Multinazional baten babespean eta erdara hutsean eginiko makro-kontzertu bakoitzaren aldean, bada euskarazko emanaldi inprobisatu bat; zezen plazan oihukatutako olé bakoitzeko, Taconeran belarrira esandako hitz goxo bat; edo udalak jarritako isun eta mehatxu bakoitzari desafio egiten dion proposamen alternatibo bat. Ofizialtasun zuriaz jantzitako sanfermin elebakarrek badute koloretako ifrentzu bat Iruñeko festetan.
Euskal giroaren arnasgune nagusietako bat da Taconera parkearen atzealdean, Vistabella inguruan dagoen Oinez Txokoa. Ikastolen elkarteak kudeatzen du eremu hori —zehazki, urte horretan Nafarroa Oinez antolatzen duen ikastolak—, eta, dagoeneko, saihestu ezinezko geltoki bihurtua da sanferminzaleen eguneroko ibilbidean. «Euskaldunentzat hau da erreferentziazko txoko bat», laburbildu du Josu Lopetegi boluntarioak. Aurten, Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak antolatu du Nafarroa Oinez, eta sanferminetako gunearen kudeaketaz ere arduratzen da. «Oinez Txokoa aspalditik jartzen da toki berean, 2000ko hamarkadaren hasieratik, eta jendeak propiotzat dauka jada. Oso egonkortua dago», azaldu du Lopetegik.
Harekin bat dator guneko langile den Josebe Sagastibeltzak: «Askotariko jendea etortzen da: gazteak kontzertuetara, familiak ogitartekoak hartzera edo haurrentzako ikuskizunetara... Oso toki aproposa da atseden hartzeko, Alde Zaharretik gertu egonagatik, festaren zalapartatik aldendua dagoelako. Erosoa da, eta aukera ematen du haize pixka bat hartzeko, zuhaitzen itzalpean».
Kontzertu programazio oparoa ontzen dute Oinez Txokoan, eta horrek jendetza erakartzen du urtero. «Lehenengo egunetan, uztailaren 6, 7 eta 8an, jende ugari ibili zen hemen, eguerdi partean batez ere», gehitu du Sagastibeltzak: «Bermutaren ordua eta su artifizialen aurretiko tartea bereziki mugituak izaten dira, oro har».
Iruñean, euskal giroko beste erreferenteetako bat da Antsoleaga kaleko Zaldiko Maldiko. Aurten jaiegunetako kudeaketa bere gain hartu du elkarteak, eta oraingoz «oso ongi» doala nabarmendu du Kike Diez de Ulzurrunek. Bazkideen eta Zaldikorekin erlazionatutako kultur elkarteen artean txandak banatuta, erabaki zuten lehen hiru egunetan goizez eta gauez «berandura arte» irekitzea, eta igandetik aitzina gaueko hamarrak arte. «Apustua izan da eguerdian azken urteotan sanferminetan sumatzen den joerari lotu eta bermutaldia indartzea: kristalezko edalontziak atera eta frijituak ere bai».
Kontzertuak ere antolatu dituzte. Diez de Ulzurrun harrituta geratu zen, adibidez, Andoni Ollokiegiren emanaldiarekin: «Bi ordu eta erdiz, isildu gabe, mutil hori euskarazko kantu guztiak, direnak eta ez direnak, eman zituen bere bertsioan: zaharrak, ez hain zaharrak, berriak, estilo eta molde guztietakoak kantuaren bukaera hurrengoaren hasierarekin lotuta, etengabe. Ikaragarria». Astelehenean Zaldikon ehun lagunentzako bazkaria egin zuten (potxak eta zezena). Atzo, berriz, euskaraz aritzen diren taldeen bazkaria izan zen Maiatzaren 2ko plazan. Pozik dago, hortaz, Diez de Ulzurrun. Aurten gainera, hilaren 6an zurrakapotea banatu zuten elkartean. «Oraindik ere geratzen da zerbait».
Laba, borborka
Aurten, beste espazio bat batu da sanferminetan euskarazko eskaintzaz gozatzeko guneen zerrendara: Laba elkartea. Gazteluko plazako elkarteak ateak zabaldu zituen 2021ean, baina itxita egon zen iazko festetan. «Aurtengoak dira gure lehen sanferminak», esan du Olaia Eizagirre bazkideak: «Dena izan da berria guretzat: ordutegiak nola jarri, eskariak nola egin, lana nola antolatu...». Hala ere, gaineratu du «oso pozik» daudela eginiko lanarekin eta Gazteluko plazako egoitzara bildutako jendetzarekin. «Giro ederra izan dugu elkartean egunero. Eta, arratsaldez, Iruñerriko DJen saio ikusgarriak dauzkagu; jende andana etortzen da horietara».
Faltan sumatu dute terraza, hala ere: Iruñeko Udalak blokeatu egin zuen terraza jartzeko lizentzia, eta bitartean, aldameneko Windsor tabernak erabiltzen du, legez kanpo. Orain, auzitegiek hiru hilabeteko epea eman diote Nafarroako Gobernuari, legea betearazi eta Windsorrek bere mahaiak kentzera behartu ditzan. «Terraza gurea da, epaileek hala ziurtatua, eta Windsor tabernaren jabea ez dago pozik horrekin, horregatik ari da egoera luzatzen, mehatxuka...», azaldu du Izagirrek. Hala ere, haren esanetan, jokabide horrek ez ditu Labako kideak urduritu: «Argi dugu beti egonen dela norbait euskal kulturaren kontra; oztopo asko jarri nahi dizkigute, liskarrera bultzatu nahi gaituzte, baina ez dute lortuko. Gure bideari eutsiko diogu, beste ezeren gainetik, eta aurtengo sanferminetan terraza jartzeko aukera ukatu badigute ere, hurrengo urtean izanen da».