Cristobal Balentziaga jostunari eta haren inguruari beste ertz batetik heldu die Mariu Emilasek (Donostia, 1964). Haren langileen lekukotasunak hartu ditu oinarri, eta, besteak beste, Juan aitonaren eta Juan Mari aitaren bizipenekin osatu du Balenciaga: mi jefe liburua (Balentziaga: nire nagusia). Abenduan aterako da.
Zure aita Juan Marik hasi zuen zirriborroa liburu bilakatu duzu. Nola osatu duzu hark utzitakoa?
Aitak zirriborro bat utzi zuen, ohar dezenterekin. Liburua bere proiektu bat zen; txikitatik entzun izan nion gustatuko litzaiokeela Balentziagari buruzko liburu bat idaztea. Memoria liburu bat da, Balentziagarekin lan egin zuten bi belaunaldiren ahozko transmisioaren bidez osatua, 1917tik 1972ra artekoa.
Berritzailea da kontaketa, Balentziaga eta haren gertuko mundua langileen hitzez azaldu duzulako. Nor zen haientzat Balentziaga?
Gertuko eta ez hain gertuko langileek beti ikusi dute sekulako mirespenez, gurtzeraino. Gizon oso perfekzionista zen, oso zorrotza eta izugarri diskretua. Zorrotza izaki, bere lantegietan erabateko isiltasuna sortzen zen. Irudi dezakeen arren horrek giro arraro samarra eragin zezakeela, miretsi egiten zuten. Alde gizatiar ikaragarria zuen, eskuzabala zen, eta bertute oso onekoa.
Zer arrasto utzi du langileengan?
Balentziaga 1972an hil zen, eta harekin lan egin dutenek oraindik ere mirespenez hitz egiten dute, lehen hitz egiten zuten modu berean, denbora gelditu balitz bezala. Balentziaga etxeaz hitz egitean, beti aipatzen dira diskrezioa eta seriotasuna. Egia da. Eta ez etxea bakarrik; bera ere oso-oso diskretua zen, izugarri isila. Diskrezio hori beti azaleratu izan da haren inguru gertukoenean. Adibidez, galdetzean bere amodioez, bikotekideaz... Beti eraman zuen modurik ahalik eta diskretuenean, eta inguruak ere, berdin. Hori berezitasun bat da; ez bakarrik Balentziagari lotua, baizik eta haren inguruari. Nire etxean ikusi izan dut beti. Zeukaten lanaren filosofia zen, bizitzeko modu bat.
Jostun familia da zurea. Noiz hasi zen tradizioa?
Birraitona jostuna zen, frantsesa, eta Landetatik [Okzitania] etorri zen Donostiara, 1890eko hamarkadan, aukera bila. Garai hartan, Maria Kristina erregina hasi zen udak Donostian pasatzen, eta horrek erakarri zituen noblezia, burgesia... Nukleo bat sortu zen, eta, era berean, lanerako aukera berriak. Birraitona han agertu zen. XX. mende hasieran, bere tailerra ireki zuen. Balentziaga dagoeneko Donostian ari zen lanean, eta 1917an, lantegia ireki zuen nire birraitonarenetik bi etxaditara. Nire aitonak, 17 urte zituela, iragarki bat ikusi zuen egunkarian, Balentziagak jendea behar zuela eta. Aurkeztu, eta harekin lanean hasi zen.
1933an ireki zuen Madrilgo lantegia Balentziagak. Zer izan zen zure aitonarentzat hara joatea?
Bere aita Frantziatik etorritakoa zenez, suposatzen dut halako naturaltasun batez ikusiko zuela. Jostundegiko maisu aritu zen han. Aitona eta Felisa Irigoien izan ziren bi oinarrizko zutarri Madrilgo etxean. Aita ere hango lantegian hasi zen, 1948an, ikastun.
36ko gerrak nola eragin zien?
Oso garai zailak tokatu zitzaizkion aitonari. Gerra hasi zenean, Balentziagak bere hiru etxeak irekiak zituen: Donostiakoa, Madrilgoa eta Bartzelonakoa. Baina, noski, erdi itxi egin behar izan zituen; luxuaren merkatuarekin lotutako dena debekatu egin zuten eta. Gerra hasi zenean, Balentziaga Parisera joan zen, 1937an hango etxea ireki zuen, eta aitonari proposatu zion joatea. Saiatu zen, baina ez zen ailegatu. Desertorea izandakoa zen, eta ez zuen beharrezko dokumentazioa. Madrildik Donostiara etortzen saiatu zenerako, setiatuta zegoen Madril. Ezin izan zen handik atera.
Zure aita Donostiara itzuli zen?
Amona eta aita jaioterrira itzuli ziren. Aitak Donostian ireki zuen bere lantegia, eta kuriosoa izan zen nola egin zuen topo Balentziagarekin; kasualitatez, denda batean. Elkar agurtu zuten, eta momentu horretan Balentziaga ari zen norbait bilatzen bere lantegi propioa izango zuena, eta konfiantzazkoa izango zena. Balentziaga erretiroa hartuta zegoen, baina oraindik bezeroak zeuzkan. Oso gertuko harremana sortu zen bien artean. Nire aitak askoz gehiago ezagutu ahal izan zuen Balentziaga pertsona. Beti gordetzen zuen oroitzapen oso amultsua, bihotzekoa. Balentziagak izan zituen kolaboratzaile minenetako bat izan zen aita.
Zer geratzen da garai haietako goi mailako joskintzatik?
Lehen noblezia zen, erregetza; klase pribilegiatuak esklusibotasun bila. Goi mailako joskintza existitzen da, baina zer egongo dira guztira, ehun bezero? Orain firmek, Chanelek eta abarrek, goi mailako joskintzaren beraien lerroa daukate.
ATZEKOZ AURRERA. Mariu Emilas. 'Balenciaga: mi jefe' liburuaren egilea
«Balentziagaren diskrezioa beti azaleratu izan da haren inguruan»
Birraitona, aitona eta aita jostunak izan ditu Emilasek. Juan Mari aitaren zirriborrotik abiatuta, Cristobal Balentziaga jostunarekin lan egin zutenen testigantzak bildu ditu. «Memoria liburu bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu