Historia

Baieztatu dute bikingoak Amerikan egon zirela Kolon baino 500 bat urte lehenago

Ternuan aurkituriko hainbat eraikinetako egurra aztertuta, ondorioztatu dute duela 1000 urte bazegoela han Eskandinaviako jendea. Eguzki ekaitz bati esker jarri ahal izan dute data zehatza.

Bikingoen bilkura etxe bat birsortuta, L'Anse Aux Meadowsen, Ternuan. D. GORDON E. ROBERTSON
Edu Lartzanguren.
2021eko urriaren 21a
11:42
Entzun

Zientzialariek baieztatu egin dute Islandiako sagek (Erdi Aroko hitz lauzko kondairak) kontatzen dutena: bikingoak bazebiltzan Amerikan Kristobal Kolon baino hainbat mende lehenago. Eta data zehatza jarri diote egonaldiari: 1021. urtea.

Ternuako iparraldeko lurmuturreko L'Anse aux Meadows (Marmoken Badia) aztarnategiak eman du gakoa. Bikingoek eraikitako herrixka baten aztarnak daude han. Sagek kontatzen dute Leif Eriksson esploratzaile islandiarra (970–1020) Vinland deituriko eremu batera heldu zela. Erik Gorriaren semea zen Eriksson, eta aitaren urratsei jarraitu zien, hark bi kolonia ezarri baitzituen Groenlandian.

L'Anse aux Meadowseko aztarnategia 1960an topatu zuten, eta 1978an Unescok Munduko Ondare izendatu zuen, besteak beste, Amerikan topaturiko bikingoen aztarnategi bakarra delako. Orain arte, ez dute jakiterik izan zehazki noiz eraiki zuten. Zortzi eraikin dira denera, zotalezko estaldurarekin. Groningeneko (Herbehereak) unibertsitateko ikertzaileek eguzki ekaitz bati esker jakin dute data zehatza, eta Nature aldizkariak atzo argitaratu zuen haien ikerketa.

Orain arte, sagak interpretatuta, ondorioztatua zuten 1000. urte aldera heldua zela Eriksson Ternuara, karbono 14aren bitartez eginiko azterketek ez zutelako behar bezalako emaitzarik eskaini. Groningeneko zientzialariek beste ikuspegi bat erabili dute azterketa egiteko. Jakina da eguzki ekaitzek aztarna uzten dutela zuhaitzen hazkuntza eraztunetan, eta hori erradiokarbono aztertuta ikus daitekeela. Mundu osoko zuhaitzak aztertuta, jakin izan da 993. urtean halako ekaitz indartsu bat egon zela.

L'Anse aux Meadowseko eraikinetako hiru egur puska hartu dituzte orain azterketa egiteko. Izei eta ipuru zuhaitzekin bikingoek eginikoak dira. Badakite eskandinaviarrek landutakoak direla, tresna metalikoekin jorratu izanaren zantzuak baitituzte (mozketa zuzen eta zorrotzak, esaterako), eta Amerikako orduko biztanleek ez zutelako metalgintza ezagutzen.

Hiruretan dago eguzki ekaitza haren aztarna, eta, zantzu hori duen eraztunaren ondoren, beste 29 eraztun sortu zirela ikusi dute. Beraz, ondorioztatu dute egurra 1021. urtean moztu zutela, Kolon Karibera heldu baino 471 urte lehenago, alegia.

Bi laborategi independentetan (Groningenen eta Mannheimen, Alemanian) eginiko azterketek emaitza berbera plazaratu dute.

«1021eko urtea da daukagun data ziur bakarra frogatzeko europarrek Kolonen bidaiak baino lehenago zeharkatu zutela Atlantikoa», idatzi dute zientzialariek. «Areago, hiru zuhaitzetako emaitzek urte berean kointziditzea nabarmentzekoa da, eta ustekabekoa».

Hainbat galdera dago oraindik airean: noiz arte iraun zuten bikingoek Ternuan? Noraino esploratu zuten hegoaldera? Ikertzaileek adierazi dutenez, orain, behintzat badago data zehatz bat egutegian, etorkizuneko ikerketak ainguratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.