Antzezpeneko entsegutik atera berritan Donostiako kafetegi batean hartu gaitu Sara Cozarrek (Ordizia, Gipuzkoa, 1980). Elkarrizketa egiteko lasaitasun bila terrazara ateratzeko proposatu du, bide batez eguneko lehen zigarreta erre ahal izateko.
Munduaren amaieraren matrakarekin agian ezingo da elkarrizketa argitaratu.
Ez da munduaren amaiera e? Aldaketa omen da. Aurrekoan irakurri nuen maiek ez zutela denbora linealean sinesten, ziklo gisa baizik. Artikulu horren arabera, hautatuek aurrera egingo dute, mundu berrian sartzeko hausnartu beharko dute.
Euskaldun bati baino gehiagori santomasetan iritsiko zitzaion hausnarketa...
Nik hori pentsatu dut. Beti esaten dugu ez dakigula zeintzuk diren euskaldunon arbasoak, euskara nondik datorren. Agian, maietatik dator, eta haiek esan zuten «munduak bukatu behar badu santomasetan izan dadila». Agian, euskaldunak maiak gara.
Gabonak opor garaia al dira zuretzat?
Alde batetik, bai, asko gustatzen zaizkidalako. Gabonen alde dauden gutxi horietakoa naiz. Egun politak dira, kuadrillarekin elkartzen naiz, parranda egiten dugu... Normalean, emanaldiak izaten ditut; eta ahotsa zaindu behar. Aurten ere baditut. Beraz, txintxo ibiltzen saiatu beharko dut.
Ikastetxeetan ebaluazio garaia izaten da. DBH ebaluatzeko ordua iritsi al da?
Oraindik emateke daude azken kapituluak, eta hori neurtzen arituko dira: audientzia. Ni ez nago horren alde, produktuaren kalitatea gehiago neurtu behar dela uste dut. Audientziaren menpe gaude, zoritxarrez, oraindik.
Lan gehiago egitea eskatuko al diozu Olentzerori?
Lana eskatzen diot, baina neurrian, gehiegi ere ez dut nahi. Bi gauza nahasten zaizkizunean eromena da. Oso ohikoa da gure munduan, denbora asko lanik gabe ibili eta gero dena pilatzea.
Eskatzekotan, komedia ez den zerbait ere eska diezaiokezu...
Bai, gizona! Beti esaten dut aktore dramatikoa naizela, gusturen mugitzen naizen aldea drama dela. Baina azkenaldian dena komedia tokatu zait. DBH grabatzen oso ondo pasatu dugu, barre terapia izan dela esaten dut. Drama egiten duzunean, sakontasun batean sartzen zara, eta zaila da eramaten.
Bypass aurkeztu zenuten Zinemaldian. Harrera ona eduki al du?
Oso ona. Oso pozik gaude. Nahiz eta harrera txarra eduki, beste horrenbeste esango nizuke, filma osoki oso ondo dagoela iruditzen zaidalako. Horrez gain, oso harrera ona eduki du. Filma askok ikusi dute, eta jendeari gustatu zaio.
Gorka Otxoak orrialde honetan esan zuen politikariek kultura «desagerrarazi» nahi dutela. Iritzi berekoa al zara?
Hori dirudi. Nik ez dut hori pentsatu nahi, baina hala ematen du. Izugarrizko hutsegitea dela iruditzen zait. Kultura oso garrantzitsua da, pertsonaren heziketarako eta burua zabaltzeko. Ulertzen dut dirua ez egotea —tira, batzuk lapurtu dutelako—, eta diru hori banatu behar dela, baina uste dut hutsegite handia dela kulturari horrenbeste dirua kentzea eta BEZa igotzea. Kultura zerbait oinarrizkoa da, eta horretan interesa jarri behar dute.
Gizartea ere, batzuetan, konformistegia ez al da? Kultura kontsumitu ez, eta ondoren haren faltaz kexatu.
Nik ulertzen dut. Hilean 900 euro kobratzen badituzu eta 600-700 euroko alokairua edo hipoteka, normala da horrelakoetatik kentzea. Horregatik, uste dut garrantzitsua delaprezioak jaistea, eskaintzak ateratzea... Jendeak kultura kontsumitzen jarraitzeko.
Durangoko Azokari eta Kultura Bonuari itxaroten egoten dira guztiak.
Hori normala da, Donostiako Zinemaldian bezala. Urte osoan zinema areto bat zapaldu ez, eta Zinemaldian bonua erosi eta egunero lau pelikula ikusten duen jendea dago. Ez dizut esango gaizki iruditzen zaidanik, baina pixka bat inkoherentea iruditzen zait.
Urtebete daramazu Hil arte bizi antzezlanarekin.
Oso ondo doa, izugarrizko harrera ona dauka, eta emanaldi piloa egiten ari gara. Gozamena da!
Zuen arteko kimika nabari da oholtza gainean, bai.
Bai, gizona! Horrenbeste urte elkarrekin... Goenkale-tik ezagutzen dugu elkar! Nabari da daukagun konplizitatea.
Zuk aipatu duzu 'Goenkale'. Posible al da Sara Cozar elkarrizketatzea Mimi aipatu gabe?
Posible bada, noski. Baina nik badakit denbora askoan Mimi izango naizela. Goenkale-ren ondoren lan mordoa egin dut, baina kalean norbaitek gelditzen banau, Mimiren inguruan da.
Akaso, elkarrizketa gainean Sara Cozar jarri beharrean Mimi jartzen badut, jende gehiagok irakurriko du.
Baliteke. Eskertuko nizuke ez jartzea [barrez]. Ez daukat ezer Goenkale-ren aurka; baina, bada garaia Sara izaten hasteko eta Mimi atzean uzteko.
Sara Cozar
«Bada garaia Sara izaten hasteko eta Mimi atzean uzteko»
Telebistan, zineman eta antzerkian egin du lan aurten aktore ordiziarrak; ez da kexu, beraz. Dena den, ez lioke axolako Gabon garaian emanaldi gutxiago edukitzeak, hartara ahotsa galtzeko beldurrik gabe parrandaren bat egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu