Baiona Ttipia GALen garaian

‘Baiona Ttipia eta GALen garaia’ tour politikoa egin dute Baionan. Ehun bat jende bildu da Baiona Ttipiko karriken zeharkatzeko, Dominika Dagerre eta Jakes Bortairu kontalarien bozen gibeletik.

(ID_13377762) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2023-11-25, Baiona. Tour politikoa: \
Dominika Dagerre eta Jakes Bortairu 'Baiona Ttipia GALen garaian' tour politikoa egiten, goizean. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko azaroaren 26a
05:20
Entzun

40 urte pasatu dira, baina boza oraino dardarka entzuten zaie noizbehinka gertakariak kontatzen dituztenei. 40 urte pasatu dira, baina negar batzuk isurtzen dira oraindik. 40 urte pasatu dira GAL Terrorismoaren aurkako Askapenerako Taldeak sortu zirenetik, eta, oroitzapenek ilun eta bortitz diraute. Baionako Mayou zubian eman zuten hitzordua, 10:00etan. Baiona Ttipia eta GALen garaia deitu diote ekimenari: Tour politikoa. Beroki lodiak, boneta eta batzuk eskularruak jantzirik ere hurbildu ziren atzo goizean; ehun bat jende. Hego Euskal Herritik ere jende anitz hurbildu zen; garai horiek bizi izan zituztenen Iparraldeko eta Hegoaldekoen historiak erabat lotuak baitira. Frankismo garaia zen, eta Hegoaldeko errefuxiatu anitzek leku segurua atzeman zuten Baiona Tttipian, besteak beste. Saldoari dei egin, eta abiatu zen tourra Baiona Ttipiko karriketan gaindi, Dominika Dagerre eta Jakes Bortairu kontalarien bozen gibeletik.

«Karrika odoltsuak»

Bourgneuf karrika, Lafitte karrika, Maringo karrika, Patxa plaza, Pannecau karrika, San Andres plaza... Baionan bizi den orok jada entzunak ditu karrika horien izenak; Baiona Ttipia bizia baita, oraindik ere, eta jendea elkartzen baita leku horietan. Garaian, abertzaleentzako auzo ezinago garrantzitsua izan zen: gazte mugimendu politiko anitzen habia, Gau Eskolaren etxea, hamaika egunkari, astekari eta aldizkarirena ere bai, besteak beste. Baina, garaiak garai, «karrika odoltsuak» ere izan ziren. Orotara, bederatzi atentatu kontatzen dira Baiona Ttipian, GALen eskutik.

1983ko urriaren 16an, GALen lehen ekintza: Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren bahiketa, Patxa plazan. Bi urte geroago gorpuzki zatiak atzeman bazituzten, beste hamar urte berantago baizik ez zituzten identifikatu. 1983ko abenduaren 9an, bahiketatik bi hilabetera, GALen lehen erailketa: Ramon Oñaederra, Kattu, «tiro batez buruan» erail zuten, Kayetenia ostatuan lanean ari zela. «Traumatismo handia izan zen, eta biharamunean manifa bortitza antolatu zen», oroitu zen Dagerre. Garaian, Kayetenia pareko eraikina okupatzen ari ziren; 1983ko apirilatik 1984ko ekaina arte iraun zuen. Tiroaren harrabotsa entzun eta laster batean jaitsi ziren denak; Katturen gorpua atzeman zuten ostatuaren barnea, lurrean, hilik. 1985eko martxoaren 29an, Pirenes ostatuan tiroketa bat: bi zauritu egin ziren, eta bertan lagunekin poteoa hartzen ari zen Benoit Pecasteing ikaslea hil zuten. Urte bereko irailean, Monbar hoteleko atentatu ezaguna ere egin zuten GALekoek, eta lau errefuxiatu hil zituzten. Atentatu guztien artetik, gainera, anitz larriki zauritu ziren.

40 urte pasatu dira, eta GALek Baiona Ttipian utzi herexa agerian da oraindik. Bortairurentzat, helburua argia da: «Biziki inportanta da memoria historikoa lantzea mugimendu batentzat. Batetik, belaunaldi berriei transmititu behar zaie; gure historia ezagutzea funtsezkoa da, ez da etorkizuna eraikitzen ahal iragana jakin gabe. Bestetik, iraganetik hainbat ikasgai ateratzekoak dira, eta etorkizunari aurre egiteko inportanta da horien jakitea». Estatu terrorrismoaren aipamena ere egin zuen, eta oroitarazi Frantziako Estatuaren inplikazioa sekula ez dela argitua izan, eta, hala eta guztiz ere, «gauzak oroitu eta salatu behar» direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.