'Apellidosvasconavarros.es' webgunearen arduraduna

Eneko Bernaldo de Quiros: «Bakoitzak bere abizena dauka, eta askotan horrek galdera asko sortzen ditu»

XVII. mendea baino lehen Euskal Herrian presentzia zuten abizenak aztertzen ditu Bernaldo de Quirosek. Euskal abizenen museo bat sortzeko dirua biltzen hasi da.

Eneko Bernaldo de Quiros, aste honetan, Goizuetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Eneko Bernaldo de Quiros, aste honetan, Goizuetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko ekainaren 14a
05:00
Entzun

Euskal abizenak mundu guztian barrena hedatu dira jada, baina askotan norberak ez du jakiten izenaren ondoren dagoen hitz horren jatorria zein den. Eneko Bernaldo de Quirosek (Iruñea, 1990) aurre egin dio ezjakintasun horri, euskal abizenak ikertuz. Bere webgunean eta sare sozialetan ehunka euskal abizenen informazioa jarri du orain arte, eta ez du gelditzeko asmorik. Orain, bere artxibo digitala errealitate bihurtu nahi du, euskal abizenen museo bat eraikiz, eta horretarako diru bilketa bat jarri du martxan.

Nondik datorkizu abizenak ikertzeko grina hori?

Niri betidanik gustatu izan zait historia. Nire herriari buruzko liburu bat idatzi nuen duela urte batzuk, eta prozesu horretan herriko hainbat abizen ikertu behar izan nituen. Hor hasi nintzen ikerketak egiten, eta ikusi nuen gustuko nuela. Hobby moduan egin izan dut beti, eta nire lana zabaltzeari esker, asko euren abizenak ikertzeko eskaera egiten hasi ziren.

Zenbat abizen ikertu dituzu orain arte?

Web orrian 437 publikatu ditut, baina baditut beste berrehun inguru; ikerketa pribatuak izan dira horiek.

Edozein abizen ikertzen duzu?

Ez. 1601. urtera arte euskal lurraldeetan aurkitutako abizenak soilik ikertzen ditut. Ondorengoak, ez. Azkenean, filtro bat jarri beharra dago.

Hori ikertzea izaten da zure lehen pausoa?

Hala da. Ondoren, nik lau webgune edo tresnarekin egiten dut lan: Nafarroako Artxibategi Nagusia eta Euskadiko Artxibo Historikoa, alde batetik; kide naizen Antzinako Elkartearen web orria ere bai; eta, Family Search webgunea, azkenik. Webgune horietan artxibo historiko digitalizatuak bilatzen ditut, ikertzen ari naizen abizena daukatenenak, noski.

Eta, informazio guztia jaso ondoren, zer?

Laminak eta mapak egiten ditut, informazio guztia aurkezteko. Mapek asko erakartzen dute jendea, eta laminak ere etxeetara bidaltzen ditut.

Ba al dago aurkitu ez duzun abizenik?

Baten bat bai, baina oso gutxi. Oso pertsona gutxik dauzkaten abizenak izaten dira normalean, edo herri txiki batekoak. Baina oso gutxi izan dira informazio gabe gelditu direnak.

Zeurea aurkitu duzu?

Bai, baina ez dago webgunean, asturiarra da eta [barrez].

Nondik sortzen da abizen eta arbasoen berri jakiteko interes orokor hori?

Bakoitzak abizen bat dauka, eta horrek galdera asko sortzen ditu askotan. Belaunaldiz belaunaldi pertsonaz pertsona pasatzen dira abizenak, eta askok euren buruari galdetzen diote nondik datorren edo zergatik bizi den bizi den tokian haren abizena ez bada bertakoa. Hor kezka edo interes bat sortzen da.

Abizenek bakoitzaren bizitza markatu dezakete?

Bakoitzarena baino gehiago, familiarena. Familia mendez mende nondik pasatu den, nondik datorren edo beste hainbatetan zer egin izan duen jakin dezakegu abizenen bidez.

Lehen, abizena asko lotzen zen haren estatus sozialarekin, ezta?

Bai, baina hori aldatu egin da. Nafarroan, nobleziako abizenek boterea galdu zuten, adibidez, erreinu izateari utzita probintzia bihurtu zenean. Eta berdin Euskadin foruak galdu zirenean ere, hirugarren karlistaldia amaitzean.

Abizen euskaldunak mundu guztian daude. Atzerritik ere eskaerak jasotzen dituzu?

Bai, asko, Hego Amerikatik, gehienbat. Askok badakite zerbait haien arbasoei buruz, eta informazio hori ematen didate, baina beste askok ez dakite ezer. Nire sare sozialak handitzen doazen heinean, geroz eta eskaera gehiago jasotzen ditut, bai Euskal Herritik eta baita atzerritik ere.

Diru bilketa bat jarri duzu abian...

Hori da. Orain arte, nire sare sozialak nire lanak zabaltzeko tresna gisa ulertu izan ditut, ez museo gisa. Eta hori da diru bilketaren helburua: museo bat sortzea, euskal eta nafar abizenen museoa. Goizuetako [Nafarroa] etxe esanguratsu bat alokatzeko galdetu dut, eta, bilketaren helburura iristen banaiz, bertan jarriko dut museoa.

Nolako erantzuna izan du museoak?

Oso ona. Sei hilabetean helburuaren %42 bete dugu, eta urte eta erdiko edo bi urteko epea nuen buruan.

Ikertutako abizen guztiak museoan jarriko dituzu?

Ez. Bertan abizenen sorrera azalduko da. Adibidez, zergatik Nafarroa iparraldean, Bizkaian eta Gipuzkoan baserrien izenak hartzen ziren, eta Araban ez. Nola sortu ziren, non, eta zer bilakaera izan duten.

Nondik datoz abizenak?

Hainbat faktorek sortzen zuten abizena. Baserriek edo goitizenek ere eragiten zuten: Calvo, Ederra, Azkarra, Lasterra... Hiri handietan eta Nafarroa erdialdean lanbideak jartzen ziren abizen moduan. Beste askok aitaren edo amaren izena jaso zuten abizen bezala.

Abizen berbera duten guztiek arbaso komun bat dute?

Ez. Bi motatakoak daude: garai batean, Agirre izeneko baserri asko zeuden, baina Agirre guztiak ez datoz leku beretik. Olaizola, berriz, baserri bakarra izan zen, eta gaur egungo Olaizola guztiak bertatik datoz.

Zaletasuna zena lan bilakatu da?

Ez. Autonomo bihurtu naiz, baina nire lanarekin jarraitzen dut, informatikari moduan. Arratsaldeetan denbora pixka bat izaten saiatzen naiz abizenen kontuarekin jarraitzeko, asko ditut-eta itxaron zerrendan.

Zenbat da «asko»?

Oraintxe bertan, 3.153 eskaera ditut haien abizenak ikertzeko. Oso zaila da egunean bat egitea; astean hiruzpalau egiten ditut.

LOTSABAKO

Ikertu zenuen lehen abizena? Nire bikotekidearena: Apezetxea.Ikertutako abizen bat? Eskutxuri.Eta zailena? Egozkuezabal.Film bat?
Tasio.Euskal Herriko txokoren bat? Baztan [Nafarroa].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.