1995ean Madrilera ikastera joan zen Elvira Cuadrupani (Getxo, Bizkaia, 1972), eta han egin du aktore ibilbidea. Telesail ugaritan parte hartu du.
Cristo y Rey bihar estreinatuko dute. Zer pertsonaiarena egiten duzu telesail horretan?
Patri Veracruz trapezista naiz bertan; Angel Cristoren zirkuan egiten dut lan. Dakidanagatik, fikziozko pertsonaia bat da: ez zen benetako inor izan. Zirkuko familiaren parte naiz fikzioan.
Barbara Rey eta Angel Cristo pertsonaien istorioa nola kontatua dago?
Ez diot inoiz adi erreparatu haien bizitzari. Telesailak haien ikuspegi bat ematen du, eta morboa izango du.
Juan Carlos Borboikoa ere agertzen al da?
Bai, agertzen da [Barreak]. Garai hartan garrantzia izan zuten beste pertsonaia batzuk ere agertzen dira. Nire lagun bati, adibidez, Jose Luis Lopez Vazquez aktorearena egitea egokitu zaio.
Grabaketak nola joan ziren?
Oso ondo pasatu genuen. Zirkuko pertsonaiena egiten dugun aktore gehienok elkar ezagutzen genuen. Giroa ona zen; barre asko egin genuen.
Telesailak baditu osagaiak ikusleak kateatzeko?
Bai, irudi aldetik indartsua da. Istorioan pasioa eta maitasuna dago, intriga ere bai, eta uste dut jendea kateatuko dela.
Beste modu batekoa da Balenciaga telesaila. Nola iritsi zinen bertara?
Proba bat eginez, baina ez zen aurrez aurrekoa izan. Balenciaga aurten estreinatuko dute; ez dago data zehatzik oraindik.
Euskal Herriko aktore gehiago badaude telesailean.
Bai, hain justu, egunotan Cecilia Solaguren aktorearekin hitz egin dut. Haren pertsonaiak euskaraz ditu hainbat eszena.
Alberto San Juanek jokatzen du Cristobal Balentziagaren rola. Hura ere euskaraz entzun ahalko da?
Bai, sekuentzia batzuetan euskaraz arituko da. Alberto San Juanek sekulako lana egin du, eta gogo handia dut telesaila amaituta ikusteko.
Zure pertsonaia frantsesez mintzo da, ordea.
Nire pertsonaia Bettina Ballard baita. Vogue aldizkariko moda editorea zen bera, eta eragin handia zuen garai hartan. New Yorketik Parisera bidali zuten lanera nahiko gazte, eta Frantziako hiriburuan urte luzez egin zuen lan. Gero, New Yorkera itzuli zen, eta urtean bitan Parisko desfileetara joaten zen. Haren lagunen artean Balentziaga, Coco Chanel eta Christian Dior zeuden.
Paperezko aldizkariek eragin handia izaten zuten garai hartan, ezta?
Bai, dudarik gabe, Internetik ere ez baitzegoen. Aldizkari horiek argitaratzen zutena oso garrantzitsua zen. Ballarden iritzia funtsezkoa zen desfileetan.
Nola dokumentatu zara?
Zortea izan dut, Ballardek In My Fashion liburua idatzi zuelako, eta gauza asko jakin ditut horri esker. Pertsonaia liluragarria da.
Zailtasun gehiago ere baditu pertsonaiak?
Bai, zeren AEBetakoa da. Horrenbestez, telesailean frantsesez mintzo naiz, azentu amerikarrarekin.
Parisen grabatu al zenuen?
Ez, Donostian grabatzea egokitu zitzaidan. Baita Oiartzungo [Gipuzkoa] platoetan ere. Donostian grabatzea plazera izan zen.
Zenbait profesionalek esan dute oso produktu zaindua izango dela Balenciaga.
Lehen aldia da Moriarti ekoiztetxeko zuzendariekin lan egin dudana, eta bizitzako opari bat izan da. Badakit telesaila sekulakoa izango dela estetikoki. Dena oso ondo zaindua dago, bai.
Entre copas antzezlanean zabiltza. Nola doa?
Eguberrietan etena egin dugu, baina bira txukuna izan zen. Apirilaren hasiera arte, emanaldi berriak izango ditugu. Pozik nago.
Madrilgo hautaprobetan Instagrameko jarraitzaileak asko begiratzen al dira gaur egun?
Ekoiztetxe batzuek asko begiratzen dutela esaten da. Nik jarraitzaile gutxi ditut; ez naute horregatik aukeratuko. Sareengatik egoera bidegabeak sortzen dira, ofizioarekin zerikusirik ez dutenak. Askotan ez da profesional onena aukeratzen.
Elvira Cuadrupani. Aktorea
«'Balenciaga' sekulakoa izango da estetikoki»
Atresplayer Premiumek 'Cristo y Rey' telesaila estreinatuko du bihar, eta han trapezista bat da Cuadrupani. 'Balenciaga'-n, berriz, Bettina Ballard kazetariaren rola jokatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu