Baionako besten data aldatu ezean hiria blokeatuko dutela ohartarazi dute feriatzaileek

Lapurdiko hiriburuko herriko etxeak erabaki du jaiak uztailaren 16tik 20ra egitea 2025ean. 2032 kolektiboak erran du ez duela data aldaketak ekarriko besten baretzea.

Baionako besten irekitzea, uztailean. BERTRAND LAPEGUE
Baionako besten irekitzea, uztailean. BERTRAND LAPEGUE
Edu Lartzanguren.
2024ko irailaren 27a
09:52
Entzun

Ika-mika piztu da 2025eko Baionako besten inguruan. Herriko etxeak iragarri du uztailaren 16tik 20ra egingo dituztela, eta horrek feriatzaileen haserrea piztu du. Izan ere, data berean egingo dira Mont-de-Marsango jaiak (Landak, Okzitania), eta bietako bat galduko lukete. Baionako datak aldatu ezean hiria «blokeatuko» dutela ohartarazi dute, Sud Ouest egunkariak jaso duenez.

Asteazkenean iragarri zuen herriko etxeak datorren urteko besten data. Orain arte, uztaileko azken astean egiten zituzten, baina azken urteetako masifikazio arazoei buru egiteko asmoarekin, ospakizunak aurreratzea erabaki du Jean Rene Etxegarai auzapezak. Izan ere, 2023. urtean 1,3 milioi bisitari jaso zituzten bestek, hiriak 50.000 biztanle pasatxo besterik ez dituen arren. Hori eta Parisko Olinpiar jokoekin bat egitea saihesteko, aurtengo jaiak bi astez aurreratzea erabaki zuten, eta uztailaren 10etik 14ra egin zituzten. 2025erako ere, formula bera erabiltzea erabaki dute. Heldu den urtekoak Iruñeko San Ferminekin batera ez egitea zaindu du udalak. 

Erabakia, ordea, ez da denen gustukoa izan. Mont-de-Marsanen madalenak ospatzen dituzte, eta kexu agertu da auzapeza biak batera izanen direlako. Festazaleei dei egin die bere hirira joan daitezen, han festak dohainik direla argudiatuta.

Feriatzaileek ere erakutsi dute haserrea. Orain arte, hangoak amaitzean Baionara eramaten zituzten euren gailuak. Baionako Herriko Etxearen erabakia gaitzetsi dute, «funtsean zein forman» desegokia dela iritzita. Data uztailaren amaierara aldatzen ez badute, Baionan «blokeatze handiak» eragingo dituztela esan dute. Bostehun kamioirekin herriko etxera joko dutela erran dute.

«Ez diot inori oztoporik jarri nahi», esan dio Jean-Rene Etxegarai Baionako auzapezak Sud Ouest egunkariari, eta baieztatu du ez diela men egingo «intimidazioei». «Beste konponbiderik ez» dagoela gaineratu du.

Elkarrizketarik gabe

Goiz honetan bildu dira 2032ko hainbat kide herriko etxearen erabakiari buruz mintzatzeko, Baionako Zamai ostatuan. Gilles Lafitte UMIH Ostalaritzako Industria eta Lanbideen Batasuneko presidenteak erran du kolektibokoak ez direla kontsultatuak izan data aldaketaren erabakia hartu aitzin. «Hedabideen bidez jakin dugu, eta ondotik mezu elektroniko bat eskuratu dugu; azkenak gara». Urri erdirako dute hitzordua herriko etxearekin. «Aurtengo festen bilanik ez dugu oraindik egin; alta, ez da polit-polita». Hildako bat izan da aurtengo festetan ere, bi pertsona elbarri gelditu dira, eta sexu eraso andana izan dira.

Iritzi bera agertu dute Sebastien Ager Zamai ostatuko jabeak eta Michaella Clapisson Txalaparta LGBTI peñako buruak. Adierazi dute arazoa ez dela bestak zer datatan eginen diren, eta hobena jende kopuruari egoztea ere gaitzetsi dute. «Aurten jende gutxiago zen, eta arazo berak izan ditugu», adierazi du Agerrek. Festazaleen «jarrera aldaketa» bultzatu behar dela erran du. Prebentzioan eman du azpimarra Clapissonek: «Mezua zabaldu behar da karrikak baretzeko». 

Herriko etxearekin elkarlanean aritzeko prest agertu dira, baina haren jarrera kritikatu dute: «Urte osoan elkarrekin aritu gara lanean, eta hor baztertuak izan gara; seinale berezia da bidalia zaiguna», ondorioztatu du Agerrek.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.