Bada nahikoa motibo

Lehen urtemuga ospatuko dute gaur Baionako Zizpa gaztetxean. Zintzur bustitzearekin hasi, eta kontzertuekin amaituko dute eguna

Zizpa gaztetxearen inaugurazioa, lehengo urteko urtarrilean. BERRIA.
Julen Aperribai.
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Urtebete pasatu da Baionako Gazte Asanbladak Zizpa gaztetxea duenetik. Beste hainbat igaro ziren, hala ere, hala izatea lortu zuten arte. Gaur ospatuko dute lehen urtemuga, egun osoko egitarau batekin. Eraikina lortzeko ahaleginean egindako urte kopurua gutxi izatea nahi dute, behin helburua lortutakoan egingo dituztenekin alderatuta. Ospakizun egunerako hautatu duten leloan garbi erakusten da: Iraunen du beste 100 urtez...

Egunaren antolaketan bete-betean murgildurik dela, balorazio «baikorra» egin du Lili Iriartek, Gazte Asanbladako kideak: «Geure buruari helburu batzuk finkatu genizkion, eta emeki-emeki ari gara horiek betetzen. Elkarte askorekin egin dugu harremana, eta gaztetxeak aniztasun handia lortu du; geroz eta gazte gehiago ukitzen ditugu». Elkarteekin eta eragileekin duten hartu-eman horrek ahalbidetzen die, besteak beste, hilabetean, gutxi gorabehera, hiru gaualdi antolatzea. «Haiek arduratzen dira antolakuntza gehienaz, eta guk laguntzen diegu. Horrez gain, hilabetean behin, bederen, guk antolatzen dugu osoki gaualdi bat». Horrez gain, tailerrak ere izaten dituzte. Proiektu zehatzez gain, eraikinari bizia ematen diotenen arteko harremanak «indartzeko» ere balio izan du gaztetxeak, Iriartek dioenez. Duela hamar bat urte sortu zen Gazte Asanblada, eta uste du bazuela horrelako aldaketa baten beharra, baita animoari dagokionez ere: «Zerbait sortu duen sentsazioa eman dio Asanbladari».

Mezu positiboa hedatu nahi izan dute Asanbladako kideek, eta, urtemuga izanik, ospakizuna gailenduko da beste ezeren gainetik. Autokonplazentzian erori gabe, ordea, urte berrirako bide orria finkatzeko lanean ere ari dira. Orain arte elkarteekin eta eragileekin egindako harremana «sendotzea» eta gaztetxean euskararen presentzia areagotzea izango dira zeregin nagusiak, Iriartek azaldu duenez. Gaztetxea «gehiago ezagutarazteko» ere egingo dute lan, Baionako gazteen artean leku garrantzitsua izan dadin. «Finkatutako baloreen inguruan» egitasmo gehiago eginez lortu nahi dute hori.

Urteetako eskariari erantzunez, iazko urtarrilean utzi zuen Baionako Herriko Etxeak gaztetxea Asanbladaren eskura. Behin-behineko neurria da, hala ere, auzoa bera eraisteko asmoa baitu udalak; tartean, gaztetxea. «Gero ikusiko dugu nora goazen», dio Iriartek. Oztoporik, behintzat, ez dio jarri herriko etxeak oraingoz gaztetxeari, eta, alde horretatik, ez dute kexarik gazteek.

Goizetik gauerako festa

Egun bakar bateko festarekin ospatuko dute urtemuga Zizpa gaztetxean, baina hainbat ekitaldi egingo dituzte, goizean hasita. 11:00etan, zintzur bustitzea egingo dute, eta, 13:00etan, berriz, zikiro jana. Arratsaldea txarangak lagunduriko poteo batekin hasiko dute. Kontzertuekin amaituko dute eguna; Diabolo Kiwi, Willis Drummond eta Zezenaren Taldea ariko dira oholtza gainean. Clam y Dia DJak ere izango dira

Eguna iazko inaugurazioa bezain arrakastatsua izatea espero du Iriartek. Azken momentuko larritasunak direla eta, uste du antolakuntza txukuna izan dela, gazte asko inplikatu baita.

Zizpa gaztetxearen I. urtemuga



Gaur, 11:00etan hasita, Baionako Zizpa gaztetxean (Lapurdi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.