Duela 30 urte hasi zen sagarrondoak landatzen Koldo Markinez (Askartza, Araba, 1958) sagardogilea, Askartzan. Urte batzuen ostean, erabaki zuen sagardotegi bat zabaltzea; orain, bertan ari da lanean familiarekin. Administrazioari dagokionez Burgosko (Espainia) lurretan egonda ere, sagardotegian euskara lehen lerroan jarria dute. Areago, Markinezek adierazi duenez, azken 50 urteetan Trebiñun aldaketa «nabarmenak» egon dira.
Sagardotegi bat Trebiñuko Askartza herrian. Nolatan?
Sagarrondoak landatzen hasi nintzen etxalde batean duela 30 urte inguru. Pixkanaka sagarrak ematen hasi ziren, eta orduan egin genuen lehen sagardoa. Baina iritsi zen garai bat non geroz eta sagar gehiago genituen, handitu egin baitziren. Ordura arte, sagardoa azoketan eta tabernetan saltzen genuen, baina pauso bat gehiago ematea erabaki genuen: sagardotegia irekitzea.
Sagarrak ez dira Trebiñuko produkziorik ohikoenak.
Hemen garia eta garagarra dira nagusi, eta garai batean baita patata ere. Baina egia da Askartzako etxeetan sagarrondoak betidanik egon direla. Azken batean, hemen neguan ez dago jateko frutarik, eta, beraz, sagarrak ganbaretan mantentzen ziren. Errege sagarrak izan ohi ziren, oso gogorrak mantendu ahal izateko. Hori oinarri hartuta, zerbait berria egiteko nahia nuen, eta sagarrondoak landatzeari ekin nion.
Baldintzak onak al dira sagarrak mantentzeko?
600 metro ingurura gaude, eta arazorik handiena izotza da. Izotzik ez dagoenean, produkzio osohandia eta ona da. Gipuzkoako eta Asturiasko [Espainia] sagarrak ditugu landatuta; azken horiek izoztea zailagoa izaten da, loreak geroago ematen baitituzte. Guztira, 2.000 sagarrondo inguru ditugu.
Nolakoa izan da aurtengo uzta?
Iaz produkzio handia eduki genuen, baina aurtengoa eskasagoa izan da. Gainera, sagarrondoak bi urtean behingoak izaten dira: urte batean sagar asko eman ditzake zuhaitzak, eta beste batean, gutxiago. Beraz, bai, aurtengo uzta kaskar samarra izan da.
Sagarra al da zure pasioa?
Frutagintza betidanik gustatu izan zait. Nekazaritza ikasi nuen Atarrabian [Nafarroa], eta han egin nituen lehen urratsak. Gogoratzen dut zein gustura joaten nintzen frutagintzako eskoletara. Praktikak ere egin genituen etxalde ugaritan.
Eta jada igaro dira hamahiru urte sagardotegia ireki zenutenetik.
Ideia zoro bat izan zitekeen hemen sagardotegia zabaltzea, ez baita ohikoena. Nabarmendu behar dut familia ere beti izan dudala alboan; bakarrik ezingo nuke hau egin. Lehenengo kolpea sagarrondoak landatzean eman nuen; galdetu zidaten ea zertan nenbilen. Bigarren kolpea sagardoa egitea izan zen; eta, azkenik, hirugarrena, sagardotegia zabaltzea.
Nolakoak izan ziren lehen urteak?
Hasieran asteburuetan egiten genuen lan Marianek, nire bikotekideak, eta biok. Aste barruan bakoitzak bere lana zuen. Gainera, ni hemen jaiotakoa naiz, eta banekien baserri bat zer zen. Sukaldaritza ere betidanik gustatu izan zait, eta sagardotegiko menua ere ez da zaila egiten: bakailao tortilla, bakailaoa pil-pil erara, txuleta eta postrea. Erraza da.
Baserria ere eraldatu zenuten sagardotegia egiteko, ezta?
Bai. Garia sartzeko lekua genuen albo batean, eta bestean, ukuilua. Horiek eraldatu egin genituen, eta upelak sartzeko tokia eta jantokia egin genituen. Hasieran 60 pertsona inguru sartzen ziren; batzuetan betetzen zen, eta beste batzuetan ez. Baina pixkanaka hasi ginen deiak jasotzen eta erreserbak egiten. Hala, sagardotegia handitzea erabaki genuen.
Arrakastaren seinale, beraz?
Hasieran galdetzen genion geure buruari ea nor etorriko zen sagardotegi batera, baina pixkanaka hasi ginen ezagutzera ematen. Gaur egun jende asko etortzen da; Arabatik ez ezik, Miranda Ebrotik [Espainia] ere etortzen da jendea. Gainera, leku estrategiko batean gaude; Gasteiz ondoan. Badaude menditik oinez etorri, sagardotegian bazkaldu, eta autobusean bueltatzen diren zenbait herritar ere. Sarritan joaten gara urrunera toki politen bila, baina hemen ere baditugu halakoak.
Hemen ere txotx garairik ba al dago?
Noski. Urtarrilean emango diogu hasiera. Kuartangon [Araba] egingo dugu, han ere sagardotegi bat baitago. Txotx garaian jende asko etortzen da, mugimendua dago. Gainera, erraza da hona etortzea, Gasteiztik hogei minutura baitago. Hernanira edo Astigarragara joanez gero, ordubete baino gehiago behar da iristeko, eta berdin bueltatzeko. Gainera, Etzegarateko mendatean zorabiatu egiten dira asko.
Nolako giroa egoten da hemen?
Sagardotegiko kultura ez dago barneratuta Trebiñun, baina bada haren esentzia. Hainbat herritar etortzen dira trikitiarekin, eta abesten dute. Batzuetan asko aztoratzen da giroa.
Euskarari dagokionez, sagardotegian entzuten al da?
Sagardotegiko langileon artean saiatzen gara euskara entzungai izaten. Etortzen direnen artean euskara ez da asko entzuten, baina zertxobait bai. Gazteek hemen badakite euskaraz; gehienek ikastolan ikasi dute, eta hori nabaritzen da. Baina egia da ez dutela asko hitz egiten. Sarritan, errazagoa da gazteleraz hitz egitea.
Zuk noiz ikasi zenuen euskaraz?
Unibertsitate garaian ikasi nuen, eta gero, Gasteizen, AEK eta IKA euskaltegietan. Etxean gazteleraz hitz egiten zuten. Halere, hemengo toponimia euskalduna da: Sarria eta Mendigorria, besteak beste. Askok zioten hitz arraroak zirela. Euskara ikasi ostean, ordea, jabetu naiz jatorri euskaldunekoak direla, gazteleraren eraginez eraldatuta. Esango nuke, Trebiñun, herri txiki hauetan galdu zela azkenekoz euskara.
Trebiñuri dagokionez, izan al du aldaketarik azken urteetan?
Trebiñuk eraldaketa handia jasan izan du azken 50 urteetan. Hori kontuan hartzekoa da. Politika arloan duela mende erdi PP zen jaun eta jabe, guztia kontrolatzen zuen erregea. Egun, baditugu EH Bilduk edo EAJk osatzen dituzten taldeak. Herriko jendea biltzen da talde horietan. Hala ere, badakigu non gauden eta zein den egoera. Hau Trebiñuko kondenatua da.
Zer dakarkio Trebiñuri administratiboki Burgosen barne egoteak?
Sagardotegiari dagokionez, ez dugu laguntzarik jasotzen. Bagenekien hori hasieratik horrela izango zela. Politikoki ere egoera erraza da Burgosentzat; Trebiñu berea dela dio, eta, besterik gabe, ez du beste ezer egingo. Arabak ere asko hitz egin du, baina ez du ezer egiten. Zerbitzuez baliatzeko, berriz, herritar gehienak Trebiñuko herrietan bizi arren, Gasteizen erroldatzen dira. Esan daiteke, beraz, bizitza bi aldeetan egiten dela: Trebiñuko lurretan zaude, baina zerbitzuak Gasteizkoak dira. Gauza bakarra dago garbi: Trebiñun berriro egin behar da erreferenduma.
Beste erreferendum bat?
Bai, tira, beti gaude egoera berberean. 36ko gerraren ostean, 1940an egin zen lehen galdeketa. Politikariek esan zuten Arabaren aldeko botoek irabaziz gero aldaketa egingo zela. Baiezkoa gailendu zen, baina ez zen ezer egin. 1958an egin zen bigarren erreferenduma, eta emaitza berdina izan zen. Orain hogei urte inguru egin zen azkeneko galdeketa, eta hor ere baiezkoa. Hala ere, hemen jarraitzen dugu, Trebiñu existitzen dela aldarrikatzen. Hemendik aurrera, jendeak bozkatu eta hautatu dezala nahi duena. Funtsean, askotan esaten digute baskoak garela; bada, zer gara?
Beraz, aurrera begira ere aldarri horren pean antolatuko zarete?
Nik beti diot hormak apurtzeko gaudela; adibidez, euskaraz eginez gero, gazteleraren horma zulatuko dugu. Amonak esaten zidan ez dugula historia konponduko; baina gerra emateko prest, behintzat, bai. Egun, Arabaren erdialdean konderri bat izatea ez da normala. Burgosek esaten du demokrazia dela, garai batean lur hori eskuratu zuelako. Beste kontu bat da, ordea, demokrazia; esaterako, herritarrei zerbitzuak etxe alboan eskaintzea eta haien beharrei erantzutea. Burgosek kontrakoa egiten jarraitzen du.
Eta, bitartean, ba al daukazu proiektu pertsonalik egiteko?
Oraintxe bertan, berriro ere prest dauzkat 400 sagarrondo inguru landatzeko. Baina pixkanaka landatuko ditut, ez baitaukat ezer handia egiteko presarik.
Koldo Markinez. Sagardogilea
«Badakigu non gauden eta zein den egoera; Trebiñu kondenatua da hau»
Markinezek Trebiñuko Askartzan sagardotegi bat irekitzea erabaki zuen orain hamahiru urte. Gasteiz inguruko herritar ugari joaten dira sagardotegira, eta han sortzen den giroak sagardotegiko «esentzia» mantentzen duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu