Komunikazioa

Baina ez da ‘Hondar ahoak’

‘Zeru ahoak’ telesailak nolabaiteko jarraipena emango dio ‘Hondar ahoak’ produkzioari. Nerea Garcia protagonistaren atzetik, Bilboko aldirietaraino helduko da ikuslea. Filmaketa aurreikusi bezala doa, eta espero dute lana prest izatea urte amaierarako.

'Hondar ahoak' telesaila grabatzen ari dira egunotan Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
'Hondar ahoak' telesaila grabatzen ari dira egunotan Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
irene baranano
Bilbo
2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Bilbo eszenatoki bihurtu du Zeru ahoak telesailaren filmaketak. «Ekin!», oihukatu dute kameraren atzetik Olabeaga kaiaren 36. zenbakian. Itsasadarren alboan daude, langile itxurako auzo marjinal batean, Zorrotzaurre uhartearen paisaia postindustrialari begira. Nerea Garcia protagonistaren etxea izango da. Norabide bakarreko kale estua beltzez jantzitako langilez bete dute, eta Koldo Almandoz zuzendaria kameraren pantailari begirik kendu ezinik dabil.

Bost aste eta erdi iraungo dute filmaketa lanek, eta hirugarren astea dute hau. Plana espero bezala betetzen ari direla nabarmendu du Marian Fernandez Pascal ekoizleak. Hondar ahoak egiteko baino aurrekontu handiagoa duten arren, «denboraz eta aurrekontuz beti motz» ibiltzen direla aitortu du, «gauzak aurrekoan baino hobeto egitea» izaten dute-eta erronka. Aktore berriekin aritzea zuten erronketako beste bat, baina azaldu du oso gustura ari direla.

Nagore Aranburu eta Sara Cozar aktoreek kale erdian filmaketako langile baten aginduak entzun bitartean, figuranteek Zeru ahoak-i buruzko hipotesiak eztabaidatu dituzte, errepide ertzean eserita daudela: «Nagore Aranburu ez al zen berriz agertu behar zuen aktore bakarra?», «Bai zera, hor duzu Cozarren pertsonaia ere». Spoiler: Bai, aktore gehienak aldatu egingo dira, protagonista eta beste pare bat pertsonaia salbu.

Nerea Garciaren urratsei jarraikiz

Hondar ahoak-en jarraipena izango da Zeru ahoak, edo, hobeto esanda, zuzendariaren hitzetan, «Nerea Garcia protagonistaren bizitzaren jarraipena». Aranbururen pertsonaiak Hondar ahoak-en, hau da, Ondarroan bizi izandakoaren ostean, Ertzaintza utziko du, eta etxera itzuliko da, Bilbora. «Hondar ahoak-en, protagonista kanpotarra zen, arrotza zitzaion herri batean zegoen. Orain, Bilboko periferian ibiliko da, ingurugiro urbano eta ilun batean», Almandozek azaldu duenez.

Bilbo izango da tramaren epizentroa, baina Getxoraino zabalduko dira dardarak. Egun hauetan, pasaitarrek ere ikusi ahal izango dituzte filmaketaren zatitxoak, baina inguru hark ez du pisurik izango telesailaren kontakizunean.

Zuzendariak adierazi du zera zaiola interesgarri: «Ertzaintzatik kanpo egonda, jadanik ez dela agintearen morroia, jada ez duela izango biolentziaren monopolioa, poliziak izan ohi duena, eta tramari aurre egiteko beste tresna batzuk erabili beharko dituela». 2020an girotua zegoen Hondar ahoak, eta fidel eutsi diote denbora lerroari. 2024an, protagonista langabezian egongo da, autoa salduko du, eta Bilboko aldirietan biziko da. Igartzen da zuzendariak atxikimendu berezia diola protagonistari: «Nerea berezia da, bere iraganarekin arazoak ditu, sozializatzeko zailtasunak, baina ikerketarako dohainak ere baditu».

«Aurrekoa oso goitik behera egin genuen, hondarrari arreta berezia jarrita. Oraingoan, estoldetatik zerura apuntatuko dugu errealizazio aldetik, baina baita planteamendu aldetik ere»

KOLDO ALMANDOZZuzendaria

Almandozek aitortu du esfortzu berezia egin duela ikusleek Hondar ahoak telesailaren usaina hartu bai, baina, aldi berean, beste telesail bat sortzeko, «errepikakorra izango ez den ekoizpen bat» lortzeko. Hala iradokitzen du Zeru ahoak izenburuak. «Aurrekoa oso goitik behera egin genuen, hondarrari, lurrari, arreta berezia jarrita», argitu du zuzendariak; «oraingoan, ikuspegia asko aldatzen da, estoldetatik zerura apuntatuko dugu errealizazio aldetik, baina baita planteamendu aldetik ere».

Euskaraz egindako produkzio honek, Hondar ahoak-ek bezala, lau kapitulu izango ditu, baina apur bat motzagoak, 35 minutukoak. Aurreikusia dute filmaketa urriaren bukaerarako amaitzea, eta, dena ondo bidean, espero dute 2025. urte hasierarako prest izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.