Sanferminak Iruñean

Babelen erdian, euskaraz

Karrikiri elkartearen dendan, Zaldiko Maldikon eta Oinez gunean oraingoz «iaz baino salmenta hobeak» izan dituzteFestaren erdian euskal giroa bultzatzen duten guneak topa ditzake bisitariak

Aurreko urteetan baino jende gehiago bildu zen atzo Oinez guneko bertso saiora. Irudian, Aimar Karrika eta Sebastian Lizaso, eta haiei begira, entzuleak. IDOIA ZABALETA /ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Iruñea sanferminetan Babel moduko bat da: hamaika hizkuntza entzun daitezke kaleetan. Euskarak ere badu bere tokia. Hizkuntzaren erabilera herritar bakoitzaren hautua bada ere, badira festaren erdigunean euskal giroa sustatzen duten tokiak. Horietariko hiruretara jo dugu: Nafarroa Oinez-en gunea, Takonerako basotxoan; Karrikiri euskara elkartearen denda, Estafetaren erdialdetik behera doan Xabierko karrikan; eta Zaldiko Maldiko elkartearen taberna, Ansoleaga kalean. Hurrengo egunetan Iruñera datozen bisitariek badute nora jo.

13:30ean, ordu erdi atzeratuta, bertso saioa hastera doa. Onintza Enbeita bertsolariak atzerapena izan du, eta agurrean berehala egin dio horri aipamena. Duen onena emateko prest agertu da. Bertsokide ditu Aimar Karrika, Julio Soto eta Sebastian Lizaso. Gaietako askok sanferminekin duten zerikusia: entzierroa prestatzen urtebete pasa baina azkenik karrera Estafetako balkoi batetik begiratzen duen bikotearen jarduna, argindarra joan eta noria erraldoian zintzilik geratu den bikotearen arteko mintzaldia, azken orduan udalak egitaraua debekatu osteko Gora Iruñea!-ko bi kideren arteko solasaldia... Aurreko urteetan baino jende gehiago bildu da bertso saioa entzutera Oinez gunean.

Maider Iriarte Oinez guneko koordinatzaileetako batek adierazi duenez, pozik daude lehen egunekin. Hilaren 6an pantaila erraldoi bat jarri zuten, eta jende ugari bildu zen txupinazoa ikustera. Egun osoan 3.800 bokata saldu zituzten. Larunbatean ere «jo eta ke» aritu ziren lanean. Hiru txandatan antolatzen dira, baina bereziki bi une dira jendetsuak: eguerdian eta arratsaldeko zortzietatik aurrera. Eguerdian familia giroa izaten da batik bat, eta gauean gazte giroa. Gauerdi aldera kontzertuak izaten dira. Adibidez, larunbatean Oreka TX izan zen, astelehenean Joseba Tapia, eta etzi Anarik joko du.

Astelehenetik erritmoa jaitsi bada ere, Iriartek espero du bihartik aurrera jende gehiago etortzea. «Toki aproposa da, eta euskaldun giroa da».

Juan Luis Etxaburu Ondarru Karrikiri elkarteko kidearen arabera, Xabierko karrikako denda ondo ari da lanean, «iaz baino gehixeago» saltzen ari baitira. Sanfermin aurreko egunetan batez ere iruindarrak etortzen dira elastikoak eta zapi gorriak erostera. Sanferminetan, berriz, ahoz ahokoari esker denda ezagutzen duten kataluniarrak eta beste lurraldetako euskaldunak etortzen dira dendara. Elastikoez eta sanferminetako zapi eta oroigarriez gain, euskal musika bilduma eta hainbat hizkuntzatan argitaratua izan den Orhipean liburua ere saltzen dute. Atzerritar batzuk ere sartu ohi dira dendan.

Dendan saltzaileak egoten dira, eta elkarteko kideek azpiegitura lanetan laguntzen diete. Gainontzean, Ondarruk azaldu duenez, Karrikiriko kideek atseden hartzeko eta gozatzeko baliatzen dute. Salbuespen batekin: bihar Arrantzale Eguna ospatuko dute Zaldiko Maldiko elkartean.

Zaldikon ere pozik

Jokin Lasa Arturo Kanpion euskaltegiko irakaslea ere «pozik» dago, Zaldiko Maldikoren tabernan iaz baina hobeto lanean ari direlako: «Sanfermin hauetan bi asteburu ditugu, eta jende asko etorri zaigu orain arte». Bi txandatan antolatzen dira, eguerdian eta gauean, eta zeregin horretan aritzen dira irakasleak, ikasleak eta lagunak. «Oraindik goiz da balorazioa egiteko, baina ondo doa». Jakina, dirua biltzea garrantzizkoa da, baina Lasak azpimarratu du ez dela helburu bakarra inondik ere. «Guretzat garrantzitsua da euskarazko toki bat izatea». Datozen egunetan Euskal Herriko beste lurraldetatik jende gehiago etortzea espero dute.

Hiru adibide baino ez dira. Dena den, euskal giroa alde zaharreko beste bazterretan ere ikusi eta entzun daiteke. Adibidez, Estafetan txistulari talde batekin elkartu da kazetaria. «Uztailaren 10ean, 10:00etan atera ohi gara beti», azaldu du Josu Sarasatek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.