Entsegu artean dabil Mikel Laskurain (Bergara, Gipuzkoa, 1965), hurrengo antzerki obra prestatzen ari baita Ane Gabarainekin batera: Koittaduak. Goenkale-n hasi zuen ikus-entzunezkoetako ibilbidea, telesailaren hastapenetan. Zenbait urteren ostean, bi proiekturekin itzuli da ETBra.
Manu alkatearen idazkaria da. Suak itzaltzea dagokio, baina baten bat ere piztuko du, ezta?
Nahita ez ditu pizten, baina zeharka baten bat bai. Amaren kontuarekin eta...
Buruhauste handirik emango al dio alkateari?
Ez, txakur fidela da. Hark esandako guztia betetzen du.
Elena Iruretaren laguntzaile leiala zara fikzioan. Nola moldatu zarete elkarren alboan?
Ondo. Ganberro hutsa da. Pertsonaia hori bere bizitzako pertsonaia da; primeran datorkio. Kamerari zuzenean hitz eginez eta.Gutxik egingo lukete berak baino hobeto. Lagun handia dut, eta ondo konpontzen gara. Elkarrekin lan egiten dugun bigarren aldia da; lehena Patria-n izan zen.
Alkatearen kudeaketak zalantzak eta kritikak sortzen ditu. Pandemian ere ikusi da halakorik, ezta?
Hainbeste iritzi izan dira pandemiaren inguruan. Zenbat gezur. Hau parodia bat da, fikzioa, baina jendeak sinesteko modukoa izan daiteke. Umore beltza izan arren, pixka bat itxaron dute estreinatzeko. Ospitaleak jendez gainezka zeudela, agian ez zen momentua.
Eta orain, prest dago jendea gaiari umorez heltzeko?
Pasatutakoak pasatuta, agian komeni zaigu orain, terapia gisa. Bada garaia bizi izan dugun egoeraz barre pixka bat egiteko .Umore beltza da, eta ulertu egin behar da. Nire pertsonaiaren ama hil egiten da, baina errespetu guztiarekin ari gara. Umorez, ondo kontatuz gero, zilegi da.
Urte luzez aritu izan zara ETBn; etxera itzultzea bezalakoa da?
Bai, aspaldian ETBn lanik egin gabekoa nintzen, eta orain, bi proiektu izan ditut. Kanpoan baino, nahiago dut hemen lan egin: euskaraz eta etxetik gertu. Erosoagoa da niretzat. Jendea ere ezaguna da, eta errazago ulertzen dugu elkar.
Beti Mugan da aurten ETBk helduentzako ekoitzi duen euskarazko telesail bakarra. Iaz, hiru izan ziren. Nahikoak dira?
Egon den lehortearen ondoren, baietz esan beharko dugu; baikorrak izan behar dugu. Ez gara ibiliko beti kritikatzen. Aurrekoan zuzendariak ere esan zuen proiektuak badituztela. Eman diezaiogun bultzada bat, eta ea aurrera ateratzen dituzten.
Plataforma handiak, telebista eta antzerkia. Nola uztartzen dituzu?
Denei baietz esanez eta agenda egokituz. Egun berean eta ordu berean bi lekutan gelditzea da nire amesgaiztoa, kar-kar.HBO-n ibili nintzen Patria grabatzen, eta hori futbolean lehen mailan aritzea bezalakoa da. Sasoi bat jokatu dut lehen mailan, eta, orain, nirera itzuli naiz.
Asko goraipatu dute Patria-n egin zenuen lana. Arlo profesionalean eragin dizu?
Batere ez. Ez zait lanik atera Patria-ri esker. Bi film labur, baina besterik ez. Netflixen telesail bat grabatzen ibili naiz, Intimidad, baina ez du loturarik.
Zein ingurutan aritzen zara erosoen?
Gehien egin dudan horretan, antzerkian. Antzerkian eta euskaraz nahiko aske aritzen naiz. 30 urte dira honetan. Kale antzerki asko egin dut, eta asko erakutsi dit: kalea eskola gogorra da.
Aste honetan, Eusko Jaurlaritzak kultura arloko murrizketak zorroztu ditu. Ondorioak nabarituko dituzue.
Bai. Larri samar dabiltzanek agian %30eko mugarekin ez dute programatuko. Lehen hogei emanaldi antolatzen zituenak orain hamar egiten baditu, konpainia gutxiago eta lan gutxiago guztientzat. Guztiok galduko dugu.
Mikel Laskurain. Aktorea
«Bada garaia bizi izan dugun egoeraz barre egiteko»
Antzerkia eta kalea izan ditu eskola, baina bestelako inguruneetan ere erraz mugitzen da Laskurain. Manuren rolean sartzen da ostegun gauetan, ETB1eko 'Beti mugan' telesail berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu