Astebete. Hori besterik ez da falta aurtengo Euskaraldia has dadin. Aurki ikusiko dira barra-barra kaletik ekinbidearen txapak eta banderatxoak, eta, zer esanik ez, euskara bera. Itxaron ezin duenak, baina, badu pantailak berotuz joateko aparteko planik: Pantailaldia. Azaroaren 11tik azaroaren 18ra bitartean, Pantailak Euskaraz taldeak euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko egitasmoa abiatuko du. Telebistak, streaming plataformak, zinema, bideojokoak... Pantailaldiak lau ertz artean euskaraz ikusi eta entzun daitekeen guztia hauspotzeko asmoa du. Zertarako? Batetik, eduki horien kontsumoa areagotzeko; eta, bestetik, hautsak harrotzeko. Pantaila artean euskarak dituen «gabeziak» agerian utzi nahi ditu taldeak, erakundeek pauso bat eman dezaten hizkuntzaren alde.
Oraindik bada ekinbidean izena emateko aukera. Berrehundik gora pertsonak eman dute izena; tartean, badira «konpromiso berezia» hartu duten bost boluntario —Andoni Solorzano hizkuntza aholkularia, Itziar Luri kazetaria, Mitxel Elortza irakaslea, Nagore Irizar bikoiztailea eta Ioritz Gonzalez irakaslea—. Aste osoan, euren bizipenen berri emango dute egunero sare sozialetan, eta tokiko komunikabideek gertuko jarraipena egingo dute.
«Mota guztietako pantailetara» zabaltzeko asmoa dute Pantailaldia. Zer-nola ikusi, beraz, sarean diren euskarazko edukiak? Nondik hasi? Zerrenda luze bat ondu du Pantailak Euskaraz taldeak, eduki horiek eskaintzen dituzten plataforma gehientsuenekin. Hona hemen:
Filmak, telesailak, dokumentalak
Bada non aukeratu: Netflix, Amazon Prime Video, HBO Max, Vimeo, Filmin... Streaming plataforma horiek euskarazko audiodun zein azpitituludun edukiak eskaintzen dituzte. Aplikazioetan bertan topatzea, baina, ez da hain erraza. Dena dela, zernonikusi.eus webguneak bilatzaile bat sortu du, plataforma horietan eta beste hainbatetan diren edukiak klik batean topatzeko. Azpidatzien, audioaren, generoaren edo eduki motaren arabera iragazi daitezke bilaketak.
Euskal Encodings da beste aukeretako bat: datu base bat da, euskara bikoiztutako eta azpidatzitako edukiak biltzen dituenak —deskargatuta edo sarean ikus daitezke—. Ikusi nahi duzun ikus-entzunezkoa bilatu, ikusi botoiari sakatu, eta segituan has zaitezke edukiez gozatzen.
Bestalde, Nafarroan zein Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badira liburutegi publikoak sarean: Nafarroako Liburutegi Publikoak bata, eta eLiburutegia bestea. Dagokion liburutegiren bateko txartela behar da. Astean, gehienez bi eduki hartu daitezke maileguan, eta 72 ordura arteko epea dago nahi adina aldiz ikusteko.
Telebista kateak
Fikzioa ez da Pantailaldiaren funtsa bakarra; hura alde batera utzita, euskarazko telebista kateak kontsumitzera ere deitu du Pantailak Euskaraz taldeak. Bai irismen handikoak —Hamaika Telebista, ETB1, eta ETB3—, bai tokian tokiko telebistak: Kanaldude, Ipar Euskal Herrikoa; Xaloa Telebista, Nafarroa, Baztan, Bertizarana eta Malerrekakoa; Erlo Telebista, Urola Kostakoa; 28 kanala, Tolosaldekoa; GITB, Goierrikoa; eta Oizmendi Telebista, Lea-Artibaikoa eta Busturialdekoa.
Telebista nahieran
Zuzenean ez ezik, telebista nahieran ikusteko aukera ere bada. Dela erreportajeren bat, saioren bat, elkarrizketaren bat... Euskal Herri mailako hedabideek edukiak edonoiz kontsumitzeko parada eskaintzen dute —baita goian aipatutako tokian tokikoek ere, haien webguneetan—. Lehen horiek dira, esate baterako: Berria TB, Argia-ren Multimedia atala, Hamaika Telebistaren Nahieran orrialdea eta EITBren Nahieran zerbitzua.
Haur, nerabe zein gazteentzat
Etxeko gazteenek —eta ez hain gazteek ere— bideo sorta zabala dute eskuragarri, bai disfrutatzeko, baita ikasteko ere. Lehengorako, EITBren 3kluba aplikazioan hamaika bideo dira txikienentzat. Orain gutxi estreinatutako Loa eta Laia marrazki bizidunak ere. Bi sorgin dira protagonistak, eta helburu du haurrak musikara zaletzea eta balioak transmititzea. Lehen atala argitaratu dute gaurdaino, eta hilean saio bat argitaratzeko asmoa dute.
Entretenimenduaz gain, eduki didaktikoak ere badira euskaraz. BERRIAk iaz abiarazi zuen Berria Ikasgela. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzendutako edukiak dira, ikasgaiak osatzeko aproposak izan daitezkeelako aukeratuak. Ikusi hemen bertan diren bideoak.
Nafarroara begira, bertako toki entitateetako 28 euskara zerbitzukera.euswebgunea sortu dute, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikasketa prozesua osatzeko. Filmen eta marrazki bizidunen zerrenda bat ere badu.
Gookapi euskaraz haurrentzako euskarazko eduki interaktiboak biltzen dituen lehen proiektua da. Animaziozko iratxoak ditu protagonista, eta atal guzti guztiak interaktiboak dira; hau da, denek dituzte bide eta amaiera ezberdinak, eta haurrak aukera dezake unean une zein bide hartu.
Bestalde, Ikusgela proiektua duela ez asko abiarazi du Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Orain arte, filosofiaz, euskaraz eta ekonomiaz mintzatu dira bertan: Simone De Beauvoir, Descartes; Bernart Etxepare, Axular; BEZa, soldata garbia eta gordina, besteak beste.
Bideo bidezko eskolez gain, gogoetarako tarterik ere bada. «Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta», Geruzak proiektuak feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzen ditu, nola ez, euskaraz eta euskaratik. Sei atal ditu, oraindik bakarra argitaratu badute ere. Aurki ikusi ahal izango da bigarrena, Sormena; azaroko bigarren hamabostaldian estreinatuko dute, Tuteran. Hirugarrena, Askatasuna, berriz, abenduaren 9an, Durangoko Azokan—. Gainontzeko hiru atalak zehazteko daude: Boterea, Ondo bizitzea eta Taldetasuna.
Youtubeko beste kanal batzuk
Haurrentzako azken proposamenak: batetik, Ene Kantak Youtubeko kanala, behar bezainbeste kantu eta koreografiekin. Bestetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abesti, dantza eta ikuskizunak gogoratu nahi? Haien Youtubeko kanalean, KatxiporretaTBn, nahi adina bideo dira eskuragarri, noiznahi ikusteko.
Bere aldetik, Euskal Encounterrek ere sareratu ditu euskarazko hainbat marrazki bizidun haren Youtubeko kanalean. Gainera, tutorial bat ere argitaratu zuen, Youtube Kids aplikazioan haurrek euskarazko edukiak soilik ikus ditzaten.
Bideojokoak
Ikusi eta entzuteaz gain, baina jokatzea ere. Game Erauntsiaren helburua euskarak bideojokoetan duen presentzia areagotzea da. Haren webgunean, euskaraz gozatu daitezkeen 101 joko bildu dituzte egun arte.