Izaki Gardenak taldea 2012an sortu zen, Jon Basagurenen bakarkako abestiak janzteko asmoz. Gaur, bakarkako lanean arituko da abeslaria berriro ere. Doako kontzertua emango du 23:30ean, Anoetako Itzuli tabernan (Gipuzkoa). Izaki Gardenak taldeko ahotsa, aurretik, Iruñeko Akatu metal eta hardcore taldeko abeslaria ere izan da. Orain, etxean landutako abesti pertsonalei forma emateko asmoz eta zenbait lagunez inguratuta, Izaki Gardenak taldea sortu du. Aurreneko lana kaleratu berri dute Oihuka disketxearekin, Itsasargiak izenekoa. Bertan, amerikar kutsuko musika jasotzen da. Rock eta pop doinuak lantzen dituzte, ahotsari garrantzia handia emanez.
Taldea honako hauek osatzen dute: Joseba Baleztenak (gitarra elektrikoa, gitarra akustikoa eta banjoa), Libe Garcia de Cortazarrrek (teklatuak), Eneko Lezak (baxua), Iker Fernandezek (bateria) eta Basagurenek berak (ahotsa, gitarra akustikoa eta gitarra elektrikoa). Iragan irailean, Iñaki Llarenaren estudioan sartu ziren bost abestiz osaturiko Itsasargiak diskoa grabatzeko. Estreinako lana azaroaren 7an aurkeztu zuten, Gasteizen. Ordutik, zuzeneko emanaldiekin ibili dira Euskal Herri osoan barrena. Formatu ugaritan aurkezten dituzte kantuak: taldean, binaka eta bakarka. Gaurkoan, Basagurenek bakarkako emanaldia egingo du Anoetan.
IZAKI GARDENAK
Noiz. Gaur, 23:30ean.
Non. Anoetako Itzuli tabernan (Gipuzkoan).
Bakarkako emanaldi goxoa
Izaki Gardenak taldeko Jon Basaguren abeslariak bakarkako kontzertua emango du gaur Anoetan, doan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu