Aurreko mendeko jostun eta diseinatzaileen artean entzutetsuenetako bat izan zen Cristobal Balentziaga (Getaria, Gipuzkoa, 1895-Javea, Espainia, 1972). Parisen egin zituen lanean hiru hamarkada luze; 36ko gerra piztu zenean, zituen dendak itxi, eta Frantziako hiriburura jo zuen. Han zabaldu zuen lantegia, George V etorbidean, 1937an. Goiz da jakiteko Balentziagaren bizitzako zer pasarte ikusiko diren Disney Pluseko telesail berrian, baina Jon Garaño zinemagileak argi du Parisek azaldu beharko duela, «modu batean edo bestean»—Handia filmean, Baionan irudikatu zuten Paris—. Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik beren lehen telesaila zuzenduko dute, eta Gipuzkoako jostuna izango da protagonista nagusia.
Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeetako ekoizle Xabier Berzosak ohartarazi du oraindik ez direla preprodukzioarekin ere hasi. Disneyk duela egun batzuk iragarri zuen «Espainiako lehen ekoizpen originala» izango dela Balenciaga —behin-behineko izenburua da—.
Proiektuaren ideia Lurdes Iglesias gidoilariarena da. «Ez genuen ezagutzen», azaldu du Garañok. «Euskal Herritik kanpo ibili da azken urteotan. Bere proiekturako ekoiztetxeak bilatzen hasi zen, eta gugana jo zuen». Ideia interesgarria iruditu zitzaion Berzosari: «Iglesiasen hasierako ideiatik egingo dugunera gauza asko aldatuko dira. Edonola ere, Iglesias gidoilarien lantaldean sartu da. Hark eman zigun lehen bultzada, eta gustura ari gara harekin lanean».
Iaz, pandemiako konfinamendu garaian, idatzi eta idatzi aritu ziren Moriartikoak. Garañok zera dio: «Une batean zortzi proiektutan lanean genbiltzan. Batzuetan gidoia bazegoen, eta bertsioekin genbiltzan. Eta beste batzuk bost orrialdeko ideiak ziren. Iglesiasen proposamena iritsi zenean, beste proiektu bat nahiko aurreratua genuen, eta bazirudien hori egingo genuela, baina Balentziagari buruzko telesailak aurrea hartu zion».
Berzosa gustura dago proiektuarekin, plataformarentzat hasieratik aritzeagatik. «Burutik kendu ahal izan dut ekoizle gisa sor daitekeen beldurra: banaketaren mundu zaila nola kudeatuko dudan. Ordu asko pasatzen dira normalean banatzaileak ixten, telebistekin edota plataformekin akordioak ixten... Erabaki asko daude. Eta, kasu honetan, hori guztia zuzenean daukagu hasieratik».
Sofia Fabregas Disney Pluseko Espainiarako ekoizpen originalen presidenteordeak nabarmendu du Balentziaga mugak gainditzen dituen ikono bat dela, eta plataforman sortzaile onenekin lan egiteko asmoa dutela.
Berzosari iruditzen zaio Euskal Herriko sektorearentzat «bultzada handia» izan daitekeela Disney Plusentzat telesail bat egin ahal izatea: «Ea aukera gehiago sortzen diren». Ildo berean mintzo da Garaño: «Euskal Herrian egindako telesail bat izango da, euskaldunek egina pertsonaia euskaldun bati buruz. Oso ondo dago Disney horrelako istorio batera erakarri izana». Gainera, oraingoz, baldintza batzuk badituzten arren, ez dituzte muga asko. «Askatasun osoa eman digute istorioa gure modura kontatzeko, eta eskertzen da». Berzosak dio Disneyk konfiantza eman diela. «Eta orain arte egin dugun lanaren jarraipena egiteko aukera ere bai. Telesail forman izango da, baina gure sormena errespetatuz. Gure tokia erraz aurkituko dugu lankidetza horretan».
Narrazioari dagokionez, ez da kontu bera bi orduko film bat sortzea edo sei ataleko telesail bat egitea. Alde horretatik, Garañok hausnarketa hau egin du: «Batzuetan, geure buruari esaten diogu bost orduko pelikula bat bezalakoa izan daitekeela. Baina kapitulu bakoitzak arku dramatiko bat izan behar du, eta horrek eragiten du orokortasunean. Atal bakoitzak modu independentean funtzionatu behar du».
Moriartiko zinemagileak argi du Balentziagaren gorabeherak pantailan islatzeko produkzio lan handia beharko dela. «Proiektu handi bat da. Garai desberdinak jasoko ditu, jantziteria, luxua egongo da...».
Garañok, Goenagak eta Arregik publizitateko lan bat egin berri dute: Espainiako Loteriaren Gabonetako iragarkia. «Esperientzia berezia eta berria izan da guretzat», esan du Garañok.
Balentziaga josiko dute
Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik telesail bat zuzenduko dute Cristobal Balentziaga jostunaren inguruan. Disney Plus plataformak estreinatuko du, 2023. urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu