«Sua argia ere bada, ezta?» adierazi zuen Galder Perez zuzendariak obraren tituluaren zergatia arrazoitzeko garaian. Sua da gatazkaren eta borrokaren adierazle nagusia, baina baita argitasunarena ere; 2000. urtean, Euskal Herriaren egoeraren aurrean su hark etorkizunerako aukera berri bat zabaldu zuen. Elgoibarko Txillarre baserriko su-txikia zen, eta, bertan, bake prozesurako lehen elkarrizketak izan zituzten Jesus Egigurenek eta Arnaldo Otegik.
Glu Glu konpainiaren Su txikian antzezlanak herriz herri jarraitzen du, eta, gaurkoan, Beasaingo Igartza jauregian izango da. Txillarre baserriko hizketaldietatik Loiolako hiru aldeko elkarrizketetarainoko —EAJ, PSE-EE eta ezker abertzalea bildu ziren— bidea egiten du antzezlanak. Tartean, Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuarekin izandako hartu-emanak ere antzezten dituzte.
Taula gainean Martxelo Rubio (Josu Jon Imaz), Gabriel Ocina (Arnaldo Otegi), Joxemari Carrere (Jesus Egiguren), Ugaitz Alegria (Iñigo Urkullu), Mañu Elizondo (Rodolfo Ares) eta Libe Aranburu (Olatz Dañobeitia) arituko dira.
Perezen antzezlana Imanol Murua Uriaren Loiolako hegiak eta Jesus Egigurenen ETA. Las claves de la Paz liburuetan oinarritzen da.
'SU TXIKIAN'
Non. Igartza jauregian (Beasain, Gipuzkoa).
Noiz. Gaur, 19:00etan.
Bake prozesua, taula gainera
Loiolako prozesuari buruz hitz egiten duen antzezlana ikusgai izango izango da gaur, Beasainen: 'Su txikian'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu