Egile Berrientzako Iruñeko Literatur Lehiaketaren irabazlea narrazio modalitatean

Iñigo Satrustegi: «Badago ezkutuan dagoen sektore bat, sarietatik kanpo idazten duena»

Familian sortzen diren botere harremanak landu ditu Satrustegik bere lanean, baita zaintza ere: «Familiaren ardura eta zaintza nork hartzen dituen aztertu nahi nuen».

Iñigo Satrustegi
Iñigo Satrustegi, Egile Berrientzako Iruñeko Literatur Lehiaketaren irabazlea, aste honetan, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Iruñea
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Umetatik istorioak kontatu nahi izan ditu Iñigo Satrustegik (Iruñea, 1997). Egile Berrientzako Iruñeko Literatur Lehiaketa irabazi du, narrazioan, Oheak gordetzen duena lanarekin. Protagonistaren eskutik, heriotzaren ondorioz sortzen diren egoerak aztertzen dira kontakizunean. Aipamen berezia ere lortu du poesia sailean, Ebakiduraariketak lanarekin.

Literatura beti izan duzu lagun?

Harreman gorabeheratsua izan dut irakurketarekin. Unibertsitatean Itzulpengintza ikasi nuen, ez bainuen Literatura ikasi nahi. Karreran irakasle batzuek erakutsi zizkiguten literaturaz disfrutatzeko moduak, eta literaturarekin nuen harremana berreskuratu dut.

Zer-nolako eragina du itzulpengintzak zure idazteko eran?

Itzulpengintza ariketa bat da sortzaile izan nahi duenarentzat.

Zer gordetzen du oheak?

Hasieratik badakigu amona hilko dela: ez da sekretu bat. Heriotzaren aurrean dauden portaera desberdinak aztertu nahi nituen. Heriotza ez da garrantzitsuena, baizik eta horrek inguruan zer eragin duen. Heriotza laguntzailea da istorioa kontatzeko orduan.

Heriotzaren gaia zentzumen guztiekin landu nahi zenuen?

Bai. Oso sentsoriala da, irakurlea hor kokatu nahi bainuen. Gauza batzuk kopiatu ditut hainbat liburutatik; sonoritatea, adibidez. La casa de Bernarda Alba obran [Bernarda Albaren etxea] [Federico Garcia] Lorcak kolorearekin transmititzen duena ere helarazi nahi nuen; hildakoaren azalean islatu dut hori. Maite ditudan ariketak praktikan jartzeko aukera zen.

Zaintza erdigunean jarri nahi zenuen?

Bai. Zaintzaile bat dago, eta estimua dio hildakoari, baina hildakoaren ahizpak ez du onartzen. Zaintzaren eta familia instituzioaren arteko harremana landu nahi nuen; batzuetan, ez da perfektua. Ez naiz ur handitan sartu, eta pena ematen dit: zaintzailea klase ikuspegitik edukiarekin betetzeko aukera nuen, topiko batean ez uzteko.

«Emakumeek agindu dute beti gurean», dio protagonistak. Zaintzan ere bai?

Bai, eta istorioa oso feminizatuta dago, nahita. Familiaren ardura eta zaintza nork hartzen dituen aztertu nahi nuen. Nire inguruan gehienak emakumeak dira, eta gauza asko ikasi ditut. 

Protagonistaren generoa ez da ezaguna. Nahita egin duzu hori?

Bai. Horrek ematen du aukera ipuina bi modutara irakurtzeko. Ez dut arreta jartzen pertsonaiaren izaera horretan, saiatu nahi bainuen pertsona hori ez emakume ez gizon egiten. Zer behar daukagu zehazteko? Nik ez daukat argi pertsonaia zer den.

Zaintzaileak gordetzen du amonaren sekretua. Familiak deskubrituko du?

Ez dakit. Amaiera ireki hori gustatzen zait.

Narrazioak errealitatetik edan behar du?

Kasu honetan, gaur bertan gerta zitekeen istorioa, baina badago magia puntu bat. Bizitza errealean ere gertatzen da hori: jendeak arrazoi mistiko bat bilatzen du gertatzen diren gauzak ulertzeko.

Sariak ateak irekiko dizkizula uste duzu?

Esposizio bat da, bai. Harreman konplexua dut sariekin. Badago ezkutuan dagoen sektore bat, sarietatik kanpo idazten duena.

Aipamen berezia lortu duzu poesia sailean. Narrazioan edo poesian, non zabiltza erosoen?

Poesian. Narrazioan bide bat irekitzen baduzu, ezin duzu erdizka utzi, eta poesian hori egitea errazagoa da niretzat.

Prest duzu sari banaketara eramango duzun kamiseta?

Bai. Zezenketarik ez! kamiseta. UPNrekin, utzi egin zioten sari banaketa egiteari, haientzat deserosoa baitzen euskaldun batzuei eskua ematea eta zer kamiseta zeramatzaten ikustea. Ahal badut, alkateari esango diot bere agindupean zenbat zezen hilko diren, eta baita oraindik kalean bizi den jendea badagoela ere. Triunfalismorik ez.

LOTSABAKO

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.