«Gogorra» esan du lehenik, eta «oso dibertigarria» ere bai, segidan. Bi hitz horien bidez deskribatu du Aste Nagusia Idoia Ugaldek (Bilbo, 1993). Hau Pittu Hau konpartsako kide ez ezik, txupineraren eta pregoilariaren laguntzaile ere izan da egunotan, bai eta atzo antolatutako konpartsen arteko herri-kirol lehiaketaren antolatzaileetako bat ere.
Zein da konpartsen arteko herri-kirol lehiaketaren helburua?
Konpartsen arteko lehia sanoa sustatzeko modu bat da, gune berean egon, eta elkarrekin jolasean aritzeko. Aste Nagusia gogorra baita denontzat, eta oso dibertigarria ere bai, baina lan handia dago. Elkarrekin disfrutatzeko antolatzen dugu, eta elkar zirikatzeko. Bakoitzak bere konpartsa izaten du, baina elkarren kideak eta lagunak ere bagara.
Zer ariketa egiten dituzue lehiaketan?
Herri kirolak izaten dira, baina berezitxoak. Errobera baten gainean jartzen da norbait, eta besteek eraman egin behar izaten dute, adibidez. Eta lokotxak, txingak eta beste herri kirol klasikoak ere egiten ditugu.
Konpartsen bazkaria ere egiten duzue larunbatean. Tentsioa jada joan da?
Bukaera hurbiltzen ikusten dugu, eta pena da, alde batetik; baina, beste alde batetik, askeago gaude, nolabait.