Aurtengoak berrikuntza batekin datoz. Lehenagoko urteetan ez bezala, ostiral gauetik iganderaino Baionatik kanpokoek sartzea ordaindu beharko dute. Segurtasun neurri zorrotz eta garestiei aurre egiteko, horrela erabaki du herriko etxeak. Hala ere, horrek ez dio ondorio zuzenik eragingo bost eguneko programazioari. Herriko Etxeak musika ekitaldiak indartu nahi izan dituela adierazi zuen besten aurkezpen ekitaldian, eta, gainera, Askatasunaren plaza, aspaldi izaten zen bezala, bestaren zentro bilakatu nahi du berriz. Zizpa Gaztetxeak Patxa plazan egingo ditu besta herrikoi euskaldun eta parekideak. Besten irekiera alternatiboa San Andres plazan izango da, 20:00etan. Irekiera tradizionala, aldiz, bi ordu geroago egingo dute herriko etxeko balkoitik. Giltzak botako dituztenen izenak jakin gabe ere, elkarteak ezagutzen dira. Hain zuzen ere, pasatu den urtetik egiten den moduan, udalak kirol, gizarte eta kultura ekitaldiak antolatzen dituzten hiru elkarte ohoratuko ditu. Heharrean diren pertsonei apairu beroak banatzen dizkien La Table du Soir elkarteak giltza bat botako du. Haren ondoan, aurten 100 urte bete dituen ASB kirol kluba izango da ohorean, eta baita Libreplume irakurketa elkartea ere.
Aurtengo beste berrikuntza nabaria: Herriko Etxeak sexu-erasoen aurkako protokoloa indartu du. Herri mugimenduen eta talde feministen urteetako aldarrikapenak ozen adierazi ondoren, 2018ko edizio honetan Baionako Herriko Etxea eraso sexisten salaketen aurrean parte zibil gisa aurkeztuko da auzitegietan. Azken urteetan salaketak emendatuz joan dira, eta udalak babes judiziala eskaini nahi die erasoak salatzen dituztenei.
Besta ireki, koloretsu eta pluralak nahi ditu gaztetxeak, eta ateak ireki nahi dizkio Patxa plazan jarrera horrekin bestak planteatzen dituztenei. Zizpako gazteek gaur gauean ospakizunak Boujalai eta Irie Jahzz kontzertuekin hasiko dituzte, arratseko 10:00tatik goiti. Ostegunean, aldiz, goizetik herri kirolen inguruan girotu nahi dituzte Baiona ttipiko karrikak. Bestetako kontzerturik esperoena izango dute gauez; hain zuzen ere, Willis Drummondek etxean joko baitu. Elkarteen egunean ostiralez, Alaia Martinek eta Andoni Egan?ak urteroko bertso saioa osatuko dute. Ondoko egunean, herri bazkaria prestatuko dute, gaua Zea Maysekin ixteko. Besten azken eguna presoen aldeko bazkariak markatuko du, eta azken kontzertu gisa, Skabidean talde nafarrak joko du. Beste hainbat animazio eta kontzertu antolatuko ditu gaztetxeak bost egunetan zehar. Besta alternatiboek eraso sexistarik onartzen ez dutela bermatzeko, Aitzina gazte mugimendu abertzaleak protokolo ubela martxan jarriko du.
Programa ofizialak beste urteetan baino kontzertu gehiago izango ditu Askatasunaren plazan herriko etxearen azpian izango den agertokian. Leon erregearen agerpen bakoitza baino lehenago, txarangek eta bestelako orkestrek joko dute aurten, eta dantzak ere ikusi ahalko dira.
Bestalde, lau egun eta bost gauean zehar, karriketatik txaranga, danborrada, txistulariak, gaiteroak eta Nafarroako jotak entzun ahalko dira ostatuz ostatu. Gaur eguerdi aldean, zintzurra bustitzetarakoan otordu bat izatekotan, merkatu estalira hurbildu beharko da munduko biper moleten txapelketaren inguruan.
Kirola, besta baino lehen
Usaian bezala, besten lehen egun hau kirol ekitaldiz betea egoten da. Bost jai egun intentsiboei gogor lotzeko, Baionarrek hainbat lasterkalditan korrika egin ohi dute. Goizean, Bestagileen Lasterkaldia Miarritzetik hasi eta Aturriko Lesseps kaia bazterrean bukatuko da. Horrenbeste lasterkaldi eta ibilaldi badira goizean zehar, edonori bideratuak direnak, hots, haur, kirolari egokitu eta heldu kategorietan banatuak.
Bestalde, 2018ko edizio honetan, ostegunetik goiti, pilotan ikasteko aukera izango dute haurrek Jean Marie Mailharro pilotalekuan. Trinketa Modernoa deituriko pilotalekuan, haurrek pilotari emango diote, baina profesionalek ere bai. Hain zuzen ere, Baionako besten Masterrak maila ezin hobea emango du aurtengoan. Esku hutsean lehiatuko direnen artean, joan den urteko Waltary Guichandut bikote irabazlea itzuliko da tituluaren bila borrokan; aldiz, eta lehen aldiz, Asegarce enpresak presentzia izango du. Aimar Olaizolak jokatuko du, lehen aldiz trinketeko lehiaketa batean. Peio Larralde hazpandarra arituko da bikotekide; Frantziako txapelketa irabazi du eskuz eskuko bakarkakoan. Masterrak sare eta pilota malgu lehiaketak biltzen ditu
Bestalde, Aturri Bestan13:00etan hasiko da. Hawaiiko piragua txapelketan, elkarte eta pen?a ezberdinak lehiatuko dira. Txapelketa irabaziko duen nabigatzaile taldeari saria emango diote arrastian, Baionako Aviron nautiko egoitzan. Piragua lasterketaren etekinak Handi Surf elkarteari emango dizkiete; Baionako surf kirol egokitua bultzatzen du.
Elkarteak bestan
Zizpa gaztetxea ez da bakarra Patxa plazan besta alternatiboak, parekideak eta herrikoiak antolatzen dituena. Haren bestalagun, beste hainbat elkartek, tabernak eta pen?ek besta euskaldunak, herrikoiak eta aldarrikatzaileak antolatzen dituzte. Patxoki ostatu elkartea, Patxondo pen?a eta Mami Txula tabernek Zizparekin osatzen dute Patxa kolektiboa. Besta alternatiboak antolatzeko herri mugimenduan saretuak diren eragile hauek, programazio alternatiboaz gain, lan politikoa egiteko helburua ere badute. Urtez urte, Baionara etortzen diren bestazaleei gazte proiektu baten inguruan oinarrituak diren besta euskaldunak, koloretsuak, parekideak eta irekiak proposatzen dizkiete.
Patxa plazan, lau egun eta bost gauz, kontzertu programazio aberatsa proposatuko zaie bestazaleei. Gustu guztiak asetzeko nahian, metala, ska, kunbia, elektroa, euskal musika eta munduko bost aldeetako musika erritmoak izango dituzte dantzagai. Plazako txosnaz gain, jatekoa ere egiten dute. Patxokin, adibidez, orain famatua bilakatu da eguerdiro egiten den xingar platera euskal kantuekin girotuta, gainera beganoentzat ere plater alternatiboa proposatua zaie.
Patxokitik pixka bat urrunduz, Roland Barthes zelaigunean urtero Euskal Herriko Laborarien Batasunaren (ELB) xokoan, Euskal Herrian bertan ekoitzitako produktuak dira bestaren aktore. Hala dela eta, laborariek ostatu erraldoia proposatuko dute aurten ere, bertako haragi, barazki, gasna eta bestelako produktuekin prestatutako platerak ematen. Horren pusatzeko, euskal arno, sagarno eta garagardoak dastatzen ahalko dira.
Segurtasuna pagatu behar
2018 edizio hauek beste modu baterakoak izango direla ziur da, forma aldetik behintzat. Bestak hasi aitzin, baionar, merkatari, ostalari eta urteroko bestazaleen ahotan denek zuten ahotan Jean Rene Etxegarai auzapezak iragarritako berritasuna. Batzuk alde, besteak, aldiz, kexu. Lehen aldikoz, herriko etxeak sarrera ordainduak jarriko ditu martxan, ostiraleko 10:00etatik igandeko 02:00ak arte. Perimetro itxi batean egingo dira, beraz, bestak, Baiona handia eta Baiona ttipia hesien artean itxia izango delako. Herritarrak eta 16 urtetik pekoak izan ezik, beste guztiek 8 euroko sarrera ordaindu beharko dute, eskumuturreko baten truke.
Berritasuna dator munduan dagoen arrisku testuinguruarekin batera, Etxegarai auzapezak dioenez. 2016an, Nizako atentatuak eta gero, Baionako bestak irekiera ekitaldirik gabe egin ziren. Hortik, segurtasun baliabideak hortik indartu egin dira, polizia eta armadako agente gehiago mobilizatu behar izan direlako azken urte hauetan. Herriko Etxeak komunikatutako zifren arabera, 2011tik, Frantziako Estatuak urtean 400.000 euro gehiago jartzea eskatu zion udalari, besten segurtasuna bermatzeko.
Segurtasun neurriak zorroztu direla eta, aurten oraindik 140.000 euro gehiago jartzea inposatu dio gobernuak Baionari. Hori jakinda, herriko etxeak baionarrei ordainarazi ordez, sarrera ordaindua jartzea erabaki zuen.
Igandean Etxegarai auzapezak adierazi zuenaren arabera, Parisek beste 150.000 euro ordainarazi nahi dizkio. Ikustekoa da oraindik aplikatuko ote duten edo ez.
Baionako bestak
Babesa, irekiera baino lehen
Baiona zuriz eta gorriz jantziko da gaur; azken prestakuntzak amaitzear dira arratsean besteei irekiera eman ahal izateko. Merkatari, ostalari, elkarte eta herriko langileek gogor lan egin dute azken egun hauetan, bestazaleei harrera egiteko. Lau egunetan eta bost gautan, Baionako karrikak bete eginen dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu