Baionako bestak

Baionako besta goiztiarrak

Gaur hasiko dira Baionako bestak. Lehen baino egun batzuk lehenago, Olinpiar Jokoak direla eta, eta lehenago tenorez ere: 17:00etan abiatuko dira, eta ez, usaian bezala, 22:00etan. Segurtasun eta lasaitasun handiagoa nahi dute batzuek eta besteek aurten.

Baionako besten abiatze ekitaldia
Iazko Baionako besten hastapeneko ekitaldia, gauez. Aurten, arrastirian eginen dute. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

Usaian ez bezala, Baionako bestak uztailaren 10ean hasiko dira, gaur. Olinpiar Jokoengatik aurreratu zituen Baionako Udalak, bereziki segurtasunerako nahi zuen polizia kopurua izateko. Beste aldaketa nagusi batekin abiatuko dira: hasteko ordua.

Horra arte, 22:00etan hasten zituzten Baionako jaiak. Aurten, 17:00etara aitzinatu dute abiatze ekitaldia, herriko etxearen aitzineko Askatasunaren plazan egin ohi dena. Azken urteetan izan jende olde handiegiak eragin du erabakia. «Jende metaketa oso handia zen» aitortu du Jean-Rene Etxegarai auzapezak, eta oroitu iaz egun horretan Patrice Lanies eraila izan zela.

Hain zuzen, horren ondotik sortu zen 2032 kolektiboa, peña, ostalari, gazte asanblada, talde feminista eta biztanle elkarte batzuen artean. Hemendik eta 2032ra bitarte Baionako besten eztitzeko xedearekin. Patrice Lanies omenduko dute besten hasiera ekitaldian, gaur. Haren familiarekin adosturik, testu bat irakurriko dute herriko etxeko balkoitik, eta minutu bateko txalotze saioa proposatuko. 2032 kolektiboak nahi luke eraso mota ororen biktimen omentzeko izan dadila, hau da, Lanies ez ezik bortxaketen eta eraso matxisten, homofoboen, transfoboen eta xenofoboen biktimak oroitzeko ere balia dadila, Lanies familiak ere hala nahi baitu, kolektiboak dioenez.

2032 kolektiboak, hain zuzen, prentsaurrekoa egin zuen joan den astean. Michaella Clapisson peñen elkarteko buru eta kolektiboko kideak deitoratu zuen azken urteetan Baionako bestetan erasoak emendatu izana: «Erailketa bat, bortxaketak, zernahi eraso mota, eraso matxistak, jarrera apalgarri jasanezinak» aipatu zituen. Beste arazo bat bereziki jasangaitza zaie Clapissoni eta kolektiboari: jendeak nonahi pixa egitea karrikan: «karriketan pixa burrustaka» ikustea okaztagarria zaio Clapissoni. Auzotar, elkarte eta ostalarien artean interes desberdinak izanagatik, ados jarri direla gehitu zuen. «Gure ezberdintasunak gainditu ditugu egitasmo komun azkar batekin elkartzeko, eta erranaldi bakarrean laburbildu daiteke: besta elkarrekin lasaitu dezagun».

Baionako Herriko Etxeari besten «hobetzeko» eta «lasaitzeko» proposamen bat helarazi zioten, hamar puntukoa, eta «entzunak» izan direla diote. Neurri berrien artean nagusia komunikazio arloko koordinazioa izanen da. Besta gertatzen den gune nagusi guzietan puntu bat izanen da (ostatuak, peñak edo elkarteak), segurtasun zentral nagusiarekin zuzenki komunikatuko dena etengabe. Nonbait zerbait gertatu orduko jakinarazten ahalko dute.

Protokolo berri bat

Erasoen kontrako protokoloan sartzen da komunikazio hori. Hiru eraso maila definitu ditu kolektiboak, eta hiru erantzun mota. Maila apaleko erasoak «txisteak, umore matxista, begirada astunak, diskriminazioak» dira. Bigarren mailakoak, berriz, «larderia, meneratzeak, kontrolak, kulpabilizazioak, mehatxuak, umiliazioak, xantaiak, orroak, hunkitzeak». Bigarren maila horretarik goiti, gertatu gunean bertan erreakzioa bat izatea aurreikusi dute: «Biktima kontuan hartzea eta erasotzailea baztertzea». Maila gorenean, hirugarrenean, sartzen dira «bortxaketak eta bortizkeria larriak». Zehaztu dutenez, halakoetan, biharamunean —eta denen artean adosturik— musika geldituko dute hiri osoan minutu batez, protesta gisa, eta Hemen, erasorik ez! banderolak atera eta mezu grabatu bat hedatuko dute. «Ez dugu nahi bestak jarrai dezala deus gertatu ez balitz bezala», erran du Clapissonek.

Besta goizetik hasiko da egun. Bestalarien lasterkaldia Miarritzetik (Lapurdi) abiatuko da, 08:30ean, eta aspaldiko partez, Santizpirituko zubirat helduko, berriz libraturik izanen baita. Hain zuzen, zubi hori bera baliatuko dute ondoko egunetan karroen ibilaldia egiteko herriko etxeko Mayou zubiraino.

Aurten, halere, izanen da beste berrikuntzarik: baionarrak ez diren bestalariek ordainduko duten eskumuturrekoaren prezioa. Ostiral goizetik igandera arte, 15 euro ordaindu beharko dute besta gunera sartzeko.

Bestalde, herriko etxeak jakinarazi du zorrozki barrandatuko dituztela ostatuetako bozgorailuetarik hedatu soinu heinak. Dezibelak neurtuko dituzte egunero, eta muga gainditzen duen oro gaztigatuko dute. Biharamuneko bereko ostatuaren zerratzea ere izan daiteke gaztigua, adierazi dutenez. Hain zuzen, aurten lehen aldikoz probatuko dute egun batez soinu ekiporik martxan ez izatea. Ostegunean, ostatu eta elkarteek ez dute musikarik hedatuko 19:00ak arte, leku guztia karrikako musikari eta kantariei uzteko. Preseski, 2032 kolektiboak dei egin die tokiko musikari, txaranga eta kantuzaleei bestara joateko eta bazterren alaitzeko.

Segurtasun aferekin bukatzeko, herriko etxeak jakinarazi du drone bat ibilaraziko dutela bestazaleen buru gainetan etengabeko bideozaintza izateko, eta denetan plantatuak diren kameren osatzeko.

Bestalarien lasterketa Baionako besten lehen egunean
Bestalarien lasterketa Baionako besten lehen egunean. GUILLAUME FAUVEAU

Ohiko ekitaldiak

Herriko etxeko besta batzordeak plazaratu egitarauan ez da aldaketa handirik izanen aurten. Lehen eguneko piper-moleta lehiaketa tokiz aldatu dute, eta Merkatuko plazatik San Andres alderat ekarri. 10:00etan hasiko da, egun.

Euskal kultura ardatz duen Jacques Portes plazako egitaraua, hau da, Karrikaldia 19:00etan abiatuko dute, Bilaka dantza konpainiaren Bilabal dantzaldiarekin.

Lehen egunean abiatuko da esku huskako Masters lehiaketa, Jean-Marie Mailharo trinketean. Lehen finalerdian, Peio Larralde eta Andoni Iphar ariko dira, Bixente Bideondo eta Luis Sanchezen kontra, gaur 20:00etan. Horiek baino lehenago, lehen partidan gazteagoek jokatuko dute: Biskubi eta Paraxu ariko dira Ibarrola eta Harotzareneren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.