriak sortu zituen. Gainera, telesailaren jantziak diseinatzea bi fikziorentzat aldi berean lan egitea bezalakoa da: Balentziagaren diseinuetan egin behar da lan, eta, horrez gain, fikzioan agertzen diren pertsonaia guztien jantzietan».
Lantalde teknikoan, Moriartiko zinemagileen konfiantzazko profesionalak arituko dira: Javier Agirre izango da argazki zuzendaria, eta Mikel Serrano arte zuzendaria; Iñaki Diez eta Xanti Salvador arduratuko dira soinuaz; Raul Lopez eta Maialen Sarasua arituko dira muntaketan; eta Laurent Dufreche izango da postprodukzioaren koordinatzailea. Halaber, Karmele Soler izango da makillajearen arduradun nagusia, eta orrazkerez Sergio Perez Berbel arduratuko da.
Martxoan 50 urte bete ziren Cristobal Balentziaga hil zenetik. Disney Pluseko telesailean, diseinatzailearen bizitzako hainbat garai jasoko dituzte. Erronka handiko ekoizpena izango da, horrenbestez. Fikzioa egiteko ideia Lurdes Iglesiasena da, eta gidoilari taldean dago Jon Garaño, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregirekin batera.