Egunerokoa da idazten den hori, eta egunerokoa da norberak bizi duen hori. Gerrak apurtzen du batzuena, eta gerraren gordina bizi izan duenak besteena. Atef Abu Saifek apurtu du Donostiako Zurriola ikastolako ikasleena. Galdera sinple batekin: «Badakizue non dagoen Gaza?».
Zekitelakoan zeudelako haiek, eta dakitelakoan daudelako beste asko. Non dagoen jakitea baita bata, eta zer den jakitea bestea. Egunerokoa beste bat da, egunero hura bizi izan duenak horrela kontatzen duenean: «Ez dago ikastetxerik Gazan. Zuek bezalako ikasleek bi urte daramatzate klasera joan gabe Gazan. Dena dago suntsituta Gazan. Etxetik atera dituzte denak Gazan. Ez dago janaririk Gazan. Bukatu behar du Gerrak Gazan. Milesker entzuteagatik».
Hori egin dute: galdetu, entzun eta ikasi. Amagoia Mujika BERRIAko zuzendariak egin du sarrerakoa, euskaraz -—Gazako egunerokoa liburuan jaso ditu Abu Saifek han bizitakoak, Aleka bildumaren parte da, eta joan den astean aritu zen idazlea liburua aurkezten—, eta batxilergoko lehen mailako 90 bat ikasle aritu dira idazleari itaunka ingelesez. Esther Amondarain ikastolako zuzendariak azaldu du nola eman zuten baiezkoa «berehala» Abu Saifen bisita jasotzeko proposamena egin zietenean. «Berebiziko garrantzia du gaiak. Egia da ikasgeletan aktualitateko gaiak lantzen ditugula, baina horrelako testigantza bati ezin genion uko egin. Ingeleseko eta filosofiako saioetan egin dugu lanketa. Oso prozesu polita izan da galdera horiek prestatzea: testuinguru bat ematea, eurek zer kezka dituzten jakitea, eta hori guztia ingelesez egitea».
Txukun dituzte denak apuntaturik. Banatu dituzte paperak. Irakasleak dituzte alboan. Filosofiakoak Palestinaren aldeko pin bat dauka paparrean jarrita. Intifadei buruzkoa izan da lehen galdera. Oraindik saihetsaldean daukan balaren ingurura eskua eramanda oroitu ditu Abu Saifek garai haiek. «Zer aukera daukazu? Gu ez gaude bakearen kontra, baina ez dugu gure etxetik ateratzea nahi». Galdetu diote hangoen egunerokoaz. «Ez dakite non lo egingo duten gaur, eta ez dakite bihar bizirik jaikiko diren ere».
Eta galdetu diote, gordin: «Hamasen ideiekin bat zatoz?». Abu Saifek azaldu du «ikuspuntua» ez dela hori: «Israelek abiatutako gerra ez da Hamasen kontrakoa: palestinarren kontrakoa da. Nik han dauzkat arrebak, anaiak... baina haiek ez dituzte pertsonak ikusten, haiek Hamas ikusten dute, Hezbollah ikusten dute. Gerra hau ez da orain hasi. Orain, oldarkorrago bihurtu da».
Israelgo armada, pertsonak ez ezik, Gaza bera hiltzen ari dela nabarmendu du idazleak. Eta azaldu die ikasleei nola dauzkaten gazatarrek euren izenak zangoetan eta besoetan idatzita, hiltzen badituzte nortzuk diren jakin dadin —baita berak ere, baina ez du erakutsi nahi izan—. Eta familiarekin akordatu da: «Zu salbu egongo zara haiek salbu direnean».
«Zer da gerraren okerrena?»
Eta galdetu diote zer den gerraren «okerrena». Hausnartu du: «Zure familia babestu nahia eta ezina, zure familiari jaten eman nahia eta ezina». Akordatu da Gazako itsasoaren ederrarekin, eta hango antzokiekin, nostalgiaz: «Eta nola dantza egiten genuen». Akordatu da belaunaldi berriekin: «Askok ez dakite zer den telebista bat, zer den hozkailu bat, zer den ur hotza, zer den haragi freskoa. Han ez dago bizitzarik». Hunkitu da egunero jaikitzeko arrazoiei buruz aritu denean, galdutako itxaropenari buruz, eta izan beharrekoari buruz. Haren alaba gazteenak izan beharko lituzkeen ametsei buruz, eta etorkizunari buruz. Atzokoaren garrantziaz, baina, batez ere, biharkoaren garrantziaz. Galdetu diote zer den errefuxiatu kanpaleku batean bizitzea. Eta erantzun du: «Inon ez bizitzearen parekoa da. Behartuta joan zara hara, eta galdu duzunaren oroitzapen betierekoa da hura».
Egungo egoeraren analisia ere egin du idazle palestinarrak, eta gerra Libanora hedatu izanak ez diela batere onurarik ekartzen. «Gaza bakarrik dago, eta egunero ari dira jendea hiltzen, jada inon agertzen ez den arren. Ez dugu gerra gehiago behar. Gerrak gerra bakarrik dakar».
Txalo zaparrada luze eta ozen batekin amaitu da Abu Saifen jarduna. Ikasle batzuk bostekoa ematera altxatu dira, miresmenez eta esker onez. Orain bai, orain badakite non dagoen Gaza.