Umorea zientzia dibulgatzeko eraginkorra izan daitekeela uste du Josu Lopez Gazpiok (Tolosa, Gipuzkoa, 1987). Kimikan doktorea eta dibulgatzailea da, besteak beste. Barredromoan parte hartuko du gaur, UEUk antolatutako zientziari buruzko umore bakarrizketaren saioan. Eibarko (Gipuzkoa) UEUren egoitzan izango da, 18:00etan.
Zer-nolako kimika dago zientziaren eta umorearen artean?
Oso ona. Zientzia gogor gisa hartzen den gaia izaten da beti, baina badago modua kimikari umorez heltzeko, modu erakargarri batean.
Nola sortzen da umorezko bakarrizketa zientifiko bat?
Garrantzitsuena ideia on bat izatea da. Izan daiteke datu berezi bat, anekdota bat, informazio xelebre bat... Gero, horren bueltan, umorea sartu behar da, eta zientzia ezagutzak ere sartu behar dira bakarrizketan. Helburua ondo pasatzea da, eta zerbait ikastea.
Zeri buruzkoa izango da zurea?
Zikoinaren teoria izango da izenburua, eta teoria absurdo edo zoro baten azalpena da, baina modu serio batean, datu estatistikoak erabilita. Zerbait serioa balitz bezala, ideia serio bat justifikatzen saiatzen naiz. Helburua da erakustea zer arriskutsua izan daitekeen estatistikaren eta datuen erabilera maltzurra.
Puzkerraren kimikaz egin zenuen duela pare bat urtekoa. Eguneroko gaiak kimikaren bidez azaltzen saiatzen zara?
Hori da, bai. Eguneroko gauza bati buruzko azalpen bat ematea da, puzkerren usain txarra, adibidez, konposatu kimikoen bidez. Eguneroko bizitzan sortzen zaizkigun galdera horiek azaltzeko modua izan daiteke umorea erabiltzea.
Zer erreakzio izan ohi du jendeak?
Bakarrizketak egiten dituen pertsona bakoitzak bere estiloa izaten du. Nirea ez da normalean ohikoa izan daitekeen umore hori, baizik eta gehiago gauza xelebre bat, edo ironia erabiltzea... Hain modu serioan kontatuta, uste dut pixka bat kostatzen dela hasieran benetan ari naizen edo ez harrapatzea. Baina gero, jendea harrapatzen duzu, eta gustura entzuten dute.
Dibulgazioan aritzen zara. Bakarrizketak ere horretarako saiakera dira?
Beti ez dut umorearen bidez egiten, idazten dudalako, eta batzuetan gaiak serioagoak direlako. Baina beti saiatzen naiz gertuko puntu hori ematen, momenturen batean anekdota xelebre bat sartzen, edo hori izaten abiapuntua gero kontatuko dudana azaltzeko. Helburua da zientzia dibulgatzea, baina artikulu zientifiko bat irakurtzen hasteko aitzakia izan daiteke umorea erabiltzea.
Nola hasi zinen bakarrizketak egiten?
Denborarekin ikasten joan naiz, neure kabuz. Egia esan, zientziako ikasketetan dibulgazioa ez da batere lantzen. Interesa daukanak bere kabuz ikasi behar du. Niretzat oso berezia izan zen ikustea nola funtzionatzen zuen horrelako gai batek, eta jendeak gustura entzuten zuela.
Ateak irekiko ditu Barredromoak horretan, ezta?
Hori da helburua. Bagaude honetan ibili garen gutxi batzuk, baina jende berria badago, eta behar denean lekua uzteko prest gaude, noski. Pozik nago ikusita badagoela jendea Barredromoan bertan: aldi bakoitzean ahots desberdinak daude, bakoitzak bere estiloa dauka, baina badago harrobia.
Askotariko gaiak landuko dituzue, gainera. Kimikatik giza zientzietara.
Bai, eta garrantzitsua da horrela enfokatzea, zientzia dibulgazioa ez delako bakarrik zientzia gogorrak deiturikoekin egiten, fisika-kimika eta horrelakoekin. Gizarte arlokoak ere zientzia dira, izan daiteke hizkuntza arlokoa... Horiek guztiak sartzen dira zientzia handiaren barruan, eta horietako edozein aproposa da umorez hartzeko.
LOTSABAKO
Kimikan liluratzen zaituen zerbait?
Taula periodikoa.Umoregile bat?
Randy.Kimikaria ez bazina?
Zientziaren beste adar bat aukeratuko nuke, biologia edo.