Amaiur Alfaro

«Baldintza onetan lehiatzea da orain helburua»

Zortzi urterekin hasi zen bela ikasten, Zokoan. Han dabil orain ere, uda betean, bere bi bela eskolak kudeatzen. Baina itsas zabaleko estropadak sekula ahantzi gabe.

JOANES ETXEBARRIA.
Joanes Etxebarria.
2012ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Irailean La Solitaire du Figaro zeharkaldi ospetsua prestatzen hasiko da Amaiur Alfaro, dirua bilatuz eta entrenatuz. Bitartean, bere bela eskoletan ari da lanean. Urte osoan, bere ogibidea itsasoan du, eta ageri zaio maite duela zaletasun hori partekatzea.

Itsasoa hainbeste maiterik, horretaz lan egitea amets baten gisakoa izango da, ezta?

Segur da ez dela denei emana. Gero ahalak eman behar dira ahala izateko. Egia da bela eskolarekin eta lehiaketekin urte osoko lana badudala, baina arrangurak ere badira, kredituak eta beste... Arriskuak hartu behar dira.

Urteko memento inportantena da uda?

Jarduera gehienak udan egiten dira. Udaberrian eta udazkenean ere egiten ditugu, baina gehiena udan. Udako lanak sei hilabetez biziarazten gaitu.

Lehiaketak ere jateko balio du? Pentsatzen zenuen hortik dirua irabaziko zenuela, edo afizioz egin zenituen lehen lehiak?

Pixka bat bietatik. Behar da borrokatu, badira pasarte gogorrak. 1999tik 2005era egia da horretan buru-belarri ibili naizela, baina horrek ez nau biziarazi, zorrak eginarazi baizik. Horregatik, 2006an sortu nuen Lema bela eskola, itsasotik bizitzeko. Gero 2010ean Nazioarteko Bela Eskola erosi nuen. Orain saiatzen naiz biak egiten, ez da erraza dena kudeatzea, baina baditut langile onak, eta horri esker posible da.

Lehiaketa bat hasi aitzin, itsasontzia erosi behar da, partaideak bilatu... Lan horietarako, famak laguntzen al du?

Izan dira faseak, hasieran gogorra zen bereziki aitzinkontua lortzeko; partaideak aurkitzeko behar da borrokatu beti. Bela eskolarekin hasi nintzenetik,egia da aukerak ukan ditudala, ezagutzen bidez bereziki; Lalou Roucayrol marinel famatua ezagutu nuen 2008an, eta lehiaketan berriz ere sartu nintzen harekin. Ahal egokiekin egin genituen lasterketak. Horren ondotik ez nintzen berriz ahal txikiekin abiatuko lehiaketara. Orduan 2010ean, ezagutza batzuekin, Juhane Dascon, Peiuko Pourquie eta Gaelle Le Blancekin talde bat sortu genuen, nire proiektuak kudeatzeko. Azken urteetan egin ditudan lehiaketak ahal onekin egin ditut, eta badugu hiru urteko programa, heldu den urtean bukatuko dena.

Zergatik diozu ez zenuela gehiago ahal txikiekin abiatu nahi?

Bost edo sei urtez egin dut hori... beti zorretan zara, lehiaketa ez duzu egiten baldintza onetan: burua ez duzu horretan, ez zara aski entrenatu... Niretzat, izugarriko esperientzia izan da, asko ikasi dut. Orain helburua da baldintza onetan joatea lehiaketak egitera.

Lehiaketa bat nola bizitzen da. Pentsa daiteke fisikoaz gain zailtasun psikologikoa ere badela...

Lanik handiena prestaketa lana da. Dena ongi prest baduzu, lasterketaren %70 egina da: baldintzekin zoaz, burua ongi duzu, eta gozatzen duzu osoki. Fisikoki, bela, kirol berezi bat da. Uste dut kirol bakarrenetarik dela non amateurrak eta profesionalak, gizonak eta emazteak toki berean ari garen. Neskek irabazten ahal dute. Futbolean edo pilotan nahasketa hori ez da posible; gizonek badute ginarri gehiago eta horrek diferentzia egiten du. Belan %80a burua da eta %20 fisikoa.

Neska gazte bat, Laura Dekker holandesa, munduari itzulia egitera abiatu zen 16 urterekin, polemika eraginez. Zer diozu zuk horretaz?

Erokeria da, hori segur. Baina edozein adinetan erokeria pixka bat bada, bestela ez goaz. Uste dut guraso eta haur arteko konfiantza badela, batetik, eta txikidanik ukan duen esperientzia handia bestetik. Nik, guraso gisa, ez dakit onartuko nukeen alaba munduko itzulia egitera joatea 16 urterekin...

Bela eskola aipatzeko, transmisioa egiten duzunez, lehiaketan bizi izan duzuna pasarazten diezu ikasleei?

Edozein gisaz bai. Lehiaketan ibiltzeko behar da jakintza bat, eta jakintza hori pasarazten dut. Haurtzaroan ukan ez ditudan aukerak proposatu nahi ditut orain. Adibidez, nik ezin izan dut euskaraz ikasi belaontzietan ibiltzen. Amets bat zen hori proposatzea, eta horretan ari gara. Oso inportanta da enetzat. Beste atal batean ere bagabiltza, lehiaketari begira gazteak prestatzeko Euskal Herrian. Bela ongi menperatzen zuten arrantzaleek, baina txalupa motorduna asmatu zenetik galdu dugu gure kulturan. Ongi da bela berpiztea eta garatzea kirol gisa.

Euskarazko proposamena egiteak bezero gehiago ekartzen dizkizu?

Aukera hor da, eta egia da Hegoaldetik jendea heldu dela. Baina emeki-emeki jakinarazi behar da euskaraz egiten dugula, ez bezeroak ukateko, baizik eta aukera hori izan dadin.

Zer opa behar zaizu: lehiaketak ongi joatea ala eskolak arrakasta izatea?

Niretzat biak bat dira. Saiatzen naiz udako lana langileei uzten, lehiaketan zentratzeko. Badut amets bat: 2016an Vendee Globe zeharkaldia egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.