'Balenciaga', udazkenerako

Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik ia-ia amaituta dute 'Balenciaga' telesaila. Urrian, film bat grabatuko dute, Bartzelonan. Eta 2024an, euskarazko film bat.

Mikele Landa, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, ostiral iluntzean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Handia filmean erronka zen erraldoia egitea, La trinchera infinita-n denbora nola pasatzen zen eta pertsonaiak nola zahartzen ziren irudikatzea, eta Balenciaga telesailean epizentroa jantziterian egon da». Jantzien arloa lantzea «oso intentsoa» izan dela nabarmendu zuen herenegun Aitor Arregik, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean izandako solasaldian. Jon Garañok, Jose Mari Goenagak eta Arregik beren zinemagile lanaz hitz egin zuten, Mikele Landak gidatutako ekitaldian. Iragarri zutenez, udazkenean estreinatuko du Disney Plusek sei ataleko telesaila.

Moriarti ekoiztetxeko zinemagileek aipatu dutenez, Balenciaga-ren istorioan ez dago jende pobrerik. Figuranteek ezin zutela pobre jantzi esaten zuen diseinuez arduratu den Bina Daigeler Alemaniako diseinatzaileak—Mulan pelikulako jantziengatik Oscar sarietarako hautagaia izan zen—. Arregik Daigeler definitu du: «Ferrari bat da, sekulako energia du». Baina horrek eragin zien zinemagileei diseinatzailearen lanaren baitan «dantzan» aritzea. Goenagak ñabardura egin du: «Exijentzia ere gure aldetik zetorren. Berak ere batzuetan esaten zigun oso exijenteak garela». Badu horrek arrazoia. «Jantziek istorio bat kontatzen zuten», azaldu du Goenagak. «Nahi genuen ikusi Cristobal [Balentziaga] eboluzionatzen doan neurrian, bere diseinuek ere garapen bat izatea». Atal bakoitzean urte jakin batzuk ikusten dira, eta soineko jakin batzuk aukeratu behar zituzten.

Balentziaga pertsonaiaren psikologiari heldu diote telesailean. «Baina pertsonaia bakoitzaren munduak markatzen du istorioa». Jantziteriak, kasu honetan. «Eta Daigelerrek bazuen gaitasun narratibo bat, gaitasun bat esateko soineko batek hau edo bestea kontatzen duela», dio Arregik.

Zinemagileak ez zeuden beti ados Daigelerrekin. Goenagak aitortu du asko ikasi duela: «Intentzio bat zegoen, beti, aukeratutako jantziekin. Balentziaga abstrakziorantz joan zen, eta hori kontatu nahi genuen». Balentziagaren eboluzioa zinemagileen istoriora egokitzea zen gakoa, era berean. Goenagak kontatu duenez, jantzi departamentuarentzat erronkak ez ziren gutxi: batetik, zeukaten aurrekontura egokitu behar zuten. Eta, bestetik, nahiz eta dirua egon, gaur egun ez dira oihal batzuk existitzen, eta erreplikak egin behar izan dituzte beste oihal batzuekin.

Garañori lehen ez zitzaion moda batere interesatzen. «Baina zerbaiten inguruan ez dakizunean dokumentatu egiten zara. Gu normalean hiperdokumentatu egiten gara». Garañori halako batean egokitu zitzaion Parisera joatea, Balenciaga enpresakoekin hitz egitera. «Jabetu nintzen jantzi batzuez haiek baino gehiago nekiela».

«Antsietatea» Disneyrekin

Balenciaga telesailaren grabaketetan lau hilabete pasatu zituzten, iazko ekainetik urrira. «Oso luze joan zen», dio Arregik. Atal bakoitza hiru zinemagiletako bik zuzendu dute — hirugarrena ondotik zetorrena prestatzen aritzen zen—. Edizioan hirurak aritu dira. Garañok irudikatu zuen «mendi handi bat zutela», eta hori txikiagotuz joango zela. «Baina ez zen txikitzen».

Telesail osoak «ibilbide bat» egiten du Cristobal Balentziagarekin, eta, aldi berean, atal bakoitzak «bere identitatea» dauka, Garañok azaldu duenez. Loturak daude atalen artean, baina ez da biopic bat. «Asmoa da beste gauza batzuez hitz egitea».

Plataforma handi batentzat lan egiteak bere ezaugarriak ditu. Goenagak azaldu du Disneyk gidoiak irakurri zituela, eta grabaketen eguneroko materiala jasotzen zuela. «Madrilera eta Londresera atalak bidaltzean, negoziazioak egoten dira. Prozesu hori amaitzen ari gara; harremana errespetuzkoa izan da, baina batzuetan antsietatea kudeatzea zaila da». Erantzun horien zain egoteak «antsietatea» eragin die hiru zinemagileei. Arregik argi du: «Nagusiak haiek dira, eta guk orain arte ez dugu telesailik egin plataforma batentzat».

Beste bi film egingo dituzte

Behin telesaila amaituta, hiru zinemagileek iragarri dute hemezortzi urtean garatu duten proiektu bat eramango dutela aurrera: benetako gertaeretan oinarritutako fikziozko film luze bat grabatuko dute urrian, Bartzelonan —katalanez eta gaztelaniaz izango da, «batik bat»—. Datorren urtean, berriz, euskarazko film bat egingo dute —pandemia hasieran esku artean zituzten proiektuetako bat da—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.