Komunikazioa. Jon Aranburu. Hala Bedi irratiko kidea

«Bakarrik baino, gauzak auzolanean egitea hobea zela pentsatu genuen»

Tas-Tas eta Antxeta irratiekin batera, 'Zebrabidea' euskarazko magazina egiten du arratsaldero Hala Bedik, 16:00etatik 19:00etara. Aranburu da saioko koordinatzailea.

HALA BEDI.
urtzi urkizu
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Hala Bedi-k duen euskarazko programa garrantzitsuenean aritzen da Jon Aranburu (Alegia, Gipuzkoa, 1980). Bospasei urte dira Hala Bedi-ko kidea dela.

Nolako bidea darama denboraldi honetan Zebrabidea magazinak?

Berandu samar hasi ginen, urriaren erdialdean. Kolaborazioak egiten hasi ginela joan dira urte batzuk. Baina aurtengoa oso berezia izan da; kolaborazio soilaz harago, programa osoa hiru irratiren artean ekoizten baitugu. Bagenekien hasieran teknika pixka bat kostako zela hori martxan jartzen, baina orain oso gustura gaude bide berri horrekin.

Hiru irratiek zer filosofiari helduta egiten duzue magazina?

Zebrabidea Hala Bedi-k sortu zuenetik zabalduz joan da, batik bat Arrosa sareari esker. Gurea irrati txikia da. Eta gauza duinak egin ditzakegula sinistuta, bakarrik baino gauzak auzolanean egitea hobea dela pentsatzen dugu. Hala, auzolana da gure ideietako bat, beste irrati batzuen tamainako kalitatea eskaintzea, gure txikitasun eta askatasunetik abiatuta.

Bi ordu egiten dituzue hiru irratiok elkarrekin, eta hirugarrena, bakarrik, Arabako gaiei helduz.

Bai, 16:00etatik 18:00etara tarte nazionala da. Gainera, aipatu behar dugu Bergarako Txapa Irratiak, Oiartzun Irratiak eta Errenteriako Zintzilik Irratiak ere emititzen dutela Zebrabidea. Guk hirugarren ordua Arabako berriekin betetzen dugu. Tas-Tas-ek eta Antxeta-k, era berean, tokiko kontuak lantzen dituzte azken ordu horretan. Araban oso zaila da euskara hutsezko informazioa topatzea, eta ahalegin horretan jarraitu behar dugula iruditzen zaigu.

Zer motatako edukiak gailentzen dira magazinean?

Denetarik izaten dira. Joera badago kulturara jotzeko, baina gu beti saiatu izan gara gai politikoak eta arlo sozialekoak ere lantzen. Internazionalismoa eta bestelako arlo batzuk ere jorratzen ditugu.

Apustu handia al da Hala Bedirentzat Zebrabidea?

Bai, Hala Bedi-n euskaraz egiten den apustu handiena da. Programazioaren %30-40 inguru egiten du Hala Bedi-k euskaraz, eta, tarte horretan, pisu garrantzitsua hartzen du Zebrabidea-k egunero hiru ordu eginaz. Bagoaz euskaraz gauza gehiago egiteko asmotan. Eta aurreratu dezaket: euskara hutsezko proiektu indartsu batekin berehala harrituko ditugu gure entzuleak.

Zer bitarteko eta tresnarekin lantzen duzue entzuleekiko harremana?

Telefonoz eta posta elektronikoz. Sare sozialak ere erabiltzen ditugu; gaur egun, ezinbestekoa da. Irratientzat beti handikap bat izan da entzuleekiko harremana jaso eta mantentzea. Telefono erantzungailu bat badugu; baina,egun, sare sozialen bitartez erantzunak errazago jasotzen dira.

Zein da gakoa, irratigintza erakargarria egiteko?

Gauza berriak eta modu berri batean esaten saiatzea. Gure kasuan, gauzak gertutik esatea. Ez saiatzea besteen klixeak errepikatzen. Eta gure izate librean gertutasuna aprobetxatzen saiatzea. Gure saioari dagokionez, hiru irratiren artean egiten dugu, eta jendearekiko gertutasuna garrantzitsua da.

Internet bidez ba al dituzue Euskal Herritik kanpoko entzuleak?

Bai, esan izan digute hemendik kanpo entzuten dutela. Hala Bedi-n gaztelaniaz egiten diren saioek, agian, feedback handiagoa dute atzerrian daudenekin.

Nola dago Hala Bediren egoera?

Beti bezain ondo eta beti bezain gaizki. Autogestioa izaki gure filosofia, ez dugu diru laguntzarik jasotzen, eta alor horretako murrizketek ez digute eragiten. Aurrera jarraitzeko gogoz gaude, eta udaberri aldean proiektu berri bat zabalduko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.