Badoaz, bide berriak irekitzeko

Hamar urtez baino gehiagoz lanean aritu ondoren, Gora Iruñea herri besten aldeko plataformak agur esan du, egindako lanaz harro. Iruñeko besta eredua aldatu dutelakoan dira, baina, oraindik ere erronkak badirela jakinik, tresna berriak sortzeko deia egin dute.

Topa. Bestetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen hasi zen Gora Iruñea. Gaur egun erabat onarturik daude. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Eskaladan bezala. Gora Iruñea plataforma herri besten ereduari bidea irekitzen ibili da hamar urtez baino gehiagoz. Bide horri jarraikiz garatu dira besta euskaldun, feminista, ekologista eta parte hartzaileak azken hamarkadan. Orain, taldea desegitea erabaki dute, baina oraindik bada paretan gora jarraitzeko beharrik. Tresna berriak sortzeko deia luzatu dute: izan daitezela beste batzuk bide berriak irekitzen dituztenak.

Ohar baten bidez esan zuen agur Gora Iruñea-k, urri hondarrean. Adierazi zuten «sekulako» lana egina utzi dutela herri besten ereduaren inguruan: «Frogatu dugu lanketa kolektibotik Iruñean bestelako jaiak egin daitezkeela».

Gora Iruñea manifestu bat izan zen lehenik. 2006. urtean, Iruñeko zenbait eragile politiko eta sozialek bat egin zuten, herri bestak defendatzeko. Sanferminetako «bat-batekotasuna» berreskuratu nahi zuten, eta bestelako besta eredu bat aldarrikatu: hizkuntza eskubideak bermatuko zituena, herri mugimenduen kontrako jazarpenik gabea, ikurrina errespetatuko zuena eta parekidetasunean oinarrituko zena. Udaletxearen aurrean egin zuten agerraldia, ekainaren 27an.


Iruñeko gazteak Runa parkeko besta gunea auzolanean muntatzen. IÑIGO URIZ / FOKU

Dani Saralegi Gora Iruñeko bozeramaile izan zen zenbait urtez. Gogoratu du garai hartan bazela koordinazioa Iruñeko auzoetako jai batzordeen artean, baina batez ere aspektu teknikoei zegokiena. «UPNk Sanduzelai auzokoei gauza batzuk eskatzen zizkien, baina Txantreakoei beste gauza batzuk. Koordinazio horren bidez, egoera hori salatzen zuten, baina une hartan oraindik, ez zegoen osagai ideologikoa».

Erreakzio moduan sortu zen, beraz, Gora Iruñea: «Erasoen aurrean defendatzeko. Hemen batzuk ari ginen auzoetako festak aspalditik antolatzen, eta jai horiek egin nahi genituen guk nahi genuen bezala». Peñak ere sartu ziren, eta erabaki zuten elkarte edo mugimendu kulturalek bultzatu behar zutela plataforma. Hala, politikoagoak zirenak bigarren planoan geratu ziren. Hiru lelo aldarrikatu zituzten: herri bestak, parte hartzaileak eta euskaldunak. Berehala sartu zen besta parekideen aldarria, eta, ondoren, ideia ekologistak.


Hiriko zenbait eragilek Gora Iruñea manifestua aurkeztu zuten 2006. urtean, herri besten defentsan. IÑIGO URIZ / FOKU

Azken finean, bestelako besta eredu bat aldarrikatuz bestelako hiri eredu bat aldarrikatzen zuten. «Jaietan herritarrei protagonismoa emanez eta kalean gauzak eginez, hiri eredu zehatz bat lantzen da. Guk hori ikusten genuen, baina UPNk ere hori ikusi zuen, argi eta garbi, eta horregatik eman die beti egurra jai batzordeei, Gora Iruñea-ri eta jaiei», azaldu du Saralegik.

Gora Iruñea-ren ekarpena

Erreakzio gisa sortu bazen ere, Gora Iruñea-k berehala hartu zuen beste besta eredu bat sortu eta eraikitzeko ardura. Zurine Altable ez zen hasieratik egon Gora Iruñea-n. Bilgune Feministako militantea zen, eta plataforman parte hartzea erabaki zuten: «Oso garrantzitsua zen jaien testuinguru hori: gizarte eta kultur eragileak batzen ziren han, eta guzien artean landu nahi genuen, herri mugimenduan feminismoa txertatzeko». Altablek uste du Gora Iruñea-k besta ereduari buruzko eztabaidak bultzatu eta praktikara eraman dituela. «Sekulakoa izan da jai eredu feminista lortzeko helburua: emakumeak oholtzetan, prentsaurrekoetan, jarduerak prestatzen...».


Gora Iruñea-k eta Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataformak elkarrekin deitu dute sexu erasoen kontrako elkarretaratzeetara. JESUS DIGES / EFE

Jarduna bukatuta, bereziki bi afera nabarmendu ditu plataformak: eraso sexisten kontra egindako lana eta edalontzi berrerabilgarrien onarpena. Altablek gertutik ezagutu ditu biak. «Aurrerapausoak eman dira. Erasoen aferan ez da soilik Gora Iruñea izan, baina hor egon da. Protokolo amankomuna egin genuen, eta, aurrerago, udalarekin aritu ginen elkarlanean Sanferminak Berdintasunean taldearekin», kontatu du. Urte batzuk lehenago, Barcinaren gobernuak sanferminetako sexu erasoak ezkutatzen zituen besten balorazioetan.

Eraso sexisten prebentziorako eta erasoei erantzuteko protokoloa sortzeko prozesua luzea izan zela gogoratu du Altablek. Jai batzordeak eta peñak ere hor izan ziren: «Orain nahiko barneratuta dago, baina garai hartan [2013. urtean] jarri ziren haziak. Protokoloak elkarlana ekarri zuen, emakumeen artean, baina baita udalarekin ere. Modu horretan, gaiak eta kanpainak indar asko hartu zuen».


Bestetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzen hasi zen Gora Iruñea. Gaur egun, erabat onarturik daude. IÑIGO URIZ / FOKU

Edalontzi berrerabilgarriena izan da Gora Iruñea-k hiriburuan egindako beste ekarpen bat. Kataluniatik hartu zuten ideia. Ikuspegi ekologista batetik, ezin zitekeen jarraitu behin erabiltzeko edalontziekin, Saralegiren arabera. Ez hori bakarrik: «Izan zuen alde praktiko bat ere: ez da gauza bera jai eremu bat garbitzea behin erabiltzeko edalontziak erabili badira, edo berrerabilgarriak erabili badira. Zikinkeria hamar aldiz gutxiago da». Diru iturri ere izan ziren, jende askok ez baitzituen edalontziak itzultzen.

Oztopo lasterketa

Ekarpen horiek egiteko bidea malkartsua izan da, dena den. Gartziak plataforma sortu zeneko egoera ekarri du gogora: «UPNk eta erregimenak era bortitzean erasotzen zien auzoetako jaiei eta kultur jarduerei». Yolanda Barcina zen Iruñeko alkate, eta herri bestak oztopatzeko mila trikimailu erabili zituen. Gartziari gogorren egin zitzaiona Olentzeroren kalejirekin gertatutakoak izan ziren. «Barcinak 1.000 euroko bermeak jarri nahi zituen. Horri aurre egiteko, Olentzero ezkutuan prestatu behar izaten genuen etxabeetan; Udaltzaingoa gure atzetik ibili zen, jendea identifikatzen, eta Espainiako Polizia Donibaneko Olentzeroren kontra oldartu zen. Diktadura garaietara eramaten gintuen horrek».


Udalaren traben aurka, herritarrek kalean defendatu behar izan dute urte luzez Gora Iruñea plataformaren jarduera. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Errepresioa nagusiki bi modutakoa zen, Saralegiren arabera: ekonomikoa eta poliziarena. Isun anitz jaso zituzten urte luzez, eta Simon Santamariaren udaltzainak askotan joan ziren besta eremuetara, «beren moduekin». Jaien antolakuntza oztopo lasterketekin alderatu ditu Altablek. «Sanferminetako gunerako 25.000-30.000 euro arteko bermeak eskatu zizkiguten. Hori guretzat zor handia izan zen, eta oso gogorra». Urte luzeko debekuen ondotik, Runa parkean besta gunea muntatzea lortu zuten, Enrique Maiaren aurreko legegintzaldian. Gartziak esan duenez, «zirrikitua topatu genuen lehiaketa bidez eginda, nahiz eta ados ez egon. Kakatoki batera bidali gintuen UPNk».

Errepresioa pertsonala ere izan zen kasu batzuetan. Saralegi ordu batzuez bahiturik izan zuten poliziek, eta batik bat Gora Iruñea-ri buruzko galderak egin zizkioten. Gerora, «mehatxu terroristengatik» epaitu zuten, eta epaiketan Gora Iruñea-ren izena agertu zen. Juan Luis Sanchez de Muniain UPNko zinegotziak «besten atzean ezkutatzen den talde etazalea» esan zien osoko bilkuran. Saralegik harro dio jendearen babesa lortu zutela. Garai hartako oposizio osoarena, PSN barne, eta kalera protesta egitera atera zen jendearena: «Jendeak plataforma eta hark ordezkatzen zuena bere egin eta babestu zuen. Gaur egun inork ez du zalantzarik: auzoetako festak auzotarrek antolatzen dituzte».

Azken lau urteetako lana errazagoa izan da, aldaketaren gobernuarekin, baina eskuin espainiazalea itzuli da udalera. «Egoera ez da erraza, eta okertuko da. Espero dut eragileek tresna berriak sortuko dituztela», dio Altablek. Denak bat datoz: «Gora Iruñea tresna bat zen, ez zen helburu bat. Badago hondar bat, eta hortik atera daiteke zerbait berria, osagai eta helburu berriekin. Egindako lana ez da desagertuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.