ATZEKOZ AURRERA. Becky Siegel. Dantzaria eta koreografoa

«Bakoitzaren dantza bilatzen aritzen naiz»

Kon Mocion konpainiako zuzendari, koreografo eta dantzaria da Siegel. Dantzari ibilbide luzeak gaixo kronikoekin eta elbarriekin lan egitera eraman du. 'Sobre ruedas' obra aurkeztu du orain.

Iker Tubia.
Zizur Nagusia
2016ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Oztopoak gainditu nahi dituen dantza emanaldi bat eskainiko dute gaur Zizur Nagusiko (Nafarroa) kultur etxean, 20:00etan: Sobre ruedas (Gurpil gainean). Becky Siegel da zuzendaria (Denver, Colorado, AEB), eta haren konpainiako dantzariak eta LUA gurpil aulkiko dantza taldea batu ditu. «Minutu gutxian ahantziko dugu agertokian gurpil aulkiak daudela».

Dantza terapia bat da?

Dantza terapia da edo artea da? Ni erdian nago. Garrantzitsua da banatzea, baina gauza asko nahasten dira. Zuzendariak edo irakasleak bere ikaslea aztertu, eta ikusi behar du harekin egin beharreko lana gertuago dagoen terapiatik edo emanaldi batetik. Baina, noski, dantzak beti-beti ditu eragin terapeutikoak, oholtza gainean ere bai: aldartea eta egoera fisikoa hobetzen ditu.

Zer sentiarazten du dantzak efektu hori lortzeko?

Nik uste dut mundu guziak duela behar erritmiko hori, eta denbora eta espazioaren kontzientzia hori azaltzeko beharra. Gainera, gure gorputzarekin, gure arimarekin eta emozioekin lotzeaz gainera, besteekin harremanetan jartzen gaitu, eta horrek asko sendatzen du.

Esklerosi anizkoitza duten pertsonendako, adibidez, zer esan nahidu dantzatzeak?

Izugarria da. Lehenik, sorpresa bat da, ez zutelako uste hori egiteko gai zirenik. Aukeraz beteriko mundu bat zabaltzen zaie. Ni arkeologo bat bezalakoa naiz; bakoitzaren dantza bilatzen aritzen naiz, haien aukerak bilatuz. Dantza txingarrak pizten saiatzen naiz, eta mugimendu txikiena ere bilatzen dut aukera sorta zabaltzeko. Ikasle batzuek oso mugikortasun gutxi dute, eta beste tresna koreografikoak bilatu behar dira; espazioa osatzea, kasurako.

Elbarriek aukera eman dizute mugimendu gehiago ikertzeko?

Hori da. Guk inprobisazioa dugu abiapuntu, eta lengoaia berriak aurkitzea eta ulertzen ikastea dugu helburu. Beraz, beste gaitasun edo ezgaitasunak dituzten pertsonekin elkartzea aberastasun iturria da. Lan honetan onena zera da: topaketa horretan ezberdintasuna ez dela arazo, baizik eta aukera.

Zailagoa da gorputza mugitzeko mugak dituztenekin obra bat muntatzea?

Bai, erronka bat da. Orain egiten ari naizena nire bizitzan egindako guziaren ondorio da. Orain, gai sentitzen naiz erronkari heltzeko. Egunero ikasten dut. Baliabide asko bilatu behar ditut zerbait interesgarri eta eder sortzeko.

Pertsona horiek ez dute mugarik taula gainera igotzeko?

Zoritxarrez, gaur egun, oztopo asko daude. Irakasgai ederra da jende honekin lan egitea, ikasten dudalako zenbat borroka egin behar den oztopoak gainditzeko. Biziki espero dut proiektu hau zabaltzea, agian horren bidez ezgaitasuna duen pertsonaren batek amestu dezakeelako dantza egitearekin. Geroz eta arruntago egin behar dugu ezgaitasuna duten pertsonen presentzia taula gainean eta alor guzietan.

Zure lan ibilbideak nola eragin du oraingo lanean?

Lanbidea gutxika ikasi dut, eta baita inguruan nituen pertsonekin lan egiten ere. Izan ditut inoiz dantza egin ez duten ikasleak, eta horiei atera behar izaten diezu barnean dutena. Esanen nuke denek dugula ezgaitasunen bat, eta dagoeneko ikasia nuen nola lan egin bakoitzarekin haien onena ateratzeko.

Zaila zaigu imajinatzea gurpil aulki batean dantza egitea...

Uste dut harritu egiten duela, eta hori da gure obraren helburua. Ez da deus azaldu behar: ikusten den dantza ulertzen da. Bestearekin topatzearen miraria da, ni-a gainditu eta zurekin oso ezberdina den norbaitekin konektatzeko muga gainditzea. Hausnartzera garamatza.

Lengoaia oso ezberdina da?

LUAko dantzariekin lantzen ditudan kontzeptu teknikoak edozein dantzari profesionalekin lantzen ditudanak dira, baina, noski, haien errealitateari moldaturik. Hanka mugitzerik ez badu, ez diot hanketako lana eskatuko, baina enborra lantzen dugu, ardatza bilatu, eskuen eta besoen erabilera zuzena ikasi, arnasketa landu, edo aulkia nola mugitu ikusi. Aulkia bere gorputzaren parte da; beraz, hura mugitzeko keinua ongi egin behar du, dantzaren parte gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.