ATZEKOZ AURRERA

Baionak badu gaztetxea

Urte ugari zain egon eta gero, lokala eskuratu du Baionako gazte asanbladak: Zizpa gaztetxea; ehun metro koadrotik gorako txokoa. Herriko Etxeak utzi dizkio giltzak, baina behin-behineko

Jende ugari bildu da Baionako Zizpa gaztetxearen inaugurazio ekitaldira. Uztaritzeko Kaskaroteek ere ez dute festa galdu nahi izan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Gauzak zer diren. Baionak azken gaztetxea ukan zuenetik hamabost urte iragan dira. 2001ean, herriko etxetik deus ez zutela lortzen eta, lokal bat alokatzea erabaki zuten orduko gazteek. Hiru hilabete iraun zuen ekinaldiak, orduko Baionako auzapeza zen Jean Grenet eskuindarraren presioengatik jabeak lekuak hustera behartu zituen arte. Iraganago joanez ere, aurkitu daitezke Baionako gaztetxearen aztarnak. 80ko hamarkadako Patxaren etxe okupazio garaiak memoriak oraindik markatuak ditu. Arkeologia horren prismatik, atzoko Baionako Zizpa gaztetxearen estreinak zerbait berezi zekarren bere barnean.

Nor eta Jean Rene Etxegarai, Greneten garaian auzapezordea, geroztik auzapez bihurtua, gaztetxea defendatzen. Baionako geltoki ondoko garaje zena prestatzen die udalak gaztetxekoei urririk. 400 pertsona sar daitezke 160 metro koadroko lokalean. Lesseps kaian da, Aturri ibaiari begira, geltokitik hurbil. Segurtasun normak errespetatzeko gisan egokitu diete lokala hiriko zerbitzuek. «Ez gaitezen gazteen beldur izan. Niri dagokidanez, ez daukat beldur izpirik», adierazi zuen bere hitzartze ofizialean Etxegaraik. Gaztetxeen dinamika goraipatu zuen: «Gaztetxe bat dagoen leku orotan, eta hori diot gaztetxerik nahi ez duten hiriak gogoan, dinamika berezi bat bada. Bistan da sortuko duzuen dinamikan sinesten dugula». Ageri zen mugimendu abertzalearen halako sedukzio fase batean zegoela Etxegarai. Suziri, txalo eta irri artean egin ziren hitzartzeak. Auzapezarena alde batetik eta gaztetxekoena bestetik. Biak pozik, biak gaztetxea aipagai. Baina nehor ez inozo.

Gaztetxekoek argi utzi zuten askatasun osoz kudeatzeko asmoekin daudela, autogestioa oinarri. Bada 8 urte belaunaldi hori gaztetxea eskatzen ari dela gazte asanblada gisa, ondoan hainbat ekitaldi antolatzen jarraituz. Aipagarrienetako bat, agian, Baionako besta alternatiboena. Hitzartzean gaztetxekoek sostengua helarazi zieten, bide batez, zailtasunak dituzten gaztetxeei: besteak beste, Donostiako Kortxoeneari, Oztibarreko (Nafarroa Beherea) Botari eta Tolosako (Gipuzkoa) Ezpalari, baita, oro har, gaztetxe bat lortzearen perspektiban diren gazte asanblada orori ere. Lau murru baino haratago, gaztetxea eguneroko bizia duen lokal dinamiko bat izatea bermatu nahi dute gazteek, elkarteei eta musika taldeei utziz. Otsail hasieratik, tango, antzerki, bertso eskola eta musika direla medio, hamaika tailerrek baliatzekoa dute lekua. Atzo bertan, estreinalditik landa, giro beroa sortu zen zintzur bustitzean, Uztaritzeko Kaskarotak jin zitzaizkiela ongietorria egitera. Ondotik ere, giro onak segitu zuen; bazkariko eta kontzerturako aspalditik amaituak zituzten sartzeak.

Behin-behinekoa

Eraikina desegitekoa du Herriko Etxeak, ondoan dituen gainerako egoitza gehienak bezala. Hori ere bi aldeek badakite. Nahiz gaztetxekoek abisatua izan beste maila bereko lokal bat ukan arte ez dituztela lekutik botako. Auzapezak beste leku bat proposatuko diela segurtatu zien kazetariei atzo.

Kontua da Euskal Kosta-Aturri hiriguneak geltokiko auzoa itxuraldatu nahi duela. Bada zenbait urte hasia dela Lesseps kaiko eraikinak erosten, Lurren Tokiko Erakunde Publikoaren medioz. Atzo aipatu zuen proiektua Etxegaraik. Gora doan Baionako demografiaz poztu zen. Zenbait hilabeteren buruan 50.000 biztanletara iragaitekoa dela. Eta auzo horretan preseski, garapena du ikusten: «Biharko hiria marrazten ari da. Azpiegitura kulturalak hemen jartzea erabakia dugu. Eta zuek ere instituzio kultural bat zarete», erran zien gaztetxekoei.

Biharko Baiona, agian, baina «beste Baiona» bat. Hori izan zen gazteriaren mezua, Aitor Servier bertsolariaren ahotik: «Bertan kultura merkatuaren legetik at da sentitzen./ Herrigintza eta autogestioa Zizpan direnez mamitzen,/ egunez egun jarraitu beste Baiona bat eraikitzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.