Hamabi urte dira Pepe Rei kazetariak (Galizia, 1947) istripu baten ondorioz bizitza publikoa utzi zuenetik. Ikerketa kazetaritzan zaildu zen, eta. hark egindako lan eskergari segida emateko beharra ikusita, haren aldeko elkarteak liburu bat osatu du: Pepe Rei aurrera! izenburukoa. David Fernandez kazetari eta Kataluniako ParlamentukoCUPeko egungo diputatuak idatzi du hitzaurrea, eta hainbat lagunen artean osatu dute liburua, hain zuzen ere, ikerketa kazetaritza eginez. Guillermo Martorell Pepe Rei elkarteko kide eta sortzailea aritu da guztia koordinatzen.
Omendua omentzeko modurik onena hark egindako lanari jarraipena ematea izan da.
Hori da lan honen esentzia. Nik Pepe Rei Jimi Hendrixekin alderatzen dut: Hendrix gaizkiaren eta onaren gainetik zegoen. Eta Pepe, niretzat eta Pepe Rei elkartearentzat, ikerketa kazetaritzaren Jimi Hendrix da. Berritzailea izan zen; arriskatu egin zuen Hendrixek arriskatzen zuen bezala, eta sortzen zuen melodia bakarra zen, paregabea. Estilo goresgarria sortu zuen, beti, herritarren zerbitzura.
Zer dute ikasteko kazetari belaunaldi berriek Reirengandik?
Dena, dena. Pepe kazetari artisaua zen, hau da, iturriak bilatu behar zituen tokian bilatzen zituen, kalean gora eta behera ematen zuen eguna, eta filtrazio hitza etxeetako hormekin soilik erlazionatzen zuen. Beharrezkoa izanez gero, infernura ere joaten zen informazio bila. Behar zen lekuan une egokian egoten zekien, eta hori belaunaldi berriek, agian, ez dute jakingo zer den: teknologia berrietara ohituta daude.
Hain zuzen ere, teknologiak ia ezinbesteko dira egun.
Hala da, teknologiarik gabe ez gara inor: ni, lehenengoa. Teknologiarekin errazagoa izan daiteke zenbait informazio lortzea, baina ideiak garbi izan ezean, teknologiak ez du ezertarako balio. Pepe iaioa zen alde horretatik, eta da, burua oso ondo baitauka oraindik ere.
Zer aurkituko du irakurleak?
Liburua bitan banatuta dago. Lehen zatia ikerketa kazetaritzarena da, bere gordinean. Esaterako, Xabier Makazagak lan bikaina egin du espainiar eta frantziar estatuen terrorismoaren inguruan. Autore asko dira, eta zaila da bat aukeratzea, baina bat aukeratu beharko banu, eskuliburu gisa lantzeko balioko luke Ahoztar Zelaietak egindako lanak: making off bat egin du Egin-i Cesidek egin zizkion telefonozko entzuketen inguruan. Bigarren zatia liburuaren blues-a da: artikulu pertsonalagoak daude, emozionalagoak, txapela kentzekoak. David Fernandezek egindako hitzaurrea ere derrigor irakurtzekoa da.
Guztiak ez, baina egile gehienak Reirekin lan egindakoak dira.
Ia guztiak bai, eta gainontzekoek, harekin lan eginak izan ez arren, Reiren lanari gertutik erreparatu diote.
Uste duzu egun kazetaritza deserosoa dela boterea dutenentzat?
Hala izan beharko luke, behintzat! Begi bistakoa da. Egun botere ekonomiko eta politikoek, Fernandezek esango lukeen moduan, mafia bat osatzen dute: eta, noski, ez zaio interesatzen bere miseriak agerian geratzea. Informazio hori herritarrengana iristen denean, traba egiten die, eta horretaz badakigu zerbait Euskal Herrian.
Baina hala da benetan?
Boteredunek euren txakurrak dituzte, noski: hori horrela izan da beti. Ez da hedabide guztien kasua, baina batzuek filtrazioak erabiltzen dituzte ikerketa kazetaritzaren bandera gisa. Badakigu nola deitzen zitzaien zenbait kazetariri Espainiako Barne Ministeriora, zabaldu nahi zuten informazioa esklusiban emateko. Egun, sare sozialetan zabaltzen den informazio alternatiboarekin, adibidez, badago modua horri aurre egiteko.
Liburuan jaso duzue Mark Twainen esan bat: «Adierazpen askatasuna hildakoen pribilegioa da».
Polizia txostenak irakurtzeko aukera izan dut hainbatetan, eta gogoan dut Guardia Zibilaren txosten batek zera zioela: «Txakurra paseatzera atera da, eta herriko taberna aldera doa. Begirada susmagarria du». Halako txostenekin milaka lagun epaitzen ari dira Euskal Herrian. Zuk horrelako lan bat aurkeztu eta esan beharko lizuketen lehenengo gauza da: 'Zu tontoa zara, edo zer?'.Zenbat denbora darama Arnaldo Otegik kartzelan? Eta Kataluniarekin egiten ari direna?
Mariano Rajoyren arabera, botoa ematea ez ei da demokratikoa.
Kafkarra da. Eguzkia existitzen dela ukatzea bezala da. Kafkak, piztuko balitz, bere buruaz beste egingo luke. Ez da posible. Horrelakoekin konturatzen zara zergatik alde egin nahi duen Kataluniak.
Ustelkeria bolo-bolo dabil: lan eskerga du ikerketa kazetaritzak.
Niretzat, adibidez, Kontuz plataformakoek egin duten lana eredugarria da. Egunen batean alde egingo badugu, halako askoren beharra izango dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Guillermo Martorell. Pepe Rei elkarteko kide sortzailea
«Bakarra, paregabea zen Reiren melodia »
Pepe Rei kazetariaren omenezko liburua aurkeztuko du gaur haren izena duen elkarteak. Hainbat kazetarik parte hartu dute Reik berak egiten zuena eginez: ikerketa kazetaritza, hain zuzen ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu