Bakterio erresistenteen mehatxua supermerkatuko apalategietan

Antibiotikoak masiboki erabiltzen dira egun, batez ere abeltzaintzan, eta osasunerako arriskutsuak diren bakterio asko antibiotikoekiko erresistente egin dira. OMEk ohartarazi du bakterio erresistenteak gizakien lehen heriotza kausa izateko bidean direla.

'Escherichia coli' bakterioaren anduia; antibiotikoekiko erresistentzia handia du. MANFRED ROHDE / EFE
'Escherichia coli' bakterioaren anduia; antibiotikoekiko erresistentzia handia du. MANFRED ROHDE / EFE
irene baranano
2024ko irailaren 19a
05:00
Entzun

Penizilina asmatu zuten arte, infekzioak ziren gizakien heriotza kausa nagusia. Alexander Flemingen 1928ko aurkikuntzak erabat eraldatu zuen osasungintza, eta, ordutik, gizakiek lasai asko aurre egin diete bakterioek sortutako infekzio gehienei. Alabaina, iraganera itzultzeko «arrisku larria» dagoela dio Eduardo Costasek. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko genetika katedraduna da, eta urteak daramatza mikroorganismoen egokitze mekanismoak ikertzen: «Gero eta bakterio gehiago erresistenteak zaizkie antibiotikoei, eta gero eta antibiotiko eraginkor gutxiago ditugu»; hala laburbildu du arazoa. Baina Costasena ez da abisu abstraktu bat, azken ikerketek erakutsi baitute arrisku hori supermerkatuetan bertan egon daitekeela.

«Gero eta bakterio gehiago erresistenteak zaizkie antibiotikoei, eta antibiotiko eraginkorrak galtzen ari gara»

EDUARDO COSTASMadrilgo Unibertsitate Konplutentseko genetika katedraduna

Alemaniako laborategi independente batek —ez du izenik eman nahi, gaiak pizten duen polemika dela eta, baina DAkkS organismoak babestutakoa da— duela hiru hilabete argitaratu du bakterio erresistenteei buruzko azken ikerketa. Europako bost herrialdetako Lidl supermerkatuetan saltzen duten oilasko okela aztertu, eta antibiotikoei erresistenteak zaizkien bakterioak aurkitu dituzte pieza gehienetan: Enterococci, E. coli, salmonella, listeriaeta campylobacter, besteak beste.

Haztegiek antibiotikoak sistematikoki erabiltzen dituztelako heltzen dira bakterio horiek abereen gorputzera. Julia Elizalde OBA Animalien Ongizaterako Behatokiaren kanpaina kudeatzailea da, eta hark azaldu duenez, kontsumorako abere haztegietan, eta bereziki hegaztienetan —horiek baitira «haztegietan pilatuen daudenak»—, animaliak ezin dira banaka tratatu. «Gaixotasun zoonotikorik ez agertzeko —eta badakigu nahiko arruntak direla—, antibiotikoak ematen zaizkie abereei, nahiz eta gaixorik ez egon», azaldu du Elizaldek.

«Gaixotasun zoonotikorik ez agertzeko, antibiotikoak ematen zaizkie abereei, nahiz eta gaixorik ez egon»

JULIA ELIZALDEOBA Animalien Ongizaterako Behatokiko kanpaina kudeatzailea

Antibiotikoak eman ostean irauten duten bakterioak izango dira erresistenteak. Abereei antibiotikoak injektatu egiten dizkiete, edo pentsuan edo uretan nahastuta eman. Kantitate txikian ematen dizkieten antibiotiko horiek, bakterioak hil beharrean, erresistenteagoak bihurtzen dituzte. «Modu prebentiboan ematen dizkiete, abereen komertzializazio sistemari eusteko, oso errentagarria denez gero», salatu du Elizaldek. Gauza bera gertatzen da gizakiek antibiotikoak hartzen dituztenean: irauten duten bakterioak erresistente bihurtzen dira.

Bakterio erresistenteak edonon

Gaur egun, halere, arazoa ez dakar haztegietako animalien haragia jateak soilik. Antibiotikoak, eta, ondorioz, baita bakterio erresistenteak ere, edonon daude: antibiotikoak hartu dituzten izaki guztien gorputzean, abereen gorotzaz ongarritutako lurretan, gernua biltzen duten ibaietan, eta, oro har, ingurunean.

Irantzu Bergarak, Ibea ikerketa taldeko ikertzaileak, landareetan eta zizareetan aurkitu ditu bakterio erresistenteak. Hark azaldu duenez, animalien gorputza —gizakiena barne— ez da gai antibiotikoak guztiz metabolizatzeko, eta gernuaren eta gorozkien bitartez iraizten dituzte. Hondakin horiek hirietako ur araztegietara heltzen dira, baina, Bergararen hitzetan, «horietan erabilitako tratamenduak, askotan, ez dira guztiz eraginkorrak uretan dauden antibiotikoak ezabatzeko». Gero, ur horiek ureztatzeko erabiltzen dira, eta, araztegietako lohiak, berriz, ongarri gisa. «Horietan antibiotikoak egonez gero, ingurumenean zabalduko dira, eta hala nola zorura eta bertan bizi diren landare eta zizareetara heldu», ohartarazi du.

33.000

Bakterio erresistenteen eraginez zenbat lagun hil ziren 2015ean Europan. Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroak ohartarazi du 33.000tik gora direla.

Ikerlariak azaldu duenez, ingurunean barreiatuta bizi diren bakterioek «antibiotikoekiko erresistente bihurtzeko mekanismoak» garatzen dituzte; izan ere, kontaktua izaten dute antibiotikoekin, baina bakterioak hiltzeko beharrezkoa den baino kontzentrazio apalagoetan.

Arazo globala eta latza

«OMEren kalkuluen arabera, baliteke gizakien heriotza kausen artean larriena bihurtzea, minbiziaren aurretik», ohartarazi du Costasek. OMEren esanetan, 2050erako baliteke urtero hamar milioi pertsona hiltzea antibiotikoei erresistenteak zaizkien bakterioek kutsatuta. Gainontzeko erakunde eta ikerlarien adierazpenek datu itxaropentsuagoak eman dituzte, baina, hala ere, kezkagarriak dira.

Bergararen hitzetan, lehen bakterioak sortu zirenetik beretik izan dira antibiotikoei erresistenteak zitzaizkien batzuk. «Baina giza faktoreak prozesua azkartu du». Giza faktorean arreta jarrita, antibiotikoak ezinbestekoa denean soilik erabiltzea proposatzen dute elkarrizketatutako aditu guztiek. Hori dela eta, herrialde batzuk hasiak dira neurriak hartzen abeltzaintzan antibiotikoak prebentzio gisa erabiltzeari buruz.

LEGEEK ANTIBIOTIKOAK BABESTEN AL DITUZTE?

2022ko urtarrilaren 28tik, Europako Batasuna osatzen duten herrialdeetan ilegala da kontsumorako abereei modu prebentiboan antibiotikoak ematea. Hala adostu zuten bakterioen erresistentzia ez dadin areagotu. 

Nolanahi ere, OBAk, Animalien Ongizaterako Behatokiak, salatu du legea ez dela beti betetzen. 22023an, erakunde horrek ikerketa bat egin zuen Lidl supermerkatuarentzat lan egiten duen Espainiako txerri haztegi batean, eta haren inguruko bideoan azaltzen da antibiotikoak sistematikoki ematen zizkietela txerri guztiei. «Linbo legal moduko bat da», adierazi du Julia Elizaldek, OBAren kanpaina kudeatzaileak. «Antibiotikoak era prebentiboan erabiltzeko debekuak ez du kontrol sakonik. Antibiotikoei Aurre Egiteko Plan Nazionalak —Osasun eta Nekazaritza ministerioek parte hartzen dute hartan, besteak beste— adierazi du Espainian antibiotiko asko erabiltzen direla oraindik ere».

Txertoak eta ikerketa inoiz baino baliotsuagoak direla nabarmendu du Costasek. «Batzuek diote beste arma batzuk sortuko ditugula, birus bakteriofagoak adibidez, baina, oraingoz, ez dakigu zer gertatuko den luze gabe». Antibiotiko berriek ez dirudite konponbiderik bideragarriena, Bergararen ustez: «Askoz denbora gehiago behar da antibiotiko bat sortzeko, bakterioek erresistentzia garatzeko baino». Costasek gaineratu duenez, bakterioak hain arin bihurtzen direla erresistente, ezen antibiotikoak sortzea ez baita errentagarria izaten farmazia industriarentzat, eta, ondorioz, ez dute behar beste antibiotiko sortzen.

Arazoa konpontzeko beste gako posible bat eman zuen Nestor Etxebarria Loizate Plentziako itsas estazioko biokimikariak Bego Zubiaren Erresistente (2023) dokumentalean: «Identifikatu dugu bakterioen erresistentzia zabaltzen duten fokuetako bat ospitaleak direla. Agian, hemendik urte batzuetara, ospitaleek beren araztegi propioa eduki beharko dute, beren hondarren eragina minimizatzeko». Ikus-entzunezko pieza horrek bakterio erresistenteen gaiari heltzen dio, kontzientzia piztu eta zer-nolako kaltea eragin dezaketen ikusarazteko.

Horren ildotik, Lidl supermerkatuak saltzen duen oilasko haragiaren analisia egin ostean, OBA harremanetan jarri zen Espainiako Gobernuko bi ministeriorekin, abeltzaintzaren arloan neurriak har ditzatela eskatzeko. Ministerioek emandako erantzunaren arabera, txostena aztertzen ari dira.

«Bakterioak gizakiok baino askoz lehenago heldu ziren gure planetara, eta gu desagertu ostean ere egongo dira»

EDUARDO COSTASMadrilgo Unibertsitate Konplutentseko genetika katedraduna

«Bakterioak gizakiok baino askoz lehenago heldu ziren gure planetara», dio Costasek, «eta gu desagertu ostean ere egongo dira». Adituak dioenez, seguru asko bakterioak nagusitu egingo dira, baina antibiotikoak zentzuz erabilita eta konponbide berriak aplikatuta, posible da «denbora irabaztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.