Balentziaga: estilo baten kateorratzak

50 urte bete dira Cristobal Balentziaga diseinatzailea hil zenetik. Modari egin dion ekarpena, utzi duen ondarea eta oraindik ikertzeko gelditzen dena nabarmendu dituzte adituek. Haren izena daraman markak sekulako sona eta ospea hartu du berriro, baina oso bestelako diseinuetan eta merkatuetan.

Balentziagaren soineko bat, urteurrenaren harira Balentziaga museoan jarritako erakusketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Tarratada handia da 50 urtekoa modaren oihalean. Ezin josizko urratua izan liteke askorentzat, baina ez da hori Cristobal Balentziagaren kasua: etenik gabe jarraitzen dute haren josturek, modaren joanean emandako puntadek eta mugarri bihurtutako kateorratzek.

Martxoaren 23an 50 urte bete ziren Getariako (Gipuzkoa) diseinatzailea hil zenetik, eta Balentziaga izaera izeneko erakusketa ireki dute haren museoan. «Balentziagatasuna zer den erakusteko», Miren Vives museoko zuzendariak azaldu duenez. Izan ere, haren oihalek adina tolestura dauzka Balentziagak: izaera bat uzkurra, sorrera bat umila, ibilbide bat behetik gorakoa, eta jardun bat markakoa. Ez da erraza haren ekarpena zein izan den erantzutea. «Bere ideia propioei jarraitu zien, eta horrek egiten du berezi Balentziaga: ez dagoela modari erantzuteko, baizik eta moda egiteko. Bere bidea egin zuen beti, 52 urtetan. Denbora horren luzean, modaren epaile eta erreferente bihurtu zen. Lortu zuen gailurrera iritsi eta hor mantentzea, beti abangoardian egotea, eta aurrea hartzea», hausnartu du Vivesek.

Igor Uria da Balentziaga museoko bildumen arduraduna. Ekarpenak ez zaizkio zerrendan kabitzen: dotorezia, edertasuna, harmonia, perfekzioa eta proportzioa aipatzen ditu, besteak beste. «Gaur egun, jantzi bat janzten duzu, eta, gelditzen zaizun moduan gelditzen zaizula, ondo dagoela dirudi. Bera konturatzen zen gorputzak ez direla perfektuak, eta egiten zuena zen proportzio joko bat bezeroari edertasun puntu hori emateko. Hor dago Balentziagaren misterioa», azaldu du Uriak.

Adituen artean ez dago kontraesan handirik. Dohain eta ekarpen berdintsuak ikusi dizkiote Balentziagari, nahiz eta ikuspegi ezberdinetatik nabarmendu. Abraham Amezaga kazetari eta moda adituarena da hausnarketa: «Balentziagak estilo bat sortu zuen, eta estilo bat ez da modaz pasatzen. Klasikoa zen, baina abangoardista bere garairako. Estilo bat proposatu zuen, eta gailendu egin zen. Modaren kontzeptu berezi bat izan zuen».

Bolumenak, formak eta espazioak: Vivesek dio horiek zirela Balentziagak menperatzen zituen «lurraldeak». Uriak, gainera, emakumezkoa «ahalduntzeko» zuen gaitasuna ere nabarmendu du, pasadizo batekin: «Gogoan dut arkitekto izandako emakumezko bat. Hark zioenez, obren ikuskaritza egin behar zuenean, Balentziagaren traje batekin joaten zen, boterea eta ziurtasuna ematen ziotelako, obrako langile gizonezkoei esateko hau horrela eta hau bestela egin behar zutela. Indartu eta ahaldundu egiten zituen emakumezkoak».

Balentziaga bat zer den

Badute Balentziagaren piezek ezaugarri bat: igualtsu dio noiz begiratu, beti dirudite gaur egungoak. Hain zuzen, «atenporalitate» hori nabarmendu dute adituek. «Bezeroak ez zeukan zertan erosi modan zegoena. Balentziagak zioen berak ez zuela inoiz aldaketarik egin bere ibilbide osoan. Eta egia da. Ideia finko batzuen inguruan egiten zuen lan, eta horien bueltan egiten zituen aldaketa txikiak. Haren traje bat erosten zuenak bazekien hurrengo urtean ere Balentziagak antzerako zerbait egingo zuela, aldaketa txiki batzuekin, baina bazekien urte batzuetan ez zeukala aldatu beharrik eta balioko ziola», azaldu du Uriak.

Gaur egungo ikuspuntutik ez da erraza hori ulertzea, moda zerbait bada aldakorra eta iragankorra baita. Uriak, horregatik, Balentziagaren «koherentzia» nabarmendu du: «Ez zuen egun batean berdea eta hurrengoan urdina erabiltzen, eta urte batean mahuka motzak eta hurrengoan luzeak... Koherentzia bat lortu zuen. Ez dakit moda artea den edo ez; dakidana da Balentziagak koherentzia bat daukala, eta modan koherentea izatea oso zaila dela». Eta koherentea izatea bakarrik ez, baizik eta koherentzia horri denboran eustea: «Ez dira urte bat, edo bi, edo bost. Parisen 30 urte egin zituen. Eta esan dezakezu: lehen mailan aritu zen, baina ondoren bigarrenean, gero hirugarrenean, gero laugarrenean... Ez, ez... Denbora guztian lehen mailan. Horrek izugarrizko balioa dauka».

Kontua da jakitea balio horren izugarriaz eta Balentziak egindako ekarpena zaindu eta aldarrikatu beharraren garrantziaz jabetzen ote den jendea. Vives zuzendariak dio «geroz eta gehiago» kontsideratzen dela Balentziaga euskal herritarren ondare: «Asko aldatu da modaren inguruan zegoen ideia hori: kontsumitzeko dela bakarrik. Barneratzen ari gara hori, eta tendentzia bihurtu da jada. Frantzian, adibidez, aspalditik dago kontzientzia hori, eta diseinatzaileen artxiboak ondare gisa kudeatzen dira».

Izan ere, «paradoxa» moduko bat ikusten du Vivesek: «50 urte asko dira, baina ez dira asko. Pentsa liteke Balentziagari buruzko guztia ikusita eta idatzita dagoela jada, baina ez da horrela. Izan ere, esanda bezala, moda duela urte batzuk arte ez zen kontsideratzen ondare. Artxiboko gauza asko galdu egin ziren, eta, Balentziaga bera ere oso pertsona itxia eta intimoa zenez, ez dakizkigu gauza asko haren inguruan. Gauza pilo bat daude ikertu gabe».

Egin dituzte erakusketak han eta hemen, idatzi dituzte liburuak, artikuluak, antolatu dituzte hitzaldiak, baina ikerketa lan sakonagoei buruz ari da Vives: «Testigantzak badaude, eta behar ditugu. Baina ez dira guztiz errealak: gure oroimenarekin egindako ariketak dira, eta, askotan, egokitu edo moldatu egiten ditugu. Horiek ere kontrastatu behar dira, ikertu egin behar dira, eta bildu egin behar dira».

Balentziaga museoak diseinatzaileari buruzko kongresu bat antolatu zuen 2020an, eta Vivesek onartu du «proba gisa» planteatu zutela hura: «Ez genekien mundu akademikoan Balentziagaren inguruan zein alderdi nabarmendu zitezkeen. Gure sorpresa izan zen 80 ikerketa proposamen baino gehiago atera zirela, eta alor ezberdinetakoak: komunikazioa, teknika, historia... Hor konturatzen zara badagoela nazioarteko interes bat zorroztasun batekin ikerketak egiteko».

Gaur egungo marka

Diseinatzailearen lehengo jarduna, modari egindako ekarpena eta oraingo ondarea bai, baina izen berbera duen marka bat ere bada Balentziaga. Lyst izeneko plataformak joan den astean jakinarazi zuenez —online egiten diren moda munduko erosketetan erreferentziazkoa da Lyst—, Balentziaga da uneotan munduko markarik «desiratuena». Baina goi mailako joskintzako soinekoen Balentziaga? Meloi formako mahukak eta baloi formako gonak asmatu zituen Balentziaga? Ez. Kiroletako jertse, diseinuzko zapatila eta poltsen Balentziaga da hori.

Abraham Amezagak badaki historia: «Balentziagak bere etxea 68ko maiatzean itxi zuen. Ikusten zuen prêt-à-porter edo prestaturiko moda inposatzen ari zela, bezero asko adinean aurrera zihoazela, eta desagertzen ari zirela... Bere azken bi enkarguak Air France konpainiaren uniformeak eta Carmen Martinez Bordiuren ezkontzarako soinekoa izan ziren. Hilabete geroago hil zen Cristobal Balentziaga, bihotzekoak jota».

Eta itxita egon zen haren enpresa, 1986ra arte. Amezagak dio Balentziagaren ideia zela Balentziaga izena berarekin desagertzea, «baina ez zen ezkondu, ez zeukan familiarik, ez zuen testamenturik utzi... Ilobek Balentziaga izena saldu egin zuten».

Gaur egun Kering gisa ezagutzen den taldea jabetu zen markaz, 1986an. Diseinatzaile bat kontratatu zuten: Nicolas Ghesquiere. «Sekulako indarra eman zion markari, eta gazte aberatsen unibertsora zuzendu», argitu du Amezagak. Alexander Wang estatubatuarrak hartu zuen Ghesquieren tokia 2012an, eta Demna Gvasalia georgiarrak Wangena 2014an. Horrek bihurtu du berriz ere mundu osoko fenomeno eta erreferentzia Balentziaga marka.

Dotorezia ezberdin bat

«Dotorezia ulertzeko modu ezberdin bat» dela dio Uriak oraingo markari buruz: «Ez da hobea, ez da okerragoa. Haien lana moda egitea eta dirua egitea da. Gvasaliaren desfileak ikuskizun bat dira. John Gallianok bere garaian egiten zituenen antzekoak».

Miren Vivesek ere Balentziaga diseinatzailearengandik «urruti samar» ikusten du haren izena daraman oraingo marka: «Baina egia da ari direla esfortzu bat egiten markaren erroak ikertzeko eta agerian jartzeko. Demna Gvasalia bi aldiz gutxienez etorri da Getariara, errespetu guztiz, eta miresten du Balentziaga».

Vives zuzendariak aitortzen dio meritua Gvasaliari. Gazteekin nola «konektatu» badakielako, eta modaren gaur egungo ibilia oso ondo «ulertzen» duelako: «Orain, moda antzezpen bat ere bada, ikuskizun bat, show bat. Eta tresna horiek erabiltzen ditu bere mezuak emateko, eta ez dira mezu hutsalak: gai askotan posizionatu egiten da, mezu asko politikoak dira, eta kritika bat dago atzean».

Izan liteke bide bat, Balentziaga jatorrizkoaren bila, gazte horiek museora gerturatzeko ere. Eta gertatu zaie: «Egia da etorri izan dela jendea museora pentsatuz zapatilak eta jertseak ikusiko zituela. Ez dituzte ikusten, baina oso pozik ateratzen dira ikusi eta deskubritzen dutenarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.