PROPOSAMENAK

Bada Sara bat Ataunen

Jose Migel Barandiaranen bizitza eta hark egindako lana ezagutzeko, bisita gidatuak egingo dituzte Ataunen. Barandiaran museoaz gain, haren bizitoki izandako Sara Etxea ikusiko dute

Barandiaran museoko panel informatibo bat. BERRIA.
ane insausti barandiaran
2023ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
XX. mendeko euskal ikertzaile garrantzitsuenetariko bat izan zen Jose Migel Barandiaran: antropologiaren, arkeologiaren, etnologiaren eta mitologiaren arloetan egindako ekarpenagatik da ezaguna. Ataunen (Gipuzkoa) bizi izan zen; Peruenezar baserrian lehenik, eta Sara Etxean gero. Gaur egun arte iraun du haren itzalak, bai Ataunen, eta baita Euskal Herrian ere.

Ekarpen hori nabarmentzeko eta transmititzeko eraiki zutenAtaungo Barandiaran museoa, 2010. urtean. Museoa eta haren bizitza ezagutzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte Ataungo Udalak, Jose Migel Barandiaran fundazioak eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak, elkarlanean. Etzi eta asteartean egingo dituzte bisitak, eta asmoa da irailetik aurrera ere horretarako aukera ematea.

1889ko abenduaren 31n jaio zen Barandiaran, Peruenezar baserrian. Nekazaritzatik bizi zen haren familia, Ataungo gainerako familia gehienak bezala. Mito eta ohitura zaharrak bizi-bizirik zeuden herrian garai hartan, eta hortik edan zuen Barandiaranek ere; mitoetatik eta kristautasunetik, batik bat.

Hain zuzen, apaiz sartzea erabaki zuen Barandiaranek, hamalau urte eskolan egin ondoren. Gasteizko seminariora joan zen ikastera, eta teologian lizentziatu zen han. 1916an, ordea, etnografia eta antropologia lanetan ere hasi zen: zenbait trikuharri arakatu eta Euskalerriaren alde aldizkarian horien berri eman ondoren, Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren ezagutu zituen. Hogei urte inguru eman zituzten hirurek elkarrekin lanean, miaketak, indusketa eta ikerketak egiten.

Erbesteak banatu zituen hiru ikerlarien bideak, ordea, 1936ko gerraren ondorioz ihes egin behar izan baitzuten. Hamazazpi urte eman zituen erbestean Barandiaranek. Horietatik hamahiru, Saran (Lapurdi). Historiaurrea ikertzen eta etnografia lanetan jarraitu zuen urte horietan, eta 1953ko urrian itzuli zen jaioterrira. Lapurdin bizileku izandako herriaren omenez, Sara Etxea jarri zion izena hil arte bizi izan zen Ataungo Murkondo auzoko etxeari.

Bisitarako plana

Barandiaran museoa izango dute parte hartzaileek bisitetarako abiapuntua: 11:00etan elkartuko dira bertan, eta Barandiaranen biografiaren eta egindako lanen berri jasoko dute, ikus-entzunezko baten bitartez. Ondoren, ordu laurden inguruko ibilaldia egingo dute, gida baten laguntzaz, Sara Etxeraino. Barandiaranen eguneroko objektu eta txoko kutunak zein ziren azalduko dute bertan. Azkenik, museora itzuliko dira parte hartzaileak, bisita bertan amaitzeko.

Bisitak euskaraz izango dira, eta, guztira, bi ordu inguru iraungo dute. 14 urtetik gorakoentzako. izango dira, eta sei euroko prezioa izango dute. Parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena, leku mugatuak dituzte eta: 943-18 03 35 telefonora deitu edo [email protected] helbidera idatzi behar da.

Barandiaran ezagutzekobisita gidatua



Etzi eta abuztuaren 15ean, 11:00etan,Ataunen (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.