Bakea oporretako helmuga

266 haur saharar etorri dira Hego Euskal Herrian uda pasatzera Saharako errefuxiatuen kanpalekuetatik. Elikadura hobea, osasun azterketa eta klima epelagoa dituzte helmuga.

Nerea Saez eta Leftam Endai, Nafarroako Parlamentuan. I. URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea-Orkoien
2023ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun

Oporrak Bakean. Hala deitzen da Aljeriako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren haur sahararrak Euskal Herriko familietan hartzeko programa. Bakean igaro nahi dute uda; aurten, literalki: «Orain inoiz baino gehiago dira oporrak bakean. Haur hauen aita eta anaiak gerrako frontean daude, eta ez dakite berriz ikusiko ote dituzten. Beraz, kanpalekuetan tirorik ez badago ere, gerra giro hori bizi dute», esan du Carol Garcia ANAS Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteko kide eta Oporrak Bakean egitasmoko arduradunak.

 

Ikusi gehiago:«Gerra irabazten ari gara»

Aurten 266 haur saharar etorri dira Hego Euskal Herrira gerizpe bila, basamortuko egoera goritik ihesi. Klima gogorra atzean utzita, bi hilabetez tenperatura goxoagoa izanen dute. «Han bero handia egiten du; 50 gradu, eta gehiago ere bai», azaldu du Chaia Ainatuk. Bera ere sahararra da, eta haurrekin batera etorri da, begirale aritzeko.

Elikadura izan du hizpide: «Han, dieta eskasa da, eta seguruenik kilo batzuk irabazita itzuliko dira haurrak». Osasuna da haurren bisitaren atal garrantzitsuenetako bat; denek pasatzen dituzte mediku azterketak Euskal Herrian. Badira gaixotasunen bat tratatzera etorri direnak. Horiek denbora luzeagoa emanen dute, tratamendua bukatzeko. Programa berezi bat dute desgaitasunen bat edo gaixotasunen bat duten haurrak ekartzeko.

Azterketa medikoak berebizikoak dira. Aurretik atzemandako gaixotasunak artatzeko baliabideak dituzte Euskal Herrian, baina baita orain arte atzeman gabekoak aurkitzeko modua ere. Hori da Leftam Endairi gertatutakoa. 9 urte ditu, eta iaz etorri zen lehenbiziko aldiz Iruñera, Nerea Saezen etxera. Elikagai batzuk jan ondotik tripako mina izaten zuen, baina ez zekiten zehazki zergatik. «Etorri izan ez balitz, ez genuke jakinen zeliakoa dela», azaldu du harrerako amak.

Nerea Saez eta Leftam Endai, Nafarroako Parlamentuan. I. URIZ / FOKU.
Nerea Saez eta Leftam Endai, Nafarroako Parlamentuan. I. URIZ / FOKU.

Hasieran lotsa eman badio ere, azkenerako Endaik kontatu du igerilekua asko maite duela: «Gero Olaldeara goaz [Oroz-Betelu, Nafarroa], eta hango igerilekuan bainatuko gara. Baina ura oso hotza dago». Ez da harritzekoa, igerileku naturala baita, eta ura, Irati ibaiarena. Bigarren urtea du Euskal Herrian, eta sumatzen da egoera ongi kontrolatzen duela. Gaztelaniaz ongi mintzo da orain; euskarazko hitz batzuk ere ikasi ditu.

Iaz, berria zen dena: «Igerilekuarekin obsesioa zuen. Bigarren egunean, Gazteluko plazara ailegatu, zapatak kendu, eta lasterka sartu zen iturrian, igerilekua zelakoan», kontatu du Saezek. Inguruari adi-adi begiratzen zionez, sarri zuhaitzekin edo farolekin tupust egin zuen. «Haren atzetik lasterka ibili behar izan nuen, begirik kendu gabe. Aurten, hori gaindituta dago».

Ingurua ongi ezagutzen badu ere, ez da erraza izan etxea eta familia atzean uztea. Lehenbiziko egunetan, gauean familiakoei hots egiten zien, eta, anaia edo ahizpa txikiekin hitz egiterakoan, negarrez hasten zen. «Gurasoek erabaki zuten lauzpabost egunez ez deitzea. Egokitzapen egunak pasatuta, oso ongi dago orain». Saezek esan duenez, familiarekin harreman oso estua du Endaik. «Bero handia egiten duenez, gauean berandu ateratzen dira kalera; denbora asko ematen du anaiarekin eta ahizparekin. Beraz, oso gogorra da haiengandik urruntzea».

Harrera egiten dutenen artean denetarik egoten da: haurrak dituzten familiak, haurrik gabeko bikoteak, bakarrik bizi direnak... Hala ere, denek izan ohi dute ingurukoen babesa. Saez bakarrik bizi da, baina bikotekideak eta bizilagunek asko lagundu diotela kontatu du, eskerturik. Laguntza, berari ez ezik, Endairen familiari ere ematen diote. «Ekaitz batek etxea bota zien, eta haima bat erosi genien guzien artean. Gainera, hango emakumeek egina zen».

Haur guziek ez dute harrera familia bat, aitzitik. Alde batetik, geroz eta zailagoa delako haurrak hartuko dituzten lagunak aurkitzea; bestetik, haur batzuk eri etortzen direlako, eta bestelako arreta behar dutelako. Harrera familiarik ez izan arren, ez dira basamortuan gelditzen. Nafarroari dagokionez, Orkoienen aterpea muntatu dute. Hamalau haur egon dira gehienez, batzuk joan-etorrian ibiltzen dira eta.

Eskola aterpetxe

San Miguel ikastetxe publikoan atea parez pare zabalik dago. Patioan irriak aditzen dira, eta bizikletak lurrean botata daude. Haur bat irakurtzeko txokoan dago, lasai. Bisita ailegatu dela eta, barrura sartu dira, kantuan eta txaloka. Hodeiak mehatxuka ari direnez, ezin izan dira igerilekura joan. Argazkia eginda, patiora itzuli dira. Eskolan hassania aditzen da; Mendebaldeko Sahararen irlatxo bat da. Carol Garcia eta Chaia Ainatu dira haur horietaz arduratzen direnetako bi. Solasaldia bitartean, Mulay Hamadik, beste begiraleak, tea prestatu du. Bisitan joaten zaizkienei harrera egiteko manera dute hori.

Mendebaldeko Saharako haurrak Carol Garcia, Chaia Ainatu eta Mulay Hamadi begiraleekin batera, Orkoiengo San Miguel eskolan. IÑIGO URIZ / FOKU

«Haurrekin lan egitea maite dut. Badakit nola aritu haiekin, eta maite ditut», kontatu du Ainatuk. Ez du lehenbiziko aldia. Haurrekin batera etorri da errefuxiatuen kanpalekutik. «Oso ongi pasatzen dugu hemen; jolasak egiten ditugu, futbolean aritu, filmak ikusten ditugu larunbat gauean eta igerilekura ere joaten gara». Guzien artean antolatzen dira haurrak medikuarengana eramateko, otorduak prestatzeko eta haiekin jarduerak egiteko.

Kezka bat ere badute: geroz eta zailagoa da harrera familiak lortzea. «Nafarroan ehun haur ekartzen genituen lehen. Pandemiaren ondoren, iaz bi hegazkin ekarriko genituela sinetsita nengoen, inoiz baino gehiago behar baitzen. Ez, ba; 68 etorri ziren», azaldu du Garciak. «Belaunaldi aldaketa sumatzen da. 1990eko hamarkadan haurrak hartzen zituztenak zaharrak dira orain, baina jarraitzen dute nolabait babesa ematen». Gazteak falta dira: «Urte osoa lanean eman ondotik, baliteke udan oporretara joateko gogoa izatea».

Abuztu hondarrean itzuliko dira sahararrak etxera. Ez denak; tratamendu bereziak behar dituzten batzuk Euskal Herrian geldituko dira, baina arazoak dituzte, Orkoiengo eskola ezin izanen baitute erabili, eta ez baitute etxerik haientzat. Laguntza beharko dutela ohartarazi dute, haiek etxean hartzeko eta, noski, heldu den urtean etorriko direnei ere gerizpea eskaintzeko.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.