MAITE DUT MAITE... 'IE GAINIEN ILLETARGIA'. Erramun Mendibelanda. Artista

«Bakardadea ez dut maite; ezinbestekoa zait, ordea»

Artista bizkaitarrak familiaren panteoian eginiko muralak hildakoekin elkarrizketa sustatzea du helburu. Zeramikazko baldosa erliebedunez osatua dago, jendeak obra uki dezan eragiteko.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
amaia igartua aristondo
Ea
2020ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Anaia batek familiaren panteoia berriztatzeko galdegin zion Erramun Mendibelandari (Ea, Bizkaia, 1958), eta eskaera horretatik sortu zen Ie gainien illetargia murala. Bi zeramikariren laguntzarekin ondu du, eta bi urte behar izan ditu baldosa guztiak egiteko.

Kanposantua ez da leku ohikoena izaten halako lanak egiteko. Zailtasunik izan al duzu?

Handiena kanposantura joatea izan da. 7 urte nituela meza mutil bezala ekartzen ninduten enterruetara, eta hori gogorregia da, gero ez baitzaizu burutik kentzen. Zeramikaz egitea erabaki nuen, hain zuzen, tailerrean garatu ahal izateko eta ez kanposantuan. Teknikoki, zailena izan da baldosak leihoetara egokitzea. Leiho guztiak dira ezberdinak: arkua, kokapena... zeramika sendoa baldintza guztiz irregularretara egokitu behar izan dugu.

«Kanposantuan daudenekin elkarrizketa». Hori da helburua.

Lehenengo nahia haiekin berriro harremanetan jartzea izan da. Baldosak erliebearekin egin ditugu, nahita, jendeak murala ukitzeko gogoa izan dezan ikusi eta berehala. Kolore urdinarekin eta berdearekin hildakoen eskuak berriro oratu nahi izan ditut. Koloreak aplikatzeko orduan, sinistu nahi izan dut panteoi barrukoek kanpora eginiko ahalegina dela.

Nola dago antolatua?

Beheko aldean, zokaloan, baldosek tamaina handiagoa dute, eta horrek bere kabuz du zentzua. Gainontzekoak zutoinak dira. Urteetan nabil forma bertikala lantzen. Hemen, esmaltea goitik behera doa, erortzeprozesu batean. Aldarteari dagokionez, zeresan oso indartsua du horrek. Bi baldosek osatzen dute gogo bakoitza.

Ez dira irudiak, beraz?

Ez dut bilatu irudi bat egitea, gogo batzuekin lan egitea baizik. Nire aurreko pintura guztiak erabili ditut erreferentzia moduan.

Zein da ezberdintasuna?

Irudien gizartean bizi gara, haietaz kutsatuta gaude. Irudiak errealitatea ordezkatu nahi du beste errealitate ez hain dentso batekin. Helburu komunikatiboa dauka. Artea, ordea, introspekzioa da: bizipenek osatzen dute, ez informazioak. Nik bakardadea ez dut maite, baina ezinbestekoa zait barneko elkarrizketa garatzeko.

Arteak zer adierazten du, beraz?

Gauza finkoak edo haien adierazpenak positibismoaren proiekzioak dira; nik nahiago ditut isiluneak, gauzen artean dagoena. Errealitatea amaitzen den lekuan hasten da nire lana. Artea ez da objektua, egite prozesua baizik. Ni artista naiz prozesu horren barruan nagoelako, eta helburu konkreturik gabe sortzen dut, helburu pedagogikorik gabe.

Zein da murala osatzen duten bizipen horien guztien arteko lotura?

Ni naiz lotura. Ume baten koadernoak bata bestearen alboan ipintzea bezala da.

Zure oroitzapenek osatzen dute?

Etengabe daude: oroitzapenak, gogoak, bizipenak, estresa, haserrea... Adibidez, kolore zuria nabarmendu zedin nahi nuen, txikitako kolinetaren edo erroskillen gaineko geruzaren oroimen bezala. Nire amama ere agertzen da, esaterako.

Baldosa pare bakoitzak esanahi bat du, eta guztiak batuta «gehiegizko esanahia» dutela diozu.

Hainbeste esanahi egotearen helburua da pentsamenduaren beste dimentsio batera salto egin ahal izatea. Ezin dugu ulertu, dena batera dagoelako. Guk ez dugu errealitatea zuzenean ikusten, baizik eta gure pentsamenduek eta nahiek egindako belo batetik. Zure jakintasunaren eta logikaren beloa zulatzen duzunean, beste leku batera sar zaitezke. Lerroa edo itsasoaren marra transzenditzea da.

Lerroa, ortzi muga... muralaren oinarri-oinarrian dagoen ideia da.

Forma guztiak lerroen eta mantxen bidez eginda daude, eta elementu horiek transzenditzen gaituzte. Itsas marra hemen egon da duela milaka urtetik, eta beste milaka urtean ere hemen egongo da. Harentzat ez dago denborarik. Hantxe dago errealitatearen dentsitaterik handiena, eta Ea handik proiektatutako errealitatea da. Amamaren altzoa edo tailerra ere hori bera dira niretzat, atomikoak: haietatik nator, eta haietarantz noa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.