AZPI kultur elkarteko kidea eta zeramikaria

Jone Zubizarreta: «Badirudi gure lana gustuko dugunez ez genukeela kobratu behar»

Donostiako hainbat estudio elkartu dira 'Bira' egitasmoa sortzeko. Ostegunetik larunbatera ateak irekiko dituzte, herritarrei bertan egiten duten lana erakusteko eta hari balioa emateko helburuz.

Jone Zubizarreta, atzo, AZPI kultur elkartean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Zubizarreta, atzo, AZPI kultur elkartean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
urko iridoy alzelai
Donostia
2024ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun

Bakardadea deskribatzen dute artista askok euren lan prozesuaz galdetzean. Bakarka pentsatu, sortu, egin... ondoren kolektiboan emaitzaz disfrutatzeko. Jone Zubizarreta (Arrasate, Gipuzkoa, 1984) AZPI kultur elkarteko kidea da, eta zeramikaria ofizioz. Berak argi dauka bakardade hori saihesteko «saretzea» dela konponbidea. Horregatik, Bira sortu dute, «Donostiako artistak elkartzeko eta indartzeko proiektua»; bihar hasi eta larunbatean bukatuko da. Sortzaileen estudioak irekiko dituzte, jendeak bertako lana ikus dezan.

Nondik nora sortu da Bira proiektua?

Saretze bat da Bira. Betidanik jakin izan dugu sormen lana ogibide bakartia dela, eta elkar ezagutzea eta elkarren artean indartzea behar bat bihurtu da, bereziki Donostian. Betidanik aipatu izan dugu horrelako zerbait egin behar genuela, eta azkenean hemen da.

Sortzaileek zailtasun asko dauzkate Donostian?

Hiri garestia da, dudarik gabe. Bertan estudio bat erostea edo alokatzea oso zaila da, eta horrek ez du laguntzen. Bilbon, adibidez, maizago egiten dituzte Biraren moduko jarduerak, alde batetik Arte Ederren Fakultatea han dagoelako, eta, bestetik, hiriak onerako baldintzatzen duelako.

Hiru eguneko jarduerak antolatu dituzue...

Hori da. Ostegunean hasi eta larunbatean amaituko da. Donostiako hamabost estudiok ateak irekiko dituzte, jendeak ikus dezan bertan zer lan egiten den eta nola egiten den. Hamalau Donostiakoak dira, eta beste bat Hernanikoa [Gipuzkoa].

Hamabost estudio. Denak diziplina berekoak?

Ez. Zeramikariak, bitxigileak, ilustratzaileak, margolariak... daude; aniztasun handiko estudioek irekiko dituzte ateak.

Donostia ez da hiri erraldoia. Saretzeko beharra dagoela diozu, baina lehenagotik elkar ezagutzen duzue?

Normalean, horrelako lanak ditugunok askotan elkar ezagutzen dugu, baina ezer lotu gabe. Gure lanak askotan intersekzionatu egiten dira; hau da, askotan, adibidez, diseinatzaile batek serigrafian dabilen norbait behar du. Modu organikoan sortutako harremanak izaten dira, ez helburu batekin lortutakoak. Modu profesional batean elkartzea behar genuen, eta horretarako da Bira.

AZPI elkarteko kide zara. Zuen erantzukizuna da Bira antolatzea?

Proiektu hau AZPIren, Gildaren eta Formato Norteren artean egindako zerbait da. Hiru estudioak elkartu ginen, eta ideia jasa bat egin, ideiak bota, helburuak betetzeko zer egin nahi genuen erabakitzeko. Aurrera egitea erabaki genuenean, parte hartzeko aukera eskaini genuen. Nabarmentzekoa da hau proiektu autogestionatu bat dela, ez dugula inolako laguntzarik jaso.

Edozein sormen estudiok zeukan aukera parte hartzeko?

Horrekin eztabaida handia eduki genuen. Zaila da sormen estudioaren definizioa mugatzea. Interes komertzialago bat erdian sartzen denean, badirudi hortik kanpo uzten zaituela. Denda ala estudioa da? Muga oso fina da. Birako partaideen artean, batzuk dendak dira, eta beste batzuk ez; azken finean, sortutakoa saldu egin behar dugu.

Jendea jabetzen da estudio batean zer lan karga dagoen?

Argi dago ezetz. Gure ogibideak nahikoa urruntzen dira lanpostu normaletatik, eta hori ezagutarazi nahi dugu gure lokaletako ateak zabalduta. Askok uste dute plazera eragiten dizun zerbait egiteak ez duela dirurik balio; gizartean oso errotuta dagoen ideia bat da hori. Askotan esan didate nik egiten dudana gustuko dudala, eta erraz egiten dela. Baina kontulari batek ez du bere ogibidea gustuko, ala? Badirudi gure lana gustuko dugunez ez genukeela kobratu behar.

Bira hiru egunekoa izango da. Ondoren, zer?

Ba, nik uste dut Bira arrakastatsua izango dela ondoren estudioen eta artisten artean kolaborazio berriak sortzen badira. Elkar ezagutzea sustatu nahi dugu, eta horrek aukera berriak sortzea. Noski, arrakasta izango litzateke hurrengo urtean estudio berriak gehitzea, eta baten bat antolakuntzan sartzea.

LOTSABAKO

Erreferente bat? Bilboko Gau Irekia jaialdia.Inguruko sortzaileren bat? Jabi Rodriguez.Pelikula bat? Wild at Heart.Euskal Herriko txoko bat? AZPI kultur elkartea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.